Keivan Massarrat. Adapta zentroko fisioterapeuta

«Korrika egiteko modua da garrantzitsuena»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fisioterapeuta, osteopata eta nutrizionista da Keivan Massarrat, baina, bereziki, korrikalaria da; korrika egitea maite du. Korrikalarien korrika egiteko teknikak aztertzen ditu Bilboko Adapta zentroan, okerrak zuzentzen eta lesioak sendatzen laguntzeko.

Oinutsik korrika egiteko ohitura hedatzen ari da. Moda kontua da edo zerbait gehiago?

Modan jartzen ari dela dirudi, bai. Egunetik egunera gehiago dira joera horren jarraitzaileak, eta esperientziarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute, normalean oinetako maximalistekin esperientzia txarren bat izan dutelako.

Zein onura ditu oinutsik korrika egiteak?

Korrika egiteko modurik idealenera hurbiltzen laguntzen zaitu, postura egokiago batean, eta oinen eta hanken amortiguazio jarrera naturalak estimulatuz. Oinak indartzen ditu, baina, erne, lesionatzea ere oso erraza da. Tolerantziaren muga askoz ere sentiberagoa da; beraz, garrantzitsua da trantsizio on bat egitea.

Egia al da oinetakorik gabe korrika egitean lesio gutxiago izaten direla eta errazago suspertzen dela korrikalaria?

Entrenamenduen garapenean mantsoago joateko prest badago eta trantsizioa egiteko behar den denbora hartzen badu, ez du arriskurik izango. Korrika egiteko modu horrek gure egokitzeko mugak gainditzen ditugun edo ez ikusteko aukera ematen du.

Gehienek oinetakoekin korrika egiten dute oraindik, ordea. Kalterik eragiten dute oinetakoek?

Pertsonak adina oinetako daude. Korrika egiteko modua da garrantzitsuena, eta ez hainbeste oinetakoak. Egia da oinetan ahalik eta irmotasun handiena eta pisu gutxiena izatea komeni dela. Nire bezeroei gomendatzen eta erakusten diedana da oinetako minimalistetara igarotzeko bidea ahalik eta egokien egitea. Oinetako horiek erabiltzea eta astean minutu batzuk oinutsik korrika egitea konbinatzeko esaten diet, oina eta teknika indartzeko.

Zer gerta daiteke oinetako egokia erabiltzen ez bada?

Oinetako maximalistak deabrua direlako ustearekin ezin gara geratu. Gure gorputza eta lesionatzeko legeak ezagutu behar ditugu. Eta kontzeptu hauek ulertzen jakin behar dugu: estres mekanikoaren kuantifikazioa, oinetakoetara egokitzearen garrantzia, lur eremua, entrenamendu mota, desnibela, intentsitatearen eta bolumenaren artean jokatzen jakitea eta beste. Hori guztia errespetatzen ez denean, lesionatu egiten da, oinutsik egon edo ez.

Beraz, oinutsik edo zapatilekin, nola komeni da korri egitea?

Korrikalaria oso azkarra izango litzateke astean minutu batzuk hartuko balitu oinutsik korrika egiteko; betiere, bere mugen barruan eta tentuz. Horrek teknika eta gorputza hobetzen lagunduko lioke. Garrantzitsuena da egiten duenera ongi egokitua egotea, eta ez hainbeste zerekin egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.