Elikadura. Hazkurri kontuak

Kontsumismo eroaren prebentzioan (edo)

2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Alferrik da. Denek, zientzia, arte eta teknika guztietako adituek, eremu eta esparru denetako aginteek, lagun eta adiskideek, maisu-maistrek, kirolariek, gladiadoreek, hetairek, kastu eta pederastek… guztiek aholku berbera errepikatzen digute urterik urte: «Ez erosi, ez kontsumitu behar baino askoz gehiago, polit horrek». Gehiegi erosi nahi ez, garestiegi erosi gura ez, baina… Eguberrietan zer edo zer erakutsi beharko dugu, ezta?

Konforme. Orduan, erosi eta kontsumitu baina oraintxe bertan hasita. Bestela, prezioek gora egingo dute (merkatariek prezioak altxatuko dituzte, alegia), izugarri. Egun badago izozkailua etxe gehienetan, badago armairu edo txoko bat gauzak hilabetetxo batez edukitzeko. Hartu orain, sartu bere tokian eta ez erosi deus ere egun sakratu horietan (sakratu, erlijio monoteistek darabilten adieran: debekatua, ezin ukituzkoa).

Asteburuan, astirik baldin baduzu, hartu paper muturra eta lapitza, eta hasi jan-edan batzuen prezioak apuntatzen. Gorde. Hemendik hilabetera, eskuratu orritxo hori eta konparatu prezioak. Hilabetean nolako aldaketa nozitu duten. Horrek, akaso, datorren urterako balio izan dezake.

Produktu horietako batzuk aipatuko ditugu hemen:

Arrainak: angula, erreboilo itsastarra, mihi-arraina, zapoa, legatza (kokotxak, kokotea…), bakailaoa, meroa, lupia, krabarroka, bisigua, barbarin arrokakoa, txitxarro marikoi arrokakoa, izokin itsastarra, gaizkata edo esturioia.

Itsaskiak: ostra, almeja, otarraina, misera, otarrainska itsastar freskoa, zigala, ganba, izkiratzarra, nekora, lanperna.

Zefalopodoak: txipiroi handia, olagarroa.

Haragia: antxumea, arkumea, txerrikumea, ehizakia oro har (iledun eta lumaduna), baserriko oilasko eta kapoia, ahatea, antzara (eta hauen gibelaz eginiko produktuak: foie-gras, pate, parfait, royal, mousse…), behiaren azpizuna, txuleta…

Sasoiko barazkiak: orburuak, kardua, anana, mahatsa (?).

Onddo eta perretxikoak: denak, boilur edo trufatik txanpinoiraino.

Bestelakoak: barraskiloak, igelak…

Eguberrietan gastatzen (edo inbertitzen) dugun dirua eta otsailean gastatzen duguna ekartzeko ahalegin eta nekeak antzekoak izan ditugu. Hori da gure buruari irakatsi nahi dioguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.