Kristalezko sabaia induskatzen

Arkeologiaren munduan emakumeek bizi izan duten ikusezintasuna salatu eta haien jarduna eta lorpenak aldarrikatzeko, erakusketa berezia ondu dute Oiasso museoan: ‘Emakume arkeologoak Gipuzkoan’.

EMAKUME ARKEOLOGOAK
Erakusketako protagonisten argazkiak eta haien aurkikuntzak, Oiasso museoko azken solairuan. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2024ko urtarrilaren 11
05:05
Entzun

Induskatzean irteten da azpia azalera, eta ilunpea argitara. Horregatik da horren zaila ikusezina induskatzea, eta kristalezko sabaiak eraistea. Bada, horixe da Irungo (Gipuzkoa) Oiasso museoan jarritako erakusketaren helburua: indusketa lan bat egitea, azalera ateratzeko azpian hartuta zeuden emakumezko arkeologoak, ateratzeko haien jarduna ilunpetik argitara, eta aitortzeko ezarri zaien kristalezko sabaia induskatzeko egin duten lana. 

Emakume arkeologoak Gipuzkoan izena du erakusketak, baina ikusezintasunak ez dauka lurralderik. Arkeologian (ere) gizonezkoak izan dira protagonista, eta emakumeak bigarren mailan gelditu izan dira, laguntzaile huts gisa, -ren emazte eta -ren aldameneko. Gipuzkoaren berezitasuna zera da, oso garaiz hasi zirela bertan ikerketa arkeologikoak, eta 1950eko hamarkadatik aurrera hasi zirela emakumeak arkeologia kanpainetan ardurak hartzen, eta hainbat diziplinatan espezializatzen. «Ematen du erakusketa Gipuzkoari buruzkoa dela bakarrik, baina gai unibertsal bati buruz hitz egiten du. Ez zegoen ezer jasota emakume arkeologoen inguruan. Lerro bat ere ez. Artikulu bat ere ez. Erokeria bat izan da. Une batzuetan amore ematekotan egon gara, baina oso pozik gaude emaitzarekin», azaldu du Aizpea Goenagak, Oiasso museoko koordinatzaile eta erakusketaren komisarioak. Gipuzkoako Aldundiaren eta Aranzadi zientzia elkartearen elkarlanari esker sortu da proiektua da, besteak beste, eta martxoaren 31 arte dago zabalik —doan da sarrera—. Aranzadik, gainera, liburu bat ere ondu du erakusketako testuak eta irudiak oinarri hartuta, eta urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran argitaratzea espero dute. Oiasso museoak bere webgunean jarriko ditu aurki erakusketako protagonisten bideoak.

EMAKUME ARKEOLOGOAK
Aizpea Goenaga Oiasso museoko koordinatzailea eta erakusketaren komisarioa, bisita gidatuan. GORKA RUBIO / FOKU

Goenaga komisarioak pasioz azaldu ditu erakusketari buruzkoak. Aukeraketak ez dituzte ausaz egin; ezertan. Gipuzkoako emakume arkeologoen hainbat argazki biltzen dituen oihal bat dago museoaren sarreran. Behetik gora egiten du oihalak bidea. Emakumeen informazioari buruzkoa baita gunea behean, eta haiek euren jardun profesionalean lortutako emaitzei buruzkoa goian. «Eta, guztia kristalezko sabai baten azpian dagoenez, behetik gorako bide hori ere nahi genuen irudikatu», gaineratu du Goenagak.

Modu kronologikoan dago antolatuta dena: arkeologiari buruz aritzeko ezin zen bestela izan. 1903koa aurreneko argazkia: Alfontso XIII.ak Aizpitarte kobazuloetara egindako bisitakoa, Errenterian (Gipuzkoa). «Emakumeak lanerako tresnekin agertzen direlako gustatu zitzaigun. Zeren beste asko aurkitu genituen amantala jarrita, baina, ez; horiek ez genituen jarri nahi. Mendian lan egin eta gero janaria zerbitzatzen amantala jarrita? Ez, ez», esan du Goenagak, irmo. 

«Ematen du erakusketa Gipuzkoari buruzkoa dela bakarrik, baina gai unibertsal bati buruz hitz egiten du. Ez zegoen ezer jasota emakume arkeologoen inguruan. Lerro bat ere ez. Artikulu bat ere ez. Erokeria bat izan da».

AIZPEA GOENAGAOiasso museoko koordinatzailea eta erakusketaren komisarioa

Eta lehen izenak, eta estalitako lehen izanak. Maria Luisa Aranzadi, Telesforo Aranzadiren iloba. Pilar Sansinenea, Jesus Elosegiren emaztea. Argazkietan, emakumeak agertzen dira argituta, eta gizonezkoak ilunduta. Dolores Etxaide ezezaguna, Torralba eta Ambronako indusketan, Sorian (Espainia). Ana Maria Muñoz historiaurreko eta arkeologiako lehen emakume katedraduna, Joxemiel Barandiaranen aldamenean, Lezetxikin (Arrasate, Gipuzkoa). Ondoan edo aldamenean, eta jarduera osagarrietan. Izena eta ospea alde bakarrean: «Gizonezkoarenean, beti». 

EMAKUME ARKEOLOGOAK
Ana Maria Muñoz historiaurreko eta arkeologiako lehen emakume katedraduna, Joxemiel Barandiaranen aldamenean. GORKA RUBIO / FOKU

Irungo (Gipuzkoa) Ama Xantalengo nekropoli erromatarraren indusketan emakumezkoak izan ziren gehiengoa lehen aldiz (1971). Zestoako (Gipuzkoa) Amalda kobazuloaren ikerketan emakumezkoen esku utzi zuten lehen aldiz material arkeologikoen erregistroa (1979). Bazetorren aldaketa, eta iritsi ziren mugarriak: Aranzadiren Arkeologia Sailaren sorrera (1983), emakume batek zuzendutako lehen indusketa (Mertxe Urteagak, 1984an, Iruaxpe III, Aretxabaletan), arkeologia profesionalaren sorrera (Igartzako egurrezko presaren berreskuratzea, 1985ean, Beasainen), eta Londresko eredua (1986).

Mertxe Urteagak (Lazkao, Gipuzkoa, 1960), bertatik bertara bizi izan zituen aldaketa eta mugarri horiek guztiak: «Txalotzekoa da emakumezko arkeologoek Gipuzkoan egindako lana. Orain dela 40 urte, historiaurrea bakarrik lantzen zen, eta, guri esker, ikerketarako atalak zabaldu egin ziren: Erromatarren garaia, Erdi Aroko arkeologia… sortu ziren. Periferian aritu ginen lanean, baina lortu dugu periferia hori lehen mailako atal bat izatea. Eta hori guztia emakumeoi esker egin da. Lehen historia gizonezkoen arloa zelako, eta zenbat eta zaharragoak, orduan eta ospe handiagoa haientzat; guretzat, ezer ez. Mezua hori da: nonahi egon garela, eta aitzindariak izan garela».

«Periferian aritu ginen lanean, baina lortu dugu periferia hori lehen mailako atal bat izatea. Eta hori guztia emakumeoi esker egin da. Lehen historia gizonezkoen arloa zelako, eta zenbat eta zaharragoak, orduan eta ospe handiagoa haientzat; guretzat, ezer ez. Mezua hori da: nonahi egon garela, eta aitzindariak izan garela».

MERTXE URTEAGAArkeologoa

Hasierako erronkak eta bizipenak ongi gogoan ditu Urteagak: emakumeak ziren, eta ordura arte landu gabekoei eta lortu gabekoei buruz ari ziren hizketan. Oso gazte hasi zen bera: «22 urterekin. Sasoi betean. Valladolideko unibertsitatetik nentorren, eta oso formakuntza ona jaso nuen. Aukera izan nuen Londresen ere benetako arkeologia ikasteko… oso garbi neukan nola egin behar ziren gauzak metodologikoki. Bost axola zer zioten. Aurrera, aurrera eta aurrera. Gaztetasun horren indarrarekin. Izan ere, ez dakizu ongi zenbat oztopo egon ziren. Ez zegoen beste erremediorik, eta egin genuen».

EMAKUME ARKEOLOGOAK
Gipuzkoako emakume arkeologoen argazkiak, Oiasso museoaren sarreran. GORKA RUBIO / FOKU

Baina ez zen erraza izan. «Ikusezintasuna» nola bizi izan zuten galdetuta, erantzuna: «Ikusezintasuna nola bizi izan genuen? Eta nola bizi dugun! Batzuetan, haserretu egiten naiz. Duela 30 urte nik esandako gauzak ez zituzten nire izenean jartzen. Nik esandakoa gizonezko batek aipatzen baldin badu orain, haren izenean jartzen dute. Ez dakizu zer-nolako amorrua ematen duen horrek. Nik bere garaian proposatutako gauza batzuen inguruan, orduan batzuk alde zeuden, beste batzuk kontra, eta orain berrikuntza horiek ez dituzte jartzen nire izenean. Beste norbaitek hartu, moldaketa bat egin haren gainean, eta gizonezko horren izena jartzen dute. Oraindik asko falta da».

Erakusketan jaso dituzte emakumezko horien izenak eta abizenak, eskuak eta aurpegiak, argazkiak eta objektuak, arkeologoen zerrendak, zuzendarienak, unibertsitateko ikerlarienak, dibulgatzaileenak: Lourdes Herrasti, Ana Benito, Ana Uriz, Maite Izquierdo, Miren Aierbe, Arantza Ugarte, Ana Etxebarria, Eloisa Uribarri, Maria del Mar Lopez Colom, Marian Gereñu, Sonia San Jose, Pia Alkain, Lorea Amondarain, Nerea Sarasola, Miren Garcia, Jaione Iriondo, Arantza Agirre, Itsaso Egiazabal, Nahia Senper... ehun izen baino gehiago dira. Eta diziplina berriak: sedimentologia, arkeobotanika, antrakologia, karpologia, zeramologia... Eta belaunaldi berrienak: Lydia Zapata, Amaia Arranz, Zohartze Galan... Azken horrena da erakusketari buruzko hausnarketa: «Emakumeok ere arkeologia egiten dugula: horixe dago erakusketaren atzean. Eta haietako asko aitzindariak izan zirela, eta aurrerapauso handiak eman zituztela. Aranzadi, Barandiaran… oso garrantzitsuak izan ziren bere garaian, baina badaude emakumezkoak ere mundu horretan. Aldarrikapen bat da erakusketa: ‘Hemen gaude, eta lan hau egiten dugu’».

«Emakumezko aitzindari horiek lan asko egin zutelako dauzkagu guk orain erraztasun gehiago. Bi aldeetatik egon ziren jomugan: emakumezkoak izateagatik, eta esaten zutenagatik. Askoren zimenduek dar-dar egin zuten. Oso belaunaldi garrantzitsua izan zen, eta guri ateak ireki zizkigun».

ZOHARTZE GALANArkeologoa

Larruaren eta oinetako historikoen katalogazioan eta azterketan aditua da Galan, eta Arkeolan fundazioko arkeologia arloko arduraduna. Aitortu du berak ez duela bizi izan aitzindaritzat dauzkan emakume horiek bizitako ikusezintasunik: «Nire esperientziatik hitz egiten dut: nik ez dut sumatu ikusezintasun hori. Beti dago gauzatxoren bat, baina nik oso lan giro ona izan dut gizonezkoekin eta emakumezkoekin. Ziurrenik, bere garaian emakumezko aitzindari horiek lan asko egin zutelako guk orain erraztasun gehiago izateko. Bi aldeetatik egon ziren jomugan: emakumezkoak izateagatik, eta esaten zutenagatik. Askoren zimenduek dar-dar egin zuten. Oso belaunaldi garrantzitsua izan zen, eta guri ateak ireki zizkigun».

Galanek dio Europan arkeologiak «beste erritmo bat» izan zuela: «Ingalaterran, Alemanian, Herbehereetan… askoz ere aurreratuago joan da guztia. Hemengo pausoek beste erritmo bat izan dute. Europako emakume arkeologoen ibilbidea beste bat izan dela esango nuke, baina aitzindariak aitzindariak dira han, eta hemen».

Eta haiekin batera ageri da Galan erakusketaren bigarren partean. Informazioa baita aurrenekoa, eta emakume horiek egindako lanaren emaitza bigarrena, kristalezko sabaitik gertuen dagoena. Eskuak eta tresnak Ana Millan argazkilariaren lehen planoetan, eta protagonistetako batzuen aurpegiak argazki bakoitzaren bestaldean. Inguruan, haien aurkikuntza sonatuenak. Asko, jendaurrean sekula erakutsi gabeak. Haien orain arteko jardunaren gisa berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.