Korrika, berdintasunaren alde

Lilatoia, emakumez bakarrik osatutako lasterketa berezia, egingo dute bihar Donostian

Lilatoia lasterketan emakumeak korrika, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Nagikeria, lotsa edo aurreiritziak etxean zokoratu eta emakume ugari lasterka egiten hastera bultzatu ditu. Kirolaren ateak ireki dizkie askori. Hori du meritu nagusi. Aurten ere iritsi da emakumeek bakarrik parte hartzen duten herri lasterketa: Lilatoia. Donostian antolatu dute bihar, 11:00etan.

«Askotan ikusi ditugu familia bateko hiru belaunaldi elkarrekin korrika. Amona, ama eta alaba irten izan dira elkarrekin. Oso giro polita sortzen da eta zirraragarria izaten da horrelako irudiak begiztatzea», dio Nati Rufok, hasieratik Lilatoiaren antolatzaile izan denak.

Aurten 22. aldia du lasterketak eta urtetik urtera sendotzen ari da ekimena. Iazkoak inoizko arrakastarik handiena izan zuen; 2.000 emakumek parte hartu zuten bost kilometro dituen ibilbidean. Aurten 2.211 andrazkok eman dute izena.

«Emakume batzuk lasterketa honetan bakarrik hartzen dute parte. Urtean zehar korrika egiten aritzen dira hona etortzeko. Beste batzuentzat, aldiz, lasterketa hau izan da beste batzuetara joateko abiapuntua», azaldu du Rufok. Ideia Irlandatik ekarri zuten, bertan 9.000 emakumez osatutako lasterketa ikusi eta harrituta geratu ondoren.

Mundu guztiarentzat

Hasieratik erabaki zuten bost kilometro baino gehiagokoa ez izatea: «Normalean kirola egiten ez dutenekin pentsatuz egin genuen. Mota guztietako jendeak, kirolariak eta kirolari ez zirenak izena ematea nahi genuen». Eta lortu dute, profesionalak eta inoiz ere korrika egin ez dutenak elkartzen baitira lasterka. Nolanahi ere, jendea orokorrean urtetik urtera gero eta prestatuago joaten dela aitortu du Rufok.

Helmugara lehendabizikoak 18 minuturen bueltan iristen dira eta gehiengoak 35 minutu behar izaten ditu ibilbidea amaitzeko. «Guk 45 minutuko epea uzten diegu, nolanahi ere». Baina markak hausteak baino, festa giroak eta aldarrikapen ukituak du garrantzia biharko egunean.

Kirolean emakumearen parte hartzea sustatzen egin duen lanarengatik Emakunderen Berdintasun Saria eskuratu zuen Lilatoiak orain bi urte. Poztu egin zen Rufo urte guztietako lanak errekonozimendua jaso zuelako.

Abiapuntua eta helmuga leku berdinean izango ditu biharko lasterketak: Bulevardean. 11:00etan da hitzordua baina beroketa ariketak egin nahi dituenak ordu erdi lehenago joan beharko du bertara. Korrika egitea baino patinetan ibiltzea gustuko dutenentzat LilaRollerra prestatu dute. Lasterketa nagusia baino 10 minutu lehenago irtengo da eta aurtengoa hirugarren aldia da. 80 pertsonek eman dute izena. Ibilbidea bi kasutan honakoa izango da: Bulevardetik Hernani eta San Martin kalea pasatu, besteak beste, eta Zurriolako zubira ailegatuko dira. Zurriolako etorbidetik Nafarroako etorbidera iritsi eta buelta hartuta, berriz ere, Zurriola zubia zeharkatuko dute, Boulevardera iritsiz.

Hiru mailatan banatzen da lasterketa, adinaren arabera. 14 urtetik 25 urte bitartekoak juniorrak dira, ondorengo adin tartekoak seniorrak eta 45 urte baino gehiagokoek osatzen dute hirugarren taldea.

Korrikalari bakoitzari txipa eta dortsala banatzeko Okendo kalean dagoen Emakumeen Etxea eskaini diete. «Asko eskertzen diegu materiala banatzeko lokala utzi izana. Guk ez dugu horretarako egokitutako lekurik eta beharrezkoa genuen. Primeran egon gara bertan».

Etorkizunari baikortasunarekin begiratzen dio Rufok. Hasieratik lehengo urtera arte Rufo, Arantza Gurmendi eta Marisa Sarria izan dira antolatzaileak. Hiruren artean banatzen zuten lan guztia.

Baina aurten beste pertsona batzuk ere sartu dira taldean eta belaunaldi berri baten haizeak benetan eskertzen ditu. «Konpromisoa hartzeko prest dauden batzuk hurbildu zaizkigu, eta oso pozik gaude. Lasterketaren jarraipena bermatuta dagoela ikusten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.