Donostiako Aste nagusia. BADIATIK

Kukurutxozko izozkia

Naroa Agirre
2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraindik gogoan dut oporretako jaiak iristen zirenean. Garai hartan ez nintzen jabetzen Aste Nagusia izena zutenik nire Donostia kutuneko jai haiek. Hori denborarekin jakin nuen. Baina bai ohartzen nintzen, ikastolako oporretan geundela, hondartza eta itsasoko urez gain, udaran bazeudela egun berezi batzuk gauza erabat desberdinak egiten genituenak. Horien artean gehien txunditzen nindutenak su artifizialak ziren; argia, koloreak, jendearen txaloak, aho irekiak… dena zen zirraragarria. Aieten bizi ginen ahizpa, gurasoak eta laurok; hango mojek zuten lursail bat irekitzen zuten bertako jendearentzat su artifizial horiek ikus genitzan. Han izaten ginen puntual-puntual, ateko errenkan, toki on bat hartu eta suak eserita ikusteko aukera izateko. Jende ugari elkartzen ginen, baita bizilagun eta ezagun asko ere; eta emanaldia bukatu eta gero, askotan gelditzen ginen jolasean lagun haiekin. Baina bazeuden oraindik egun bereziago batzuk, «behera» jaisten ginenekoak. «Behera» jaisteak Aietetik zentrora joatea esan nahi zuen, baina guk hala esaten genion, maldan behera egin behar baikenuen. Hura mundiala zen! Familiako laurok tipi-tapa oinez abiatzen ginen eta Artzain Onaren eliza ikusten genuenean hasten zen gure imajinazioa martxan. Zergatik, baina? Elizaren teilatuak alderantzizko izozki baten forma zuela esaten zigutelako gurasoek, eta orduan hasten ginen ahizpa eta biok: «Nik gaur marrubizkoa hartuko dut!», «ba nik txokolatezkoa!» Eta han jarraitzen genuen saltoka behealdera, izozki dendara iritsi arte. Han, hain preziatua genuen izozkia aukeratzen genuen, ondo pentsatutako erabakia, eta kukurutxo banarekin, zoriontsu joaten ginen buelta bat ematera jendetzaren artean, gurasoen eskuei sendo helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.