Pancho Amat (Guira de Melena, Kuba, 1950) uharteko tres musika tresna tradizionalaren jotzailerik hoberena da. Berak bihurtu zuen tresa kontzertu tresna, eta klasikoa, jazza eta rocka landu ditu horrekin. Victor Jara, Cesarea Evora, Ry Cooder, The Chieftains eta Juan Perrorekin jo du, besteak beste. Andoainen arituko da gaur, 21:30ean, Bastero Kulturgunean. bira honetan Euskal Herrian emango duen kontzertu bakarra izango da.
Zure seme Danielekin joko duzu gaur. Eroso al zaude haren laukotearekin jotzen?
Bere musika egitasmoak lotura handia du nirearekin. Nik bere diskoetan jo dut, eta berak nireetan. Gainera, aukera ematen dit Kuban dudan taldearekin zerikusirik ez duen gauza batean aritzeko. Xarmangarria da egunerokotasuna haustea.
Bi belaunaldi elkartuko zarete oholtzan. Kubako musika garaikidearen eboluzioa ikusteko aukera izango da?
Jarraipena ikusiko da. Nire familian ez zegoen musikaririk. Nire bi semeak musikari egin dira ni jotzen ikusita. Poz handia eman zidaten, horretan banuelako nik laguntzerik. Kubako musika irakatsi nien, eta alde teknikoa musika eskolak eman zien. Adibidearekin ateak ireki nizkien; Daniel nire irakaslea litzateke gaur.
Kubako musikari tradizionaletan lehen belaunaldikoa izan zinen musika ikasketak egiten. Nola eraldatu du eskolatzeak uharteko musika?
Fenonemo horrek jarraitzen du. Arte eskola asko daude eskualde guztietan. Horietatik pasa ondoren, ikasleek erabakitzen dute nora jo: klasikora edo musika herrikoira. Batzuk konpositore egiten dira, edo sonari, jazzari edo rockari ekiten diote. Baina, bai, gaur gehienek musika ikasketak egiten dituzte. Nik beti izan dut gustuko beste soinuetan sartzea, beti ikasten delako zer edo zer, eta norberaren tresnaren aukerak zabaltzen direlako. Beste soinu horietatik osagaiak har daitezke norberarena osatzeko, baina desitxuratu gabe, beti ere. Horretan oso garrantzistua da osagai horiek neurriz hartzea.
Zeintzuk dira Kubako musikariek lan egiteko dituzten zailtasunak?
Arazo nagusia gure lana atzerrian merkaturatzea da. Oso zaila da kubatar batentzat nazioarteko merkatuan sartzea, diskoetxe handiak ez direlako Kubako musikara hurbiltzen arrazoi politikoengatik. Mugimendu handia dago uhartean, baina musikariok geure saltsan egosten gara, Argiñanok esango lukeen bezala. Ireki beharko genuke, eta uhartean gertatzen dena ikusgai jarri. Munduarentzat aberasgarria litzateke Kubako belaunaldi berriek egiten dutena ikustea, eta kubatarrontzat ere ona litzateke, egiten duten musika noraino den unibertsala jakite aldera. Kubako musikari askok kanpoko estiloak hartzen dituzte, neurririk gabe, ezin dutelako atzerriko entzuleen aurrean aritu. Ezagutzen dituttumbadorarik [konga] gabe atzerrira joan ziren rock talde batzuk. Itzuli zirenean, tumbadora bat sartu zuten berehala.
Zer errepertorio ekarriko duzue?
Danielen kantuak, nire kantaren bat eta Kubako musikako kanta ezagunak joko ditugu, antzinakoak eta gaurkoak. Hainbat soinu eta hainbat estilo jorratuko ditugu, entzuleek Kubako musikaren espektro ahalik eta zabalena dasta dezaten. Espero dut jendeak ikustea bihotz puska bat jartzen dugula lanean eta zati hori ez dela soilik gurea, baizik eta baita Kubako puska bat.
Pancho Amat. Musikaria
«Kuban musika mugimendu handia dago, baina gure saltsan egosten gara»
Victor Jara eta The Chieftainsekin jo du Amatek, tres musika tresnaren berritzaileak. Semearekin arituko da gaur, Andoainen, musika tradizionala beste estiloekin nahasten, baina zaporerik galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu