Korrika hasteko prest

Euskararen etorkizuna bermatzeko, hamaika koloretako euskalakariek hartuko dute parte 17. Korrikan. Gizarte eragileen babesa jaso du.

Hainbat lagun bildu ziren atzo Korrikaren gizarte aurkezpenera, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azken aldietan bezala, Korrikaren gizarte aurkezpena Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egin da aurten ere. Baina azken aldietan ez bezala, «esanahi berezia» izan zuen atzokoak, Edurne Brouard Korrikako arduradunaren hitzetan. Izan ere, omenduaren etxean bertan egin zuten 17. Korrikaren aurkezpena.

Urtero bezala, euskalgintzako lagun ezagun ugari inguratu zen ekitaldira, euskalakari ugari. «Nik uste aurten AEK-k asmatu egin duela Korrikaren leloa aukeratzeko orduan», zioen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Eta orain arte bezala, atzo ere euskara maitatzeko, ikasteko eta erabiltzeko deia egin zioten gizarteari euskalgintzako eragileek.

«Munduan hizkuntza baten alde egiten den manifestazio handiena da Korrika», Brouarden hitzetan, eta aurten ere ildo beretik joango da. Hala ere, aldi batzuetan Korrikak izan dituen hainbat traba gogoratu zituen Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Nafarroako eta Euskal Herriko beste kasu batzuk gogoraraziz, «aurreko aldietan izandako gorabeherak gainditzeko» deia egin zuen. Hala ere, zaila izango da maila horretako pausorik eman ahal izatea, Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak esan zuenez, «2009ko tirabiren ondorioz diru laguntzarik ez baita jaso Nafarroako Gobernuaren aldetik».

Hamar egun eta mila kolore

Kolore guztietako euskalakariek egingo dituzte aurtengo bi mila kilometroak. Hala ere, «lehen aldia izango da sindikatu guztiek korrika batera egingo ez dutena», azaldu zuen Jesus Uzkudunek, CCOOko kideak. Aurten UGTk ez baitu parte hartuko, «sindikatu batzuek baztertu egin nahi izan gaituztelako». Eurek, hala ere, azken urteetan bezala parte hartuko dute, «euskararen alde lan egiteko», Uzkudunen hitzetan.

LAB sindikatuak ere parte hartuko du, «Korrikarekin daukagun apostua beste urte batez berritzeko eta berresteko», Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren hitzetan. Euren arloari dagokionez, oraindik ere lan asko egiteko dagoela azpimarratu zuen Etxaidek, «euskaraz ikasi duten gero eta gazte gehiago baitaude, baina euskaraz lan egiteko aukerarik gabe».

Trabekin edo gabe, eta kolore anitzez, euskararen aldeko martxak kilometro guztiak salduta eta Korrika Kulturalaren balantze onarekin ekingo dio, datorren apirilaren 7an, Trebiñun. Hamar eguneko ibilaldian, hamaika lagun bilduko dira lekukoaren inguruan, harik eta bi mila kilometro inguruko korrikaldia Donostiako kaleetan amaituko den arte.

17. Korrikan gainera, Bretainiako, Galesko eta Irlandako korrikak antolatzen dabiltzan hainbat ordezkarik ere egingo dituzte Euskal Herriko Korrikaren aldeko urratsak, Korrika nazioartean zabaldu den eredua dela garbi erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.