Kontuarra, alde batetik besterat

Baionako besten garaian, taberna inguruan bi jende multzo badira: batetik, bestazaleak eta, bestetik, zerbitzariak. Batzuk kontuarraren alde batean eta besteak bestean, bakoitzak besta bizitzeko bere era du.

Baiona Ttipiko Les Pyrenees ostatua, gaur arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona Ttipiko Les Pyrenees ostatua, gaur arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Baiona
2025eko uztailaren 11
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraindik ez da eguerdi, eta Baiona Ttipia alimaleko inurritegi zuri-gorria bilakatzen hasia da; kaleak geroz eta estuagoak dira. Asteazken goizetik, Baiona erabat aldatua da, mozorrotua: hesiak denetan, oholtzak xokoetan, denden eta bulegoen aitzinaldeak zurezko ateekin babesturik... Gainera, urte osoan ostatuetako terrazetan izaten diren mahaiak kendu, eta terrazak ostatu erraldoi bilakatuak dituzte, bezeroak zutik izateko moduan.

Ostatuen inguruan, bi pertsona multzo badira: bestazaleak, batetik, eta lanean ari direnak, bestetik. Jarreretan ez da beti argi nor den nor; tarteka, zerbitzariek bestazaleen itxura hartzen dute. Baina bada biak argiki desberdintzen dituen gauza bat: kontuarra.

Baionako besten denboran, tabernak anitz ugaritzen dira hirian. Les Pyrenees ostatua urte osoan irekiak diren horietako bat da, Baiona Ttipiko mitikoenetakoa. Baionako bestak urteko ekitaldi nagusia dira tabernarientzat, bost egun eta bost gaueko lana, eta horrek prestaketa berezia galdegiten du. Egutegiaren berrantolatzea, taldeak osatzea, ostatua moldatzea…

«Baionako besten garaia estresagarria da. Bereziki aitzinetik egin behar diren gauza guztiengatik», erran du Sandrine Dulongek, Les Pyrenees ostatuko jabe eta zerbitzariak, bi baso garagardo betetzen ari dela. Kontatu duenez, «alimaleko» lana bada bestak antolatzeko, bai martxandizari dagokionez, baina baita Herriko Etxeak galdegiten dituen paper eta dokumentu guztiengatik ere: langileen deklarazioak, plangintzak, kontratuak, baimenak…

Berrantolaketa

Ostatuaren jabea jaiei ohitua bada ere, oraindik ere kostatzen zaio ongi pasatzea. «Biziki zaila zait giroan sartzea. Hastapena eta lehen egunak bereziki gogorrak zaizkit. Aski berezia da beti». Gehitu du badela alde on bat ere: Les Pyrenees-en, ezagutzen dituen bezeroak dira gehienbat biltzen, urte guzian heldu direnak, eta baita barnealdean bizi diren ezagunak ere, urtean behin ikusten dituenak. «Halere, elkartzeko momentu berezia da, urtean behin gertatzen dena».

Badu hemezortzi urte Dulongek Baionako bestak kontuarraren alde horretan ospatzen dituela. Besta denboran, zerbitzari taldea bost aldiz handiagoa izaten da. «Alde horretatik ez dugu zailtasunik. Badu hamazazpi urte kasik ber taldearekin lan egiten dugula. Goxo da. Usatuak dira, ez dugu haien atzetik ibili behar. Lagunarteko lana da». Egunean hiru lantalde badira: goizeko txandan hiru dira, 11:00etan beste hirukote bat gehitzen zaie, eta azken taldea 16:00etan jiten da, bukaera arte.

Goizeko txandan ari da Eric ezpeletarra —ez du abizenik erran nahi izan—. Goizean goiz heldu da Baionarat bost egun horietan, goizean taberna prestatzeko: ostatua instalatu, materiala bildu, martxandizak jaso... Egunez baizik ez du zerbitzatzen; behin txanda bukatu ondotik, Baionatik «ihes» egiten du. «Maite dut eguna hemen pasatzea. Giro ona bada, eta aspaldiko lagunak berriz ikusten ditut. Ostatuan laguntzeak plazer egiten dit. Baina, nire zerbitzua bukatu, eta alde egiten dut; gaueko giroa ez dut anitz maite», erran du zerbitzariak.

Musikaren neurria, bigarren aldiz

Goizetik karrikaldia egiten ari diren gaiteroen taldea taberna aitzinean jotzen hasi da. «Zer da jotzen ari diren tronpeta hori?», bota du Maxime Dunoye bestalariak. Tolosatik (Okzitania) jina da, bigarren aldiz, Baionako bestetarat. Aurten lagun talde handiagoarekin etorri da, iaz berak bizi izan zuen esperientzia haiek ere bizi dezaten. Ez zekien Baionako Herriko Etxeak zuzeneko musikaren inguruko neurria ezarria zuenik, baina ongi iruditzen zaio. Hain zuzen, 2032 kolektiboak bultzaturik, iaz neurri jakin bat plantan eman zuten lehen aldiz: egun oso batez bozgorailuetako ateratzen den musika itzaltzea, zuzeneko musikari lekua uzteko.

«Egia da manera ona dela egiazko musikaz gozatzeko. Usaian beti ber kantuak pasatzen dira, eta ez da beti goxo. Horrez gain, ni bezalako kanpoko jendearentzat parada bat da gauza berriak entzuteko eta ezagutzeko; gaur, adibidez, gaita zer den ikasi dut. Ez nuen ezagutzen. Bozgorailuetako musika izan balitz, sekula ez nuen ezagutuko».

Ondoan du Samia Ponsek laguna, eta hark gehitu da «atsegina» dela, zuzeneko musika izanik batzuetan badirela musikarik gabeko tarteak ere, tarte «lasaiak», lagunartean hitz egin ahal izateko. «On egiten du. Pausatzen ahal gara, eta ez dugu gehiago elkar ulertzeko zailtasunik. Musikaren heina ere lasaiagoa da: bozgorailuetatik ateratzen den musika biziki finki entzuten da». Biak itzuli dira, ostatutik basoak hartu, eta kanpora atera dira txaranga hurbilagotik entzuteko.

Eric zerbitzariak ere ongi ikusten du bigarren aldiz neurria ezarri izana. «Ez dut maite bozgorailuetan ezartzen duten musika. Denek ber musika inposatzen dute, eta gehienetan, kantu frantsesak edo atzerrikoak izaten dira. Ez du zentzurik». Zuzeneko musikaren eguna badelarik, zerbitzariak maite du jendea kantatzen entzutea. «Atzo, adibidez, plazer egin dit neska talde bat ordu batez kantuka entzuteak. Bazuen aspaldi ez genuela hori entzun. Lehen horrela zen. Domaia da».

Dulongek ere maite du aldaketa, nahiz eta uste duen oraindik ez dela arras antolatua. «Ongi da, baina, batzuetan, hamabost minutuko tartean hiru banda pasatzen dira, eta ondotik, hiru orduz ez da deus izaten. Batzuetan pisu da, eta jendea elkarri so egoten da erranez giroa lasaiegia dela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.