Kritika, txosnako hormetan

Aurten zeresan berezia izan dute Areatzako txosnetako dekorazioek, Hontzak eta Txori Barroteren irudiak kendu edo salatuko dituztela adierazi baitute. Baina beste 27 txosna daude, bakoitza bere aldarrikapen, mezu eta kritikarekin. Eta umore askorekin.

Ekintzaile feministen eretratuak daude Mamikiren txosnan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilboko Areatzan presentzia nabarmena izaten dute urtero txosnek. Handiak izaten dira, dekorazio deigarrikoak, eta, askotan, baita zirikatzaileak ere. Aurten, ordea, jai gunean duten presentziaz gain, hedabideetan ere zeresana izan dute. Hontzak konpartsak bere txosnarako egindako diseinuaren zati bat kendu zuen astelehenean Ertzaintzak: Jesu Kristoren gorputz zatiak erakusten zituen kartel bat eta Vaticano harategia zioten letrak.

Horrez gain, presoen argazkiak jartzeagatik, asteazkenean, Txori Barroteren aurka salaketa jartzeko asmoa zutela adierazi zuten Dignidad y Justiciak eta PPk, baina atzo oraindik konpartsako kideek ez zuten ezer jaso. Iraganean ere antzeko gertakariak izan dira dekorazioari lotuta, konpartsek euren mezua emateko baliatzen baitute txosnen euskarria.

«Gure ustez, txosnak erakusleiho apartak dira gure mezuak helarazteko, eta horiek baliatu nahi ditugu eta nahi ditugun aldarrikapenak egin», azaldu du Fernando Garcia Hontzak konpartsako kideak. Gainera, festa giroan jarritako gune batean, mezu horiek modu satiriko edo garratz batean egin behar direla uste du: «Barrea eragin behar duzu, mezua zein den ulertu dadila, baina, posible bada, umorearekin». Aurtengo euren dekorazioak polemika sortuko zuela aurreikusi zuten konpartsakoek, «baina, egia esan, aurreko urteetako dekorazio batzuk gogorragoak izan ziren». Horregatik, dekorazioaren zati bat kendu izanak eta hedabideetan zein sarean piztutako eztabaidek «gainditu» egin dituztela dio. Hala ere, horiei ere umorez erantzutea erabaki dute.

Eliza hartu dute dekoraziorako gai nagusi gisa, baina berez konpartsaren asmoa «ez zen Elizarekin sartzea». Eta, hala ere, irudiak komunitate katolikoari iseka egiten ziolako kendu zuten dekorazioaren zati bat. «Gure asmoa adierazpen askatasunaren inguruan azken denboran gertatzen ari diren urraketak salatzea zen; umorearen mugen inguruko eztabaida zabaldu da azken boladan, eta gai hori zen landu nahi genuena».

Eta egia da umorerako eta dekoraziorako mugarik ez dagoela Bilboko Areatzan. Pa...Ya konpartsaren txosnan dago Nakor Santamaria konpartsakidea, eta euren irudiaren azalpenak eman ditu. «Risk jolasa izan da gure dekorazioaren abiapuntua, eta hori Bilbora ekarri dugu; agintariek nahi duten hiri ereduaren aurkako kritika bat da, eta herri mugimenduek egiten duten lana erakutsi nahi izan dugu». Horrez gain, Otxarkoagako konpartsak salatu nahi izan du alde handiak daudela kanpoko auzo eta hiriguneko auzoen artean. «Gure auzoko aldarrikapenak azaldu ohi ditugu gure txosnetara», esan du.

Hala egiten dute Txinbotarrak konpartsan ere; Zorrotza auzoko eskariak irudikatzen dituzte urtero. Aurten, esaterako, auzotarrak txori gisa margotu dituzte, eta agintariak zerri, arratoi edo suge gisa, biak frontearen alde banatan. Bien arteko borroka bat irudikatu dute, hiri ereduaren inguruko eztabaida planteatuz.

Komantxe okupazio mugimenduaren konpartsan ere antzeko irudikapena dago, hainbat izurde arrain haztegietatik salto egiten, eta honako mezu honekin: «Itsasoaren askatasuna nahiago dugu, zuen erosotasun kaiolak baino». Konpartsek hainbat kolektibo ordezkatzen dituzte, eta mugimendu sozial horien aldarrikapenak ohikoak izaten dira.

Sinkuartel konpartsa antimilitarista da, eta aurten Pablo Picasso margolariaren Gernika koadroaren zati batzuk jarri ditu txosnan. «80. urteurrena da Gernikako bonbardaketa izan zela, eta, hortaz, gaia aukeratzea nahiko erraza izan da aurten». Euren antzera, Askapeña eta Kaskagorrik ere margolan hori erabili dute euren dekorazioaren elementu nagusi gisa, eta Kaskagorrirena munduko Gernika handiena dela diote bertako konpartsakideek. Horrela, bonbardaketaren oihartzunak Bilboko Areatzan entzun daitezkeela esan daiteke.

Autozentsurarik gabe

Txosnen dekorazioaren bueltan ika-mika eta polemikak sortu badira ere, konpartsakideek diotenagatik, oro har, ez da autozentsurarik egoten txosnaren diseinua aukeratzen hasten direnean. «Ez, guk argi daukagu; euren argazkiak [euskal presoenak] jartzeko beste modu batzuk erabili ditugu, baina ez dugu autozentsurarik egiten», azaldu du Antton Urkidi Txori Barroteko kideak. Gauza bera esan du Garciak ere, salatu nahi duten horren inguruko kritikan ez dagoela autozentsurarik: «Hala ere, egia da gaia aukeratzeko garaian hiru gai posible genituela, eta horietako bat ez genuela aukeratu gai horren inguruan egindako umoreagatik epaiketak izan direlako». Carrero Blancoren heriotzaren ingurukoa zen baztertutako aukera hori.

Santamariak, ordea, onartu du autozentsura egiten dutela Pa...Ya-ren diseinua aukeratzerako garaian. Izan ere, 2003. urtean western bateko dekorazioa egin zuten, eta bertan gaizkileak bilatzeko orri batzuk jarri zituzten aurpegi ezagun ugari jarrita. Horren eraginez, konpartsa salatu egin zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten deklaratzera. «Horren eraginez autozentsura bat badagoela esan daiteke, baina dekorazioak modu natural batean egiten saiatzen gara». Aurten, gainera, bizipen horiek gogoratu zizkien Hontzak-eko txosnako dekorazioaren auziak, «ez dauka zentzurik».

Azken urteetan behin baino gehiagotan egon da txosnetako dekorazioa eztabaidaren erdian, eta hala egoten jarraituko duela uste du Garciak. «Espazio hau aldarrikapena egiteaz gain, satira egiteko baliatzen dugu guk; eta hain juxtu satira egiten den guztietan norbait minduko duzula jakin behar duzu».

Horregatik uste du aurrerantzean ere eztabaidagai izango direla txosnetako irudiak, haietan kritika eta satira ohikoak izaten direlako. «Baina eztabaidagai izatetik dekorazioa zentsuratzera pauso handi bat dago». Halakorik ez errepikatzea besterik ez du eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.