Gazta zati bat dokumentaleko musikaren harira, ikuskizun berezia prestatu dute Zigor Dz eta Xabier Solano musikaren egileek, Jon Amalloren laguntzarekin. Arabako Korrika kulturalaren barruan, igandean Amurrionizango da berauz gozatzeko aukera; 18:30etik aurrera izango da hori, Amurrioko antzokian. Musikariek Keu Agirretxearen(Etsaiak, Uek...) eta Aitor Zabaletaren (Esne Beltza) laguntza izango dute taula gainean. «Kontzertu huts bat baino formatu erakargarriago bat sortzen saiatu gara, dinamikoagoa», azaldu du Amallok. Horretarako, musikaz gainera, dokumentaleko irudiak eta eta ikus-efektuak egongo dira ikuskizunak irauten duen denboran. Horrez gainera, Udane Juaristi artistak 2x2 neurriko hormairudi bat margotuko du zuzenean. «Musikaz gainera, irudia eta argiak asko zaindu ditugu». Arabara iritsi aurretik Hernani, Durango eta Leitzatik igaro da ikuskizuna, eta harrera beroa izan du, artistak adierazitakoaren arabera. Dokumentaleko musika osatzen duten abestiez gainera, oholtza gainean arituko direnek abesti propioak ere joko dituzte; horrela, Esne Beltza eta Keu Agirretxearen abestiak entzun ahalko dira.
Korrika Kulturalaren barruan, ekitaldi ugari antolatu ditu Arabako lantaldeak. Jon Basagure Gasteizko Korrika koordinatzailearen arabera, orain arteko ekitaldiek harrera ona izan dute, eta espero du datozen asteetakoak ere jendearen gustukoak izatea. «Azken urteetako ekitaldi jendetsuenak ari dira izaten». Aurtengo Korrika kulturaleko berrikuntza nagusietako bat Euskal Herriko jinkana izan da; Arabako kanporaketarako, zortzi taldek eman dute izena. Larunbatean izango da hori, 11:00etatik aurrera, Murgian. Bestalde, otsailaren 25tik martxoaren 3ra bitartean, euskarazko musikaren astea ospatuko dute Gasteizen. Kontzertuez gainera, aste guztian zehar Zuzeneko istanteak argazki erakusketa egongo da ikusgai Montehermoso kulturgunean. Korrika kulturalari amaiera emateko, bertso saio bat egingo dute martxoaren 7an, Bodega tabernan. 18. Korrika da aurtengoa, eta osasuntsu dago Gasteizen. Basagurenen arabera, Judimendi, Zabalgana, Lakua, Salburua eta Aranan auzo batzordeak eratu dira euskararen aldeko lasterketa sustatu eta antolakuntzan laguntzeko. «Jendea gogotsu dago, euskaraz egin eta euskararen alde lan egiteko».
KORRIKA KULTURALA
Non. Amurrion (Araba).
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Korrika kulturalaren musika
Amurrio. Korrika kulturalari lotuta, 'Gazta zati bat' dokumentalaren musikan oinarritutako ikuskizuna, igandean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu