Kataluniako kulturari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte bigarrenez Deustun eta Zazpikaleetan (Bilbo, Bizkaia). Hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur eta bihar, Kataluniako eta Euskal Herriko kulturak uztartzeko.
Hasteko, Herrialde Katalanetako ezkerreko independentismoaren egoera izango dute hizpide, Deustuko herriko tabernan, 20:30ean, Candidatura d'Unitat Popular taldeko eta Endavant kideen eskutik. Horrez gain, Aj-DJ festa eta errunba kataluniarra izango dira Deustuko Gazte Lokalean, 22:00etatik aurrera.
Larunbateko ekitaldiak, berriz, Bilboko alde zaharrean zentratuko dira. 14:00etan, Zazpikaleetako herriko tabernatik hasita poteoa egingo dute. Hor bertan izango da, 15:00etan, herri bazkaria, eta Kataluniako produktuak jarriko dituzte dastagai. Bazkaria girotzeko arduradunak izango dira, batetik, Ibon Ajuria eta Miren Amuriza bertsolariak, eta Kataluniako ijitoen garrotina musika egiten duen Farriol Massip, bestetik.
19:00etan, trikipoteoa egingo dute Hegoaizearekin. 21:00etan, Ebri Knight taldeak kontzertua eskainiko du 7Katu gaztetxean.
KATALUNIAKO KULTUR JARDUNALDIAK
Zer. Hitzaldia: Herrialde Katalanetako ezkerreko independentismoaren egoera.
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Deustuko Herriko Tabernan (Bilbo).
Kulturen arteko hartu-emana
Kataluniako kulturaren jardunaldiak egingo dituzte Bilbon gaur eta bihar, bigarren urtez jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu