Oso ohikoa da kultura babestu behar dugula esatea edo entzutea. Kultura askotan aitzakia ere bihurtzen dugu askotan zerbaitek «horrela izan behar duela» edo «beti horrela izan dela» azpimarratzeko. Aste honetan jakin dugu, adibidez, Bilboko Guggenheim museoak (http://guggenheimbilbaoapp. com) ateratako sakelako baten aplikazio baten berri. Interesgarria eta ordainpekoa (nahiz eta 2,99 euro izan). Agenda, lanak, argibideak, bisita birtual baten modukoa egiteko balio du aplikazioak.
Hara non, VEGAP erakundeak lan batzuk aplikazio horretan erakustea debekatu du. Guggenheimek ez omen zuen ordainpeko aplikazio baten bidez horiek erakusteko baimena. Artistak defendatu behar dituen erakunde horrek egile horien promozioa baino gehiago, aurkakoa lortuko du. Batzuetan egileen eskubideak edo, hobeki esanda, kudeaketa entitateak bitartekarien interesak eta jendartearen interesak kontrajarriak izan daitezke. Kultura jendarte osoarentzat ez ona bakarrik baizik eta beharrezkoa den ondasun ukiezin baten moduan ulertzen badugu behintzat.
Aste berean Susak liburu digital asko sarean jarri ditu 3,54 eurotan. Orain arte euskarazko liburu digitalak gutxi zeuden, baina bazeuden. Hala ere, Susak egindako honetan hiru gauza garrantzitsu daude: liburuek ez dute giltzarrapo digitalik (DRM deitutakoa), lizentzia libreak erabiltzen dituzte eta, azkenik, salneurria txikia izanda ere egileari bi euro iritsiko zaizkio.
Susaren erabaki hau literaturaren euskal munduan lehen urrats garrantzitsua da. Urrats iraultzaile bat esatea gehiegi bada ere, behintzat disruptiboa dela esan daiteke. Orain industriak nola erantzungo duen ikusi beharko dugu. Batzuek jada betiko munstroak atera nahi izan dituzte: «literatura eta egileentzat txarra izango da» eta horrelakoak entzun ahal izan dira. Kasu honetan, Susak egin duena, nire ustez, kulturaren benetako zentzua aplikatu eta hori babesteko prest dauden egileekin ekimen ausart bat aurrera eramatea besterik ez da izan.
Literaturaz ari garela, hori ere eraldaketa etengabean dago aro digital honetan. Horren adierazgarri beti eraldaketan dagoen kultura eta literatura digitalari buruzko Imanol Epelderenhttp://wikia.eliteraturaz.com ekimena. Argi dagoen gauza bakarra, oraingoz: kultura zabalduz defendatzen da.
Komunikazioa. Irlen sarea
Kultura babestu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu