Asteburu honetan Durango (Bizkaia) Euskal Herriko topagunea izango da. Baina ez soilik kultura arlokoa, baita eskulangileena ere. Izan ere, Arbaso eskulangileen elkarte nazionalak beste urtebetez Euskal Denda azoka antolatuko du; gaur hasiko da, eta igandean amaitu. Eta berezia izango da aurtengoa: Artisautza eskura lelopean, hemezortzigarren urtea beteko baitu. «Atzera begirako perspektiba ematen duen urtemuga da, etorkizunari nolabaiteko ikusmirarekin begiratzekoa», Arbaso elkarteko kideek aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez.
Azken urteetan bezala, azoka 52 postuk osatuko dute, eta Durangoko merkatu plazan jarriko dituzte, eta denetarik lantzen duten artisauak topatu ahal izango dira. Besteak beste, nekazariak, beiragileak, metalarekin lan egiten dutenak, ehungintza arlokoak, zeramikagileak, egurra lantzen dihardutenak, eta baita larrua, harria edo papera eraldatzen dutenak ere. Horien artean «gehienak lanbide zaharren aldekoak» direla aipatu zuten elkarteko kideek, baina «berrikuntza plusa» gehitu dutenik ere bada. «Lanbide zaharrei eutsita eraldatu eta garaikide bihurtu dituzte, betiere eskuz lantzeko ikuspuntu eta irizpidetik abiatuta». Hor topatu du azokak iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura.
Bizirik dagoen esparrua dela azaldu zuen elkarteak, eta azokara bilduko diren bisitariek bertatik bertara ikusi ahal izango dute horien jarduna. «Antzinakolanbideak ezagutaraztea da asmoa, eta horietan sakontzea». Gauzak horrela, azoka zabalik lau egunean egongo da, eta eskulangileek euren jarduna erakutsiko dute.
Egurrarekin lotutako hainbat ekintza, putz egindako beira nola egiten den edo gozokiak eta paperezko irudigintza egiteko tailerrak ere egongo dira Euskal Denda azokan. Baina aurtengo aukera garrantzitsuenetako bat birsorkuntza tailerra izango da. «Intsektuentzako habitat ezberdinak egiteko prozesua erakutsiko da». Horrez guztiaz gain, aurtengo kultura gonbidatua Eskozia izango da, Durangoko Azokan bezala. Aitzakia horrekin, Peter Gillies artisaua azokan egongo da, eta euren ohiturak ezagutaraziko ditu.
Azken urteetan 20.000 bisitari jaso ditu azokak, «eta hori lorpen handia izan zen bere garaian», baina, Arbasoko kideen ustez, kopurua gainditu daiteke.
EUSKAL DENDA AZOKA
Non. Durangon (Bizkaia).
Noiz. Gaurtik igandera arte.
Asteburuko proposamenak
Kultura eta artisautza eskutik
Durango. 18. Euskal Denda eskulangileen azokan 20.000 bisitarien muga gainditu nahi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu