Kulturak ez du mugarik, ezta asfaltoaren beharrik ere: sustraiak bota ditu landan eta Arabako herrietan loratuko da. Izan ere, gaurtik astelehenerat bitarte eginen dute Festikale arte topaketaren 12. aldia, Zigoitian (Araba). Guztira, hamabi konpainiak parte hartuko dute, bortz egunetan eta zortzi herritan barrena.
Zigoitia izanen da gune nagusia, Gopegi eta Ondategin biltzen baitira jarduera gehien. Baina aurten beste udalerri batzuetara zabalduko dute programazioa: Zuia, Legutio eta Burgu sartuko dira sarean, hain zuzen. Agurainen eta Bastidan ere izango dira ekitaldiak; hala, jaialdiak deszentralizazio kulturalaren alde egiten duen apustua sendotu nahi du, eta hiriko zirkuituetatik kanpo espazio artistikoak sortu.
«Beti pentsatzen dugu kultur ekitaldi handiak hirietan baino ez direla gertatzen; horregatik, landa inguruan ere bere balioa eman nahi diogu», adierazi du Unai Garcia antolatzaileak. Gainera, kultur komunitatea sortzeko erreminta gisa ikusten du: «Herritarrekin topo egiteko eta esperientziak konpartitzeko aitzakia da».
Jaialdiak herriari eta bertako biztanleei eskaintzen dien pizgarriaz hausnartu du Garciak: «Gure eguneroko lekuak errutina isil bihurtzen dira, eta bat-batean ezohiko zerbait gertatzeak beste esanahi bat ematen die tokiei».
Adin guztietako herritarrentzako eskaintza zabala prestatu dutela dio Garciak: «Landa munduan adin, estilo eta mota guztietako jendea dagoenez, saiatu gara jaialdiari osotasuna ematen mundu guztiak bere lekua topa dezan». Txotxongilo garaikide, antzerki bisual, zinema eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egonen da, bertzeak bertze.
Egitarau aberatsa
Mama Crea taldeak emanen dio hasiera ekitaldiari, 18:00etan, Legutioko Union plazan. Desiderata izeneko irakurketa instalazio eszenikoa eginen dute bertan. Añuako errotan, berriz, Panta Rhei taldeak Izarren Hartza obra antzeztuko du, 19:00etan, eta, Zigoitian, hamar film labur proiektatuko ditu Korterraza taldeak, 22:30ean, Bengolarra parkean.
Bihar goizean, Gerardo Casali artistak Toca Madera izeneko jolas tailerra antolatuko du Aguraingo Lezao kirolgunean. Kermes motako zurezko jokoen parke-instalazioa muntatuko du, adin guztietako herritarrentzat. Arratsaldean, berriz, Zigoitiko Bengolarra parkerat eginen du salto.
Talde gehiago ere arituko dira bihar Zigoitian: Kalimba elkarteak batukada joko du, 19:30ean, Bengolarra parkean; ondoren, Colectivo Glovok jarraipena emanen dio Triade deituriko dantza ikuskizunarekin, eta, haien ostean, Olatz Gorrotxategik Mierda de Ciudad antzerki dokumentatua taularatuko du, 22:00etan, frontoian.
Bertzalde, Izarrarat ere mugituko da jaialdia bihar. Ines Pasic igoko da Doña Lola lorategiko eszenatokira, eta Desde el azul mimo eta txotxongilo antzerkia eskainiko du, 19:00etan.
Hirugarren egunean, uztailaren 5ean, Zigoitia izanen da berriz ere topaleku. Ines Pasicek Gorputz Txotxongiloak ikastaroa eskainiko du goizean, Aurum etxean. Gainontzeko ekitaldiak Bengolarra parkean izanen dira, arratsaldean: Desiderata irakurketa; Baychimo konpainiaren Versos que anidan poesia errezitala; Ameztu taldearen Kay Robot antzezlana; Ines Pasicen Desde el azul emanaldia eta Silberius de Uraren Neønymus kontzertua.
Ez da haren kontzertu bakarra izanen, Bastidako Erdi Aroko harresietan arituko baita igandean, 20:30ean. Baina lehenago, Big Band Berri taldearen txanda izanen da. Jazza, soula eta funka uztartuko dituzte Zigoitiko Amaiur kalean.
Hasi bezala itxiko du Mama Crea taldeak jaialdia, astelehenean. Irakurketaz gozatzeko aukera Aguraingo Lezao kirolgunean izanen da azkenekoz, 10:00etan.