Erdi Aroko instrumentuen erakusleiho da Emilio Ariasek Altsasunduen lantegia, Nafarroan. Musika tresnak han eta hemen, egurra lantzeko gubiak paretan errenkadan zintzilik, musika tresnak egiteko egur zatiak, itsasgarria eta berniza, miniaturan egindako instrumentuak... Egiten duen lanaren leku bizia da. Baina musika tresnak egin ez ezik, jo ere egiten ditu, eta kopla kantari ere ibiltzen da. Erdi Aroko erromantzeak eta kantigak abesten ditu arrabitaren, zanfonaren, gaitaren edo albokaren laguntzarekin.
Leonen jaio zen Emilio Arias (Espainia), baina Altsasun bizi da orain dela hamabost urte. Betidanik maite izan du musika. Gitarra jotzen eta kantatzen hasi zen gaztetan, eta musikarako zaletasunak eta maitasunak eraman zuen musika tradizionalera. Atzera begiratze horretan, «zoragarria» iruditu zitzaion mundu berri bat ezagutu zuen: Erdi Aroko musika. Doinu horiekin liluraturik, garai hartako koplak abesten eta instrumentuak aztertzen, egiten eta jotzen hasi zen.
«Instrumentu tradizionalekiko interesak garai batean nola jotzen ziren aztertzera eraman ninduen», azaldu du Ariasek. Erdi Aroko bere lehen musika tresna Galizian erosi zuen: zanfona bat. Harrezkero, hamarkada bat baino gehiago igaro da Ariasen bizitzan, eta denbora horretan, garai hartako instrumentuak jo ez ezik, egiten ere ikasi du. «Kantatzeko orduan lagunduko nauten instrumentuak ezagutzen eta egiten hasi nintzen». Kantatzea du gustuko Ariasek, eta instrumentuekin laguntzen ditu bere kantak: Erdi Aroko erromantzeak eta kantigak abesten ditu.
Bere kabuz ikasia
Zanfonaren ondotik, arrabita aurkitu zuen, baina kasu hartan ez zuen bat erosi. Han eta hemen arakatu eta instrumentuaren zenbait plano lortu ondoren, arrabita bat egitera ausartu zen. Ariasek ez du inongo eskolatan ikasi, eta egin dituen musika tresnak bere kabuz ikertuz eta galdetuz egin ditu. «Erostekotan egon nintzen, baina azkenean egiteari ekin nion», dio pozik. «Erdi Aroan instrumentu garrantzitsua izan zen arrabita, baina biolina agertzean gortean bazter utzi zuten. Duela gutxi arte erret abelbideetan ibiltzen ziren artzainek jotzen zuten. Kopla kantuan aritzen zirenean, laguntzaile gisa erabiltzen zuten». Euskal Herrian, Eunateko Santa Maria elizan (Nafarroa) bi arrabita jotzaile ageri dira sarrerako kapitelean, baina haren soinua jada ez da entzuten inguruotan. Asturias, Leon eta Kantabriako lurraldeetan bakarrik jotzen da, Espainian.
Arrabitaren ondotik, musika tresna gehiago egiten eta aztertzen hasi zen Arias: zanfonak, gaitak, albogeak, fidulak eta psalterioak, batik bat. Organistrum bat egiten ari da orain, IX. mendeko instrumentua; Santiagoko katedraleko (Galizia) Aintzaren atarian ageri da zizelkatua. «Bi lagun behar ziren jotzeko, batek biradera mugitzen zuen, eta besteak erregistroak pultsatzen zituen. Monasterioetan erabiltzen zen, meza kantuetarako».
Eguneroko ogia Arbizuko Laneko enpresan lan eginez lortzen du, baina orduak eta orduak ematen ditu bere lantegian. Artisau lana izanik, bi edo hiru aste behar izaten ditu instrumentu bat egiteko. Izan ere, Erdi Arotik hona musika tresna horiek lantzeko modua ez dela asko aldatu nabarmendu du.
