Ezarian. Zientzia. Jon Mattin Matxain. Kultura Zientifikoa ekinaldiaren sustatzailea

«Kultura zientifikoa ez da zientziaz jakitea: jarrera bat da»

BERRIA.
Amaia Portugal.
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irailaren 25ean #KulturaZientifikoa etiketak hartu zuen Twitterreko txiolari euskaldunen denbora lerroa. Zientzian eta zientziaren dibulgazioan diharduten zenbait lagunek martxan jarritako ekinaldia izan zen. Jon Mattin Matxain (Iruñea, 1975) EHUko kimikariari eta Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe blogaren egileari otu zitzaion ideia, eta berehala topatu zituen bidelagunak. Zer hobetu badagoela uste du, baina, oro har, gustura dago emaitzarekin: 221 txiolarik erabili zuten proposatutako traola.

#KulturaZientifikoa etiketaren ekinaldiak bat egiten al du zure blogaren helburuekin?

Ez, Kultura Zientifikoa etiketarena gauza jakin bat izan zen. Maiatzaren bukaeran antzeko ekinaldi bat egin zuten gaztelaniaz, #FisicaCuantica etiketarekin, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Orduan, otu zitzaidan euskaraz ere horrelako zerbait egin genezakeela. Ideia sarean proposatu nuen, jendea erantzuten hasi zen eta #KulturaZientifikoa aukeratu genuen. Gai jakin bat izan beharrean gai orokor bat aukeratu genuen, ahalik eta jende gehien bateratzeko. Eta horrela batu ziren Elhuyar Fundazioa, unibertsitateko jendea, teknologia zentroak, Ikerbasque...

Zer da kultura zientifikoa?

Esango nuke ez dela zientziaz jakitea, jarrera bat izatea baizik. Geure buruarekin eta inguratzen gaituzten gauzekin jarrera kritikoa izatea. Aztertuz eta aurreiritziak alde batera uzten saiatuz ikusten ditugun gauzen arabera funtzionatzea. Niretzat hori da kultura zientifikoa edukitzea; horrek azkenean sortzen dizu halako ezinegon bat, eta ikasiz joaten zara.

Zer moduzko kultura zientifikoa dago Euskal Herrian?

Uste dut gehiago landu beharko genukeela. Behintzat, jarrera moduan ulertzen badugu. Ezagutza aldetik jendea ondo dabil hainbat gaitan, baina askotan jarreran huts egiten dugu. Hezkuntzan, askotan, gehiago lantzen da ezagutza bera, baina ez jarrera, edo gauza horiek nola jakin ditugun hausnartzea. Eta askotan horregatik hartzen dira ezagutza zientifikoak dogmatikoak balira bezala. Hor huts egiten dugu.

Zer moduzkoa izan zen kultura zientifikoaren eguna?

Erantzuna nahiko positiboa izan zela iruditzen zait. Kontuan hartu behar dugu ideia bota genuela ezer espero gabe, eta ikusi genuenerako zer antolaketa egin genezakeen eta zer jenderengana heltzeko aukera genuen, jada denbora gutxi geratzen zitzaigun prestatzeko. Beraz, oraindik badaukagu tarte handia horrelako ekinaldietara jende gehiago batzeko. Orduan, parte hartzaile kopuruarekin pozik nago, baina beste alde batetik, ikusita Umapen dauden Twitterreko erabiltzaile euskaldunen artetik %5ek bakarrik parte hartu zutela, hor badaukagu lantzeko esparru handi bat. Nire ustez, jende asko ez zegoen jakinaren gainean, eta seguru asko interesatuta egon zitekeen.

Zer alorretako jendeak hartu zuen parte azkenean?

Nire ustez, hori izan zen positiboena. Ahalik eta esparru gehienetako jendeak parte har zezan saiatu ginen: institutuek, irakasleek, ikasleek, unibertsitateek, ikertzaileek, ikerketa zentroek, kazetariek, Elhuyarrek, erakundeek... eta alde horretatik egon zen esparru guztietako partaidetza. Hurrengo ekitaldietarako abiapuntu on bat ematen digu horrek. Esparru guztietako jendeak parte hartu zuenez, orain izango dugu alor bakoitzean jende gehiagorengana heltzeko ahalmena.

Gizarte zientzietan diharduen jendea ere erakarri al zenuten?

Batzuk bai. Hizkuntzalaritzatik eta irakaskuntzatik.

Zer asmo duzue hemendik aurrera?

Ideia batekin ari gara. Sarean egin nahi dugun zerbait da: zenbait blogetan edo blog berri batean sarrerak idaztea, 600-800 hitzeko testu landuagoak. Saiatuko ginateke espiritu berarekin egiten, ahalik eta jende gehienak izan dezala parte hartzeko aukera. Mundu honetan lan egiten dugun guztiok gauza mordoa egiten dugu, baina bakoitzak bere aldetik, eta nahi dugu komunitate moduan zerbait erakutsi, guztiok zerbaitetan elkarrekin agertu. Oraindik ez dugu asko zehaztu nola egin; ari gara pentsatzen. Hurrengo asteetan joango gara zer edo zer jakinarazten, ideia nondik nora doan ikusteko, baina ekinaldia hurrengo urteko urtarrilean jarri nahi dugu martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.