Krisi garaian, oihalezko fardelak

Plastikozko pixoihalak erabili ordez oihalezkoak erabilita, bi urtean 800 euro inguru aurrezten dira haur bakoitzekoArrazoi ekologikoengatik ere aukeratzen dituzte erabiltzaileek oihalezkoak

Oihalezko gaurko fardelek ez dute zerikusirik gure aitona-amonen garaikoekin: kolore eta diseinu guztietakoak daude. NAGORE RODRIGUEZ.
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Krisiak bizitzako alor guztiei eragiten dien garai hauetan, pixoihalak erostea ere gastu handia bihurtu da. Familia bakoitzak mila euro inguru gastatzen ditu ume bakoitzeko pixoihalak behar izaten dituen bitartean. Eta gastu hori, gainera, igo egin da iraileko BEZaren igoerarekin batera. Hori horrela, badira diru apur bat aurrezteko irtenbidea aurkitu dutenak: oihalez egindako fardelak erabiltzen hasi dira familia batzuk.

Idoia Garde legazpiarra da horietako bat. Oihalezko fardelak jartzen dizkio bere haurrari. «Bi urtean zenbat diru gastatuko genuen kalkulatu genuen, aukera batekin nahiz bestearekin». Hamabost oihalezko fardel erosita, gastua 250 euro ingurukoa da. Plastikozkoak erabilita, berriz, mila eurotik gorakoa. Aldea nabarmena da, hortaz. Gainera, oihalezkoen kasuan, haur batek baino gehiagok erabil dezakete pixoihal bera.

Arrazoi ekologikoengatik ere hasi zen Garde oihalezkoak erabiltzen. «Hasieran plastikozkoak erabiltzen hasi ginen, baina min egiten zidan zaborretara zenbat botatzen genituen ikusteak», azaldu du. Izan ere, izugarrizkoa da plastikozkoek sortzen duten zaborra. Gainera, plastikozkoak izanik, 200 urtetik gora behar dituzte guztiz desegiteko.

Oihalezkoak, berriz, garbitu egiten dira, eta berriro erabili, eta ingurumenari kalte txikiagoa egiten zaio hala. «Horretarako, ordea, ongi erabiltzen jakin behar da», azaldu du Garbiñe Tolosak. Oihalezko fardelak eta konpresak egiten ditu. «Aurrezteko eta ingurumenari kalterik ez egiteko, ur hotzarekin garbitu behar dira, eta hamabost bat erosita, nahikoa da».

Errotu gabeko ohitura

Tolosaren esanetan, oihalezko fardelen erabilera ez da krisiagatik areagotu Euskal Herrian, modan jarri direlako baizik. «Europan aspaldi zabaldu zen oihalezkoak erabiltzeko ohitura, baina Euskal Herrira orain iritsi da». Dena den, BEZaren igoerarekin jende gehiago hasiko dela uste du.

Euskal Herrian, zabaltzen ari bada ere, oihalezko fardelak erabiltzea oraindik ez dago erroturik. «Jendeak atzerapausoa dela esaten dit», adierazi du Gardek. «Baina nik uste dut gauzak berriro ongi egiten hastea dela. Gainera, oihalezko gaurko fardelek ez dute zerikusirik gure amonen garaikoekin». Koloretsuak eta diseinu modernokoak dira, izan ere, orain egiten direnak. Eta, materialetan ere, aukera zabala dago.

Bi zatiz osaturik daude gehienak: kotoizko fardela bera, pixa xurgatzen duena, eta kanpotik jartzen den estalki iragazgaitza. Garderen esanetan, estalki horrekin nahiko zaila da pixa pixoihaletik kanpora ateratzea, denbora askoan uzten ez bada behintzat.

Arrazoi ekonomikoak eta ekologikoak alde batera utzita, haurraren azalarentzat dituen onurak nabarmentzen dituzte Gardek eta Tolosak. «Nire haurrari, esaterako, inoiz ez diot ukendurik eman ipurdian, ez duelako behar izan», azaldu du Tolosak. «Gainera, ipurdia bustita daukatela nabaritzen dutenez, lehenago uzten diote pixoihalak erabiltzeari».

Desabantaila bat ikusten die Gardek oihalezko fardelei: «Bidaietan, esaterako, batzuetan ez da pixoihalak non garbiturik izaten». Dena den, aurkitu dio plastikozkoak erabiltzea ez den irtenbide bat: «Kasu horietan, pixoihal birziklagarriak erabiltzen ditut. Horrela lasaiago geratzen naiz, behintzat».

Aurreiritziak alde batera uzteko gonbita egiten dio Gardek inguruko jendeari. Eta probatzeko. Legazpin bertan, hitzaldi batzuk antolatu zituen jendeari informazioa emateko, eta harrera ona izan zutela dio. «Onurak besterik ez dute oihalezko fardelek, naturarentzat, gure poltsikoentzat eta haurraren azalarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.