Bizikleta egokitua lagun hartuta, AEB mendebaldetik ekialdera zeharkatzeko helburua dute Iñaki Castañeda eta Txema Izagirre kirolariek. Errepidean berdinak izeneko abentura Los Angelesko kostaldean hasi eta New Yorkeko kostaldean bukatuko da, 5.300 kilometrotik gora eta hainbat herrialde zeharkatu ondoren.
Chicago eta Los Angeles lotzen dituen 66 errepidea ardatz hartuta egingo dute bidaia; hala ere, zenbait moldaketa egin dituzte. «Ideia AEBetako ozeano batean hasi eta beste ozeanora arte bizikletaz bidaiatzea zen. Hori dela eta, beste 1.300 kilometro gehitu eta New Yorkeraino luzatzea erabaki dugu», adierazi du Izagirrek. Castañedak erantsi du bigarren aldaketa ohiko ibilbideari buelta ematea izan dela: «Ohiko zeharkaldia ekialdetik mendebaldera izaten da. Guk alderantziz egingo dugu, garai honetan New Yorken euri ugari egiten duelako».
Astelehen goizeko hegazkin bidaiarekin hasiko dute abentura, eta, ezeren okerrik ez bada, bi hilabete eta erdi ibiliko dira bizikleta gainean. Egunero ehun kilometro inguru egingo dituzte, eta astean behin atseden hartuta indarberrituko dira. Los Angelesera iritsi aurretik bakoitzak izango duen eginbeharra zehaztuta daukate. «Etapa eta matxura mekanikoez ni arduratuko naiz. Iñakik, berriz, janaria eta bloga kudeatuko ditu», argitu du Castañedak.
Abenturarako prest badaude ere, «kezkaren bat edo beste» badutela esan dute. «Fisikoki eta buru aldetik ondo prestatuta gauden arren, nire beldurrik nagusiena lesioak dira», esan du Castañedak. «Ni, berriz, eguneroko harremanak izutzen nau. Iluntzean, nekatuta, goseak eta hotzak zaudenean, edozein txikikeria nahikoa da liskarra sortzeko», gaineratu du Izagirrek.
Kostaldetik kostaldera, bizikleta egokitua lagun
AEBetako 66 errepidea zeharkatuko dute bizikletaz Iñaki Castañeda eta Txema Izagirre kirolariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu