Edurne Epelde. Bilgune Feministako

«Kontzientzia feminista eremuz eremu hedatu da»

Erakusketa eratzeaz gain, Bilgune Feministak 'Gure genealogia feministak' liburuan bildu du Euskal Herriko feminismoaren historia. Mugimendu «oso bizia» izan du.

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Agertu eta desagertu» ibili dira talde feministak, «baina mugimendua beti egon da oso bizirik», Edurne Epelde (Zarautz, 1981) Bilgune Feministako kidearen arabera.

Zer bilakaera izan du mugimendu feministak 40 urteotan?

Oro har, mugimendu oso-oso bizia izan da, hainbat aldarrikapenez betea. Testuinguru soziopolitiko desberdinetan agertu eta desagertu den mugimendu oso bizia eta oso polemikoa izan da, eta agertu den bakoitzean polemikak sortu ditu gizartean. Auzi ideologiko garrantzitsuei erantzun izan die.

Desagertu diozu, ahulduta zegoelako, itzalpera igaro zelako...?

Agertu eta desagertzen direnak, gehienbat, herrietako taldeak dira. Hiriburuetan, baita zenbait herritan ere, badira sortu zirenez geroztik mantendu diren taldeak.

Bada garairen bat mugimendu feminista ahulago egon dena?

1990eko hamarkadaren hasieran beherakada izan zela sumatu dugu, batez ere talde eta asanbladak jendez hustu zirelako; jada ez ziren hain egitura indartsu eta jendetsuak. Aldiz, beste adarkatze batzuk izango zituen feminismoak. Instituzionalizazioa gertatu zen, Emakunde sortu zen, ordura arte talde eta asanbladetan aritutakoak sindikatuetako emakumeen alorretan parte hartzen hasi ziren, alderdi politikoetan, alor akademikora joan ziren...

Aldatu dira borrokak?

Mugimenduak lan edo borroka-ildo batzuk izan ditu sorreratik,eta gaur egun mantentzen dira. Lan moldeak ere, hein batean, aldatu dira. Baina, batez ere, hedapena aldatu da; ez hainbeste egituretan edo antolakuntzan, baina bai kontzientziatan. Kontzientzia feminista eremuz eremu hedatu da.

Zein da gaur egun mugimendu feministaren osasuna?

Kontzientzia hori antolatzen jarraitu beharra dago. Garrantzitsua iruditzen zaigu sareak eta aliantzak osatzea. Buruan daukagu V. Jardunaldi Feministak egitea: ikuspegi feminista dugun emakume guztiok elkartzeko topaguneak sortu behar ditugu, eta, eremuz eremu, ehundu.

Zeintzuk dira gabeziak?

Gabeziak baino gehiago, zailtasunak ikusten ditut. Militatzea gaur egun ez da erraza, batez ere eremu pribatu eta publikoaren arteko dikotomia horren ondorioz. Baina nahiago dut aukerak eta bertuteak ikusi, zailtasunak baino.

Txertatzen da feminismoa bestelako borroketan?

Asko dago egiteko, baina azken hamarkadetan lan handia egin da. Talde feministak apalagoak izan arren, feminismoa hedatzen ari da. Mordoa dira, eta guk batzuk izendatu ditugu: Bertsozale Elkartea, mugarik gabeko kooperazio lanetan ari diren taldeak, Ernai gazte erakundea eta Urtxintxa aisialdi eskolak, esaterako. Hedabideetan ere izugarrizko pausoak ari dira ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.