Eusko Legebiltzarrean egin zuten atzo EITBko administrazio kontseiluaren bilera, taldearen 30. urteurrenaren aitzakian.
Ekitaldi instituzionala hasi aurretik, berriz, EITBko LABek elkarretaratzea egin zuen legebiltzarraren aurrean, EITBk 30 urte. Badu aldatzeko garaia! lelopean. Taldearen «egoera larriaren» hainbat puntu nabarmendu dituzte LABeko ordezkariek: «Iparrik gabe jarraitzen du EITBk; langileon ekimenaz eta inertzia hutsez jarraitzen du aurrera». Ostiralean sinatu zuten kontratuaren inguruan sindikatuko kideek uste dute horrekin berretsi egin dela Eusko Jaurlaritzaren «axolagabekeria, iparrik eta helbururik finkatu gabe funtzionatzen jarraitzeko asmoa». Kalitateko euskal komunikabide publikoa izatetik urrun dago EITB, LABen arabera: «Kalitatea parametro teknologikoetara mugatzen da; euskal kultura eta hizkuntza inoiz baino zokoratuago gelditzen da espektroan, digitalizazioak aukerak zabaldu dituenean, eta hori ez da axolagabekeria, baizik eta nahita eginda dago; Euskal Herria komunikatzeko baino gehiago inkomunikatzeko, desegituratzeko erabiltzen ari dira. Komunikazioa eta informazioa propagandara mugatuta dago. Euskal Herria ez da existitzen, eta atzean utzi behar dugun Espainia etengabe kutxa tontotzailean». LABen ustez, egun EITBk elite ekonomiko eta politikoen mesedetara jarraitzen du: «Aukera sozioekonomiko, politiko eta borrokatzaileak baztertu egin ditu EITBk». Diagnosi hori eginda, LABek uste du EITBren 30. urteurrenean Euskal Herriak ez duela ezer ospatzeko: «Bada garaia Euskal Herriak behar duen kalitateko euskal komunikabide publikoa sortzeko».
Lizundiaren kritika HBri
Arantza Quirogak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideek EITBko administrazio kontseiluko kideei harrera egin ostean, Jose Luis Lizundia euskaltzainak EITBren legearen sorrera nolakoa izan zen gogoratu zuen, 1982an hura Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordearen buru ordea baitzen. Ezker abertzaleaz honako hau esan zuen Lizundiak: «Egunen batean euskal gizarte honen aurrean autokritika sakona egin beharra du HBk, zeren eta ez zuen ezEITBren Legean ez Euskararen Legean parte hartu, axolagabekeria historiko batean eroriz». Luke Uribe-Etxeberria EITBko administrazio kontseiluko behin-behineko presidenteak nabarmendu zuen kultura eta hizkuntza propioak desagertzeko arriskua dagoela. «Eskubide eta behar bat da herri batean komunikabide publikoak izatea, bere errealitateaz informazioa bakarrik beste batzuek eman ez dezaten».
Administrazio kontseiluko bileran Bost Puntu agiria irakurri zuten. EAJko ordezkariak agiriaren alde azaldu ziren.
Komunikazioa
LAB: «Bada garaia kalitateko euskal komunikabide publikoa sortzeko»
Jose Luis Lizundia: «HBk autokritika sakona egin beharra du EITBren Legean parte hartu ez zuelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu