Portua non, mutrikuarrak han. Berdel Eguna egingo dute Gipuzkoako herri horretan gaur, eta, ezinbestean, berdela izango da nagusi. Urteetako ohiturei men eginez, portuan izango dira ekintza gehienak. Ez da aspertzeko betarik izango: arrantza lehiaketa, errazio eta pintxo dastatzeak, kontzertua, zesta-punta partidak... Denen neurrira sortu dute festa.
«XX. Berdel Eguna da; horregatik nahi izan dugu berezia izatea, eta hogei urteotan boluntario lanetan ibili direnei eskerrak eman». Balea elkarte antolatzaileko koordinatzaile Maria Txakartegi mintzo da.
Gaur, goizean goiz hasiko da jaia, arrantza lehiaketarekin. Umeak eta helduak batzeko aitzakia izango da; belaunaldi arteko harremana hauspotzeko ekintza. «Gehienbat herriko jendea joaten da. Badago bideratuta herriko umeek arrantzatzeko. Jendeak ezagutzeko lehengo arrantza». Bikoitza da, beraz, helburua: batetik, arrantzaren gaineko kontzientzia piztea; bestetik, usadioetara gerturatzea. Eta arrainak lehorretik harrapatu ostean, musikaren unea helduko da: herriko abesbatzek kontzertu bat emango dute, Zabiel plazan.
Bazkalostean, berriz, jatekoa jaisteko momentua helduko da. Hori dela eta, ateraldia prestatu dute antolatzaileek. Geoparkearekin elkarlanean, flish beltza eta Nautilus museoa bisitatzeko aukera emango diete izena eman duten lagunei.
Haatik, beranduago izango da egitarauko indargunea, gertaera nagusia, eguneko ekitaldirik bereziena, alegia: 17:00etan, hain justu. Orduantxe, berdela izango da izarra. «Arrain gutxietsia izan zen garai batean; gaur egun, kulturan sartuta dago». Horren adibide, indarrean dauden errezeta askotarikoak. Itsasertzean bertan, berdel errea, elkarteek prestatutako berdel marmitakoa eta bost pintxo mota eskainiko dituzte. «Adibidez, pintxoetako batek Geoparkea du izena. Berdela da, barazkiekin , aurkezpen zainduarekin. Beste bat da berdela carpaccio erara. Beste bat, berdel bolak... Eta gainontzeko biak sorpresa dira!».
Ez da makala, gero, antolatzaileek horrenbeste berdel prestatzeko egin behar izan duten erosketa. Haien kalkuluen arabera, 1.500 kilogramo berdel erre inguru eskuratu dituzte. Orotara, 10.000 pintxo inguru egin, eta 5.000 bat errazio eskainiko dituzte. Su artean, eginkizun gogorra izango dute batzuek: «Sukaldari bakoitzak 2.000 pintxo egingo ditu».
Portua, herriaren arnasgune
Portua biziberritzea. Horixe berdel dastatzearen helburua. «Jendea portura jaistea oso garrantzitsua da, berdela portutik datorrelako». Bizimodu oso baten lekuko da portua, garaiarekin batera eboluzionatu duen errealitate baten gordeleku, eta herritarrak errealitate horretaz jabetzea nahi dute. Ondorioz, Zea Maysen kontzertua ere bertan antolatu dute.
Bukatzeko, kirola. I. Zesta-Punta Txapelketako finalak egingo dituzte, «Euskal Herriko afizionatu mailako puntistarik onenekin». Balea elkarteak eragile gehiagori eskua emanda eguna diseinatzearen ondorioa da emanaldia. «Jaia berdelaren inguruan da, baina elkarlanean antolatzen dugu beste elkarte batzuekin». Horrela batu ahal izan dute itsasoa eta zesta-punta.
BERDEL EGUNA
Non. Mutrikun (Gipuzkoa).
Noiz. Gaur.
Asteburuko proposamenak
Kresalezko mokaduak
Berdela hamaika eratan dastatu ahal izango da gaur Mutrikuko Berdel Egunean.Musika eta kirola ere presente egongo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu