Uztailaren amaieratik hasita eta udan osoan, festaz festa egoten dira Getxo udalerria (Bizkaia) osatzen duten auzoak. Festa horien artean, Portu Zaharrekoek nortasun berezia izaten dute. Ez dira diruz hornituenak edo musika talderik puntakoenak ekartzen dituztenak, baina bai herri kutsu handiena dutenak eta jende gehien biltzen dutenetakoak.
Izan ere, alderdi berezia da Portu Zaharra, Algortako iragan marinelaren memoria bizirik mantendu baitu bere kale txiki, estu eta bihurrietan. Eta getxoztarrek zein kanpotik iritsitako bisitariek biziki maite dituzte bertako jaiak.
Gaurtik hasita eta igandera arte, ekitaldiz eta ondo pasatzeko gogoz mukuru egongo dira Portu Zaharreko kaleak. Ekitaldi horien artean, bi nabarmentzen dira bereziki. Horietako bat da larunbatean antolatuko den marmitako lehiaketa, Pijama Eguna izenaz ere ezaguna.
«Auzoa txikia denez, garai batean kuadrillek gaupasa egiten zuten bezperatik, marmitako lehiaketarako leku ona hartzeko», esan du jai batzordeko kide Patricia Martinezek. «Antza denez, behin kuadrilla batekoak pijamaz jantzita jaitsi ziren lekua gordetzera; jendeari grazia egin zion, eta geroztik ohituratzat hartu zen. Ez dakit noiz izan zen hori; nik marmitakoaren eguna Pijama Eguna gisa ezagutu dut beti. Eta bitxia da ikustea nola ateratzen diren metrotik gazte kuadrillak, denak pijamaz jantzita».
Lehiaketa eguerdian hasiko da, eta 18:30ean egingo dute sarien banaketa. Egun osoan, baina, ekitaldi ugari izango dira, eta horietako askok harreman zuzena dute itsasoarekin eta auzoaren nortasun arrantzalearekin: umeentzako arrantza lehiaketa, estropadak eta abar.
Izan ere, itsasoak eragin handia izaten du jaietan: «Jaietako abiapuntua beti da San Nikolas eguna, baina, gero, itsasgora eta itsasbeheren arabera erabakitzen dugu egitaraua, ekitaldietako asko hondartzan egiten direlako». Horren arabera, aurten marmitako lehiaketaren eguna larunbatean egokitu da, eta, beraz, pentsatzekoa da jende asko hurreratuko dela, eta iaz ezarritako ehun marmitaren langa erraz gaindituko dutela.
Bestelakorik ere egongo da Pijama Egunean: 18:00etan, bertso emanaldia izango da Ekaitz Larrazabal, Peio Etxebarria eta Fredi Paia bertsolariekin, eta, gauean, dantzaldia Honat taldearekin eta Las Tea Party disko jartzaileekin.
Kuadrillen jaitsiera, gaur
Nabarmendu beharreko beste ekitaldia kuadrillen jaitsiera da. Gaur, 18:00etatik aurrera,30 kuadrilla inguruk hartuko dute herrigunetik Portu Zaharrerako bidea, zein bere mozorro, musika eta ikuskizunarekin. Ekitaldi jendetsu eta oso ikusgarria izaten da, kuadrillek urte osoa ematen baitute eskainiko duten koreografia edo ikuskizuna prestatzen.
Aurten, Pie Al Palo izeneko kuadrilla joango da jaitsieraren buruan, eurek irabazi baitzuten kuadrillen lehiaketa iazko jaietan. Txo panpina eramango dute; Portu Zaharreko jaietako ikurra da Txo, eta irabazle suertatzen den kuadrillaren eginkizunetako bat izaten da hurrengo urteko Txo egitea. Pregoia irakurtzea ere Pie Al Palokoen esku egongo da, jaitsiera amaitutakoan. Eta, hortik aurrera, kresal usaineko festak ez du etenik izango igandera arte.
Portu Zaharreko jaiak Getxon
Kresalak blaituriko festak Portu Zaharrean
Gaur hasiko dira Portu Zaharreko jaiak Getxon.Festaren une gorena larunbatean iritsiko da, marmitako lehiaketarekin.Pie Al Palo kuadrillari egokitu zaio aurten jaietako pregoia irakurtzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu