Donostia erdialdeko natura-gunea da Kristinaenea, zuhaitzez inguratutako txokoa. Baita hainbat animaliaren bizileku ere. Urumea ibaia du alboan, itsasoratu aurretik dagoen azken meandroaren barnealdean dago parkea. Eta, ibaiari esker, hegazti migratzaile askoren bisita jasotzen du urmaelean, ahate txistulariarena edo zertzeta arruntarena, esaterako.
Gidari esker, parkean topa daitezkeen espezieak ezagutzeko aukera dago. Tartean, nola ez, hainbat urtez parkeko ikur izan diren paumak. 1977. urtean, Bartzelonatik lehen bikotea ekarri zutenetik parkearen ordezkari ospetsuenak izan dira. Haiekin batera, beste hainbat espezie ere bizi dira: txantxiku arrunta, arkanbelea, martin arrantzalea...
Zuhaitz ugariren topaleku ere bada Kristinaenea: ginkgoa, Libanoko zedroa, sekuoia gorria...Haiek bereizteko eta hostoak ezagutzeko lagungarri da gida. Hostoak identifikatzen laguntzeko asmoz, parkeko zuhaitzik adierazgarrienak agertzen dira. Hostoak identifikatzeko bakunak ala konposatuak diren, eta hostoen ertzak eta puntak nolakoak diren aztertzen da.
Bi ibilbideetan hainbat zuhaitz eta animalia topatuko ditu bisitariak. Parkean paseatuz edo bi bide horiek jarraituz ezagut daiteke. Sarrera nagusitik abiatzen dira gidak proposatutako ibilbideak. Hortik aurrera, bakoitzak bere bidea du, nahiz eta zati batzuetan bat egin. Ibilbide historikoa parkearen beheko aldetik doa, eta naturaren ibilbidea parkearen goiko aldetik.
Lehen bidea jarraitzeko, sarrera nagusitik abiatuz eskuinera doan bidea hartu beharko du bisitariak. Xarmak eta indiar gaztainondoak topatuko ditu lehenik, eta, hortik aurrera, platano arruntak, astigar zuriak... ikusi ahal izango ditu. Gainera, garai batean ukuilua izandakoaren aztarnak eta animaliei edaten emateko erabiltzen zen uraska begiztatu daitezke ibilbidean zehar.
Naturaren ibilbidea egiteko, sarreran, ezkerreko bidea hartu behar da. Bide hori jarraituz, ginkgoa, Libanoko zedroa, sekuoia erraldoia eta ipotxen zubia deitutakoa ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Jakingarriak
Gida. Parkeko landare, zuhaitz, hegazti eta bestelako espeziei buruzko informazioa ematen du.Ibilbide historikoa. Antzinako egituren aztarnek, ehun urte baino gehiago dituzten zuhaitzek eta berritutako eraikinek parkea sortu zeneko garaia islatzen dute.
Naturaren ibilbidea. Parkearen goiko aldetik doa; edertasun handiko zuhaitz garaiak ezagut daitezke.
Ordutegia. Udan, 08:00etatik 21:00etara dago zabalik parkea. Neguan, berriz, 08:00etatik 19:00etara.
Informazio gehiagorako. www.cristinaenea.org.(0034) 943-45 35 26.