Egur egokiak aukeratzen ere izaten du lana. Musika tresnen erresonantzia kutxak koniferoekin egiten ditu: izeia, altzifrea edo zedroa erabiltzen ditu eginkizun horretan. «Egur mota horrek gutxi pisatzen du, eta dardara erraz egiten du zainak oso elkartuak dituelako», azaldu du Ariasek. Instrumentuaren atzealdeak eta uztaiak berriz, egur gogorrekin egiten ditu.«Zenbat eta gogorragoa, hobe, kutxa gehiago ematen diolako instrumentuari». Astigarra eta izeia erabiltzen ditu hori lortzeko. Lutheria biltegietan aurkitzen dituen egur tropikalen bat ere erabiltzen du; makila gorria, kasu. Larak egiteko, ebanoa edo ezpela erabiltzen du. Hariak, berriz, tripakietatik ateratakoak dira gehienbat. «Berniz eta kola naturalak erabiltzen ditut, eta tripakiak eta zaldi zurdak hariak egiteko. Erdi Aroan egiten zen antzera lan egiten dut orain».
Lantegian 50 instrumentu inguru ditu, eta enkargu gutxi batzuk ere egiten ditu. Duen trebetasunaren erakusgarri da tamaina txikian egin duen musika tresnen bilduma. Miniaturan egindako Erdi Aroko musika tresnak ikusgai ditu bere lantokiko beira-arasa batean. Arias, ahotsarekin ez ezik, eskuekin ere artisau dela frogatzen dute haren lanek.Lan horiek erakusteko aukera izan du, gainera. Donamariako Jauregia dorretxean, Erriberrin(Nafarroa) eta Araian (Araba) izan ditu ikusgai.
Emanaldi didaktikoak
Eskuekin eta pazientzia handiarekin landutako musika tresnak jotzeko aukera ere izaten du Ariasek. Aukera ematen diotenean emanaldi didaktikoak eskaintzen ditu. Erdi Aroko koplak zanfona, gaita edo arrabelaren doinuekin laguntzen ditu.«Instrumentuak jotzeaz gain, zer diren, noizkoak eta nolakoak diren azaltzen dut. Kontzertuetan bizitza hartzen dute nire lanek». Iazko abuztuan eman zuen azken kontzertua, Erriberriko gazteluan; aurki Azkoienen jotzekoa da.
Bere lanaren emaitza da duela urte batzuk kaleratu zuen diskoa ere: Canto de Ultreya (Ultreya kantua). Lan horretan Donejakue bidea oinarri duten kantak bildu zituen, eta erromantzeak, kantigak eta itsuen koplak entzun daitezke. Garesko Andre Mariaren Zeruratzea elizan zuzenean grabatutakoa da.
Egitasmoak ez zaizkio falta Ariasi, eta Elfhental antzinako musika egiten duen taldearekinere baditu proiektuak. Elfhental Maite Itoiz soprano iruindarrak eta Jon Kelly kantari eta musikari irlandarrak osatzen dute. Aurtengo udan kontzerturen bat eman nahi dute elkarrekin Nafarroan, baina oraindik nahiago du deus ere ez aurreratu, nondik norakoak oraindik zehaztu gabe dituztelako.
Orduak eta orduak ematen ditu bere lantokian, baina orain musika bilketan murgildu da. Errege-Erregina Katolikoen garaian Iberiar penintsulan oso ezaguna zen poeta eta musikagile Juan del Encinaren abestiak biltzen ari da, eta bilduma bukatuta, zanfonaren eta arrabelaren laguntzaz jendaurrean jo nahi ditu. Ideiak eta ilusioa soberan ditu Ariasek, baina erakundeek Erdi Aroko musikaren inguruan duten interes eskasaz kexu da. «Erdi Aroko musikak ez du onespenik. Ez dago tradiziorik. Hemen bitxikeria baten parekoa da. Musika eta instrumentu horiek berreskuratzeko, gehiago egin beharko litzateke, baina horretan pentsatzea amets egitea da», azaldu du koplari eta instrumentu egileak.
Ezarian. Erdi Aroko musika tresnak
Koplari eta instrumentu egile
Erdi Aroko musika tresnak egiten ditu Emilio Ariasek. Egin bakarrik ez, garai hartako musika jotzen eta abesten du luthierrak. Erromantzeak eta kantigak kantatzen ditu arrabitaren edo zanfonaren laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu