Kulturak eta kirolak bat egingo dute datozen egunetan Hondarribian (Gipuzkoa), Bikingo Eguna deituriko jaialdia ospatuko baita bihartik igandera bitarte. Aurreko bi urteetan arrakasta lortu ondoren, «inoiz baino egitarau oparoagoa» prestatu dute aurtengo. «Bikingo Eguna kirol eta kultur ekitaldi bat da, eta jende askok parte hartzen du. Aurten, halere, inoiz baino jende gehiago espero dugu», adierazi du Hondarribiko Surf Eskolako presidente Iñaki Nabazkozek. Haren arabera, mimo handiz antolatu dute guztia, eta izango da zer ikusia eta zer gozatua.
Aritz Aranburu eta Axi Muniain surflarien hitzaldiekin hasiko dute bihar jaialdia. Euren esperientzien berri emango dute bi zarauztarrek, eta bertaratzen direnek nahi dutena galdetzeko aukera izango dute. «Aranburu eta Muniain oso ezagunak dira surfaren munduan, eta haur gehienek ere ongi ezagutzen dituzte. Horregatik etorriko dira guregana, surf zaletasuna zabaltzeko helburua baitugu». Itsas Etxea izeneko aretoan izango da hitzaldia, 20:00etan, eta ondoren hainbat ikus-entzunezko eskainiko dira.
Larunbatean goizean goiztik izango da ekitaldietan parte hartzeko aukera. 10:00etatik 14:00etara monopatinen txapelketa jokatuko da Hondartza kiroldegiko skate parkean. Arratsaldean, berriz, skate-eslalom eta BMX emanaldiak izango dira Butroi pasealekuan. «Alde batetik, profesionalak ariko dira, eta herritarrek goi mailako lehiaz gozatzeko parada izango dute. Bestetik, baina, nahi duen orok parte hartzeko aukera ere izango du». Larunbateko egitaraua amaitzeko, musika kontzertuak izango dira Uxoa tabernan.
Egunik garrantzitsuena igandea izango da, zalantzarik gabe. Izan ere, Sup modalitateko Europako Txapelketa jokatuko da Hondarribiko kaleetan zehar. Profesionaleko hamalau kilometroko ibilbidea izango dute, eta herritarrek kalera atera eta ikuskizunak gozatzeko aukera ederra izango dute, Nabazkozeren esanetan. Profesionalek euren lana amaitzean, nahi duenak modalitate hori probatu ahal izango du bost kilometroko ibilbide batean.
Nabazkozek nabarmendu duenez, «ohiko kirol mediatikoetatik urrun, badira beste kirol batzuk ere, eta Bikingo Egunaren xedea horiek ezagutaraztea da».
III. BIKINGO EGUNA
Zer. Aritz Aranburu eta Axi Muniainen hitzaldiak, eta Stand Up paddle surf, BMX eta Skate-eslalom txapelketak.
Non. Hondarribian.
Noiz. Bihartik igandera.
Asteburuko proposamenak
Kultura eta kirola bat eginda
Hondarribia. Bikingo Eguna jaialdia ospatuko dute bihartik igandera; lehiaketak, hitzaldiak eta beste izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu