Ahoskatze-lezio premia.Ez dakit Radio Euskadik baduen hizkuntza zuzentzailerik; edukitzekotan ere, gaztelerazkoa izango da, ez euskarazkoa. Bada, euskararen gainean oinarrizko pare bat nozio jasotzea ez litzaieke gaizki etorriko zenbait irrati esaleei. Gauza bat baita eguneroko programazioan euskara ez erabiltzea, arauei jarraiki. Eta bestea, euskal hitzak jipoitzea, Kazakhstanetik etorri balira bezala. Zilegia izango al zaigu euskal grafiaren ahoskera zuzen dezatela eskatzea, hitza eta ahotsa lanabes izanik, euskal gizartearen errealitatea jaso eta denoi ulergarri helaraztea zeregin dutenei… Almudena Cachok, atzo, esaterako, ostikada ederrak eman zizkien euskal belarriei, Kukutza ez baizik Kukutxa ahoskatuz behin eta berriro. Kontua da, egunon eta agur esatearekin euskararen azterketa gainditu dutela iruditzen zaiela euskal funtzio publikoan dabiltzan askori, tamalez.
Eromen erreala. Ez dakit aste osoa Realarekin entretenitzen diren Donostiako irrati handienak ohartu diren, baina denek ere (bost irratik!) egun eta ordu berean ipini dituzte euren tertuliak, Realaren gainekoak. Alegia, astelehenetan (15:05-16:00): COPE (Mauri Idiakez), Onda Vasca (Iñaki Mujika eta Juanjo Lusa), Ser Katea (Gabi Ramos), Punto Radio (Tito Irazusta eta Carlos Bengoa) eta Onda Cero (Iñigo Taberna). Irrati eta esatari horiek denek jakin beharko lukete realzale eta iritzi eta irrati aniztasunzale den hori egoera eskizofrenikoan jartzeko zorian direla. Beharbada, pentsa dezakete futbolean bezala gertatu ohi dela irrati entzuketan ere: alegia, irrati bakarrekoa dela realzale eta irratizale aldi berean den hori. Edo eta, denak ere gauza berberak errepikatzera mugatzen direnez, nahikoa dela bat entzutea.
Gazteak politikan. Rikardo Crespo (PSE-EE), Mireia Zarate (EAJ), Santiago Reyes (PP) eta Laura Maritxalarrekin (Bildu), euskal politikari gazteak elkartu zituzten Mezularia saioan herenegun. Alderdi klasikoetan afiliatuta politiko klasiko bihurtzeko zorian diren gazteen kontraesanak bilatzen saiatu zen Jaime Otamendi gidaria. Laurek ere, estralurtarrak ez direla, suminduen espiritutik ere badutela erakutsi nahi izan zuen. Tertulia interesgarria osa zitekeen agian horiekin, ostiral arratsaldeetarako. Nahiz eta erreala izan helduen eskema dialektikoak errepikatzeko arriskua…
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
'Kukutxa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu