Ontziaren inguruan antolatuko dituzte bisitak, irteerak eta tailerrak. Bizkaian egingo ditu lehen geldialdiak: Bilbotik Portugaletera joango da, eta han egongo da uztailaren 7tik 10era. Handik Bermeora, uztailaren 10etik 13ra. Ondarroara gero, uztailaren 13tik 16ra, eta handik, Gipuzkoara: Pasaian izango da uztailaren 16tik 19ra; Getarian uztailaren 19tik 22ra; Mutrikun uztailaren 22tik 25era; eta Hondarribian uztailaren 25etik 28ra. Uztaila da plastikoek eragindako kutsaduraren nazioarteko hilabetea (Plastic Free July), eta doako hainbat jarduera izango dira Mater ontziak bisitatuko dituen portu guztietan.
«Inplikazioa» lortzea dute helburu antolatzaileek: «Tokiko eragileak inplikatu nahi ditugu, sinergiak sortzeko eta arazoaren globaltasunera eta konponbideetara jotzeko. Udalak, komunikabideak, ikastetxeak, kultur elkarteak, gizarte erakundeak eta auzo taldeak dira parte hartzen duten eragileak».
Komunitatea sortu eta komunitatean lan egin nahi dute, eta horrela sortu zituzten iaz aurtengo kanpainan indarra hartuko duten bi pertsonaia: Bio eta Zabor itsas erraldoiak. «Zabor itsasoko zaborren munstroa da, itsasotik bildutako hondakin plastikoekin egina, gizarte gisa ditugun kontsumo ohitura suntsitzaileen ondorioa. Eta Bio biodibertsitatearen dama da, algaz eta koralezehundutako hainbat espeziez osatua, bizia zaintzeak duen garrantziaren erakusgarri», azaldu dute antolatzaileek.
Bi erraldoi horiekin, Itsas Erraldoien Martxa egingo dute geldialdi bakoitzean. Hala, herritar eta erakundeekin batera, desfileak eta antzerkia egingo dituzte kalean. «Zientzia, gizartea eta kontsumoa ardatz hartuta, itsasoko zaborren inguruko eztabaida irekia sustatzea da asmoa».
Bisitak antolatzen dituzte ontzia ikusteko, eta badute itsas zaindarien gune bat ere, hondakinek zer eragin duten ulertarazteko. Zinema proiekzioak ere egiten dituzte ontzian, hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, eta itsasoko plastikoak berrerabiltzeko tailerrak. Jarduerak dohainik dira, baina aurretik izena eman behar da horietako batzuetarako, hemen: zerozaboruretan.eus.