Etxalde batean sortu zen, ardi eta behi artean. Ez du segida hartu, baina laborantzarekin ez du harremanik eten Pantxika Maitiak (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1964). Eskola maite zuen, eta ikasketak segitzeko anaiari utzi zion etxaldea, beretzat hektarea bat atxikiz sagarrondoak landatzeko. Sagarrak, elkarteak eta bere lan ugariak ukan ditu aipagai Anhauzeko etxean.
Laborantzarekin harremana sagarrekin atxiki duzu?
Bai, baina sagorrondoekin baino gehiago, lanarekin. Ene lehen lana Garaziko laborantza lizeoan izan zen. Nahiz ez laborantza gaiak irakatsi, harreman zuzenean nintzen ikasleekin, eta hor zazpi-zortzi urtez aritu nintzen. Gero erabaki nuen ikasten segitzea, eta Etxarrin [Nafarroa Beherea] BTSa ikasi nuen, 27 urterekin. Laborantza ikasketak sakontzeko beharra nuen.
Laborantza ikasi, baina hedabideetara joan zinen, lehenik Irulegiko Irratira eta orain Kanaldudera. Nolakoa da euskal hedabideen panorama ?
Xantza dugu irrati bat eta telebista bat ukatea Nafarroa Beherean; uste dut ezin dela berdin erran probintzia guztietaz. Biziki lotua da euskararen egoerari. Ohartzen naiz euskara gibeltzen den arau irratien eta Kanalduderen lana zailago baizik ez dela. Euskaldunak atzematea geroz eta zailago da. Ez dakit jendea ohartzen den ikaragarriko xantza dela ukatea euskaraz hurbileko eta mundu zabaleko berriak eskaintzen dituen irrati bat eta tokiko telebista bat. Baina bai batarentzat eta bai bestearentzat biziki zaila da bizirik irautea, bereziki sos aldetik.
Telebistarentzat zailago izanen da, garestiagoa dela kontuan hartuz.
Bai, irratian kazetari bat aski da; telebistan, berriz, gutienez bi izan behar dira, hiru hobe litzatekeelarik soinua hartzeko, muntaketa aipatu gabe. Gastuak gutienez bikoizten dira telebistan.
Euskal Kultur Erakundetik (EKE) ere pasa zinen. Nolako jauzia izan behar duen elkarte batetik instituzio batera!
Menturaz bitxia iduritzen ahal du, baina neretzat ez hainbeste. Erakundea hor da elkarteak hor zirelako, eta elkarteek egiten zuten lanari esker sortu zen EKE. Hor da laguntzeko elkarteek egiten duten lana, nahiz ez den beti hala gertatzen. Lan egiteko maneran, aldiz, EKEn badira segitu beharreko orientabideak. Erranarazi nahi izan didate ez nuela aski libertate eta hargatik joan nintzela, baina ez da egia.
Baina EKEtik ere joan zinen.
Maite dut lanez aldatzea zazpi edo zortzi urte guziz; bestela eneatzen naiz, eta eneatzen banaiz, ez naiz ontsa. EKEtik joan nintzenean, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu berria zen, eta ez zen argi nork zer egin behar zuen. Erraten delarik EEPk euskararen alorra eta EKEk kulturarena landu behar dutela, kultura ezin da aitzinatu euskara gabe. Uste dut nire joateak gauzak argitu zituela.
Erran daiteke garai hauetako lekukoa zarela... kazetari, mahai inguruen moderatzaile zaren heinean...
Beste anitz bezala... Gero ni kuriosa naiz; horrek anitz lagundu nau ene bizian. Baina kuriosa alde onera, maila profesionalean erran nahi dut. Beti maite izan dut jakitea, jendeen entzutea... eta arlo guztietan, laborantzan bereziki, baina adibidez herriko kontseiluan naiz; hola herri elkargoan ekonomia batzordean segitzen dut.
Hainbeste inplikaziorekin sakrifizioak ere egin beharko dira, ez?
Betiko galdera da hori : «Nolaz bakarrik bizi zira?». Bide bat da. Baina xantza ikaragarria da, beti egin baititut lan biziki interesgarriak, eta hala baitziren sartu naiz horietan sekulan denbora kontatu gabe. Hori edozein lanetan, bai elkarteetan, bai erakundean.
Badu hiru urte Kanalduden ari zarela. Erran diguzu 7-8 urte oro lanez aldatzen zenuela. Zein izanen da ondokoa?
Uste duzu energia ukanen dudala oraino? Ez dakit... hor ari nintzen pentsatzen: maite izan dut anitz irakaskuntza, animazioa, laborantza, hizkuntza... denak! Orduan ez dakit, nola gerta... Baina entzuten dudalarik jendea eneatzen dela ez dut ulertzen, ni ez naiz sekula eneatu!
Pantxika Maitia
«Kuriosa naiz; horrek anitz lagundu nau ene bizian»
Irulegiko Irratia, Euskal Kultur Erakundea, Kanaldude. Horietan irabazi ditu soldatak, baina elkarteetan ere lanean aritu da beti, laborantzan eta euskalgintzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu