Labar arteak orainaz dioena

Ekainberri hamargarren urtemugara heldu da aurten, eta urte guztirako egitarau batekin ospatuko dute. Eztabaida eragin nahi dute ondarearen eta gaurko gizartearen artean

Ekaingo kobaren erreplikak, Zestoako Ekainberri galerian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gutxi dira kobazuloen erreplika museoak. Bada, bakan horietako bat da Zestoako Ekainberri (Gipuzkoa), Ekain leize zuloaren eta hango labar artearen erreplika jasotzen duen gunea. Koben erreplika gutxi egon arren, Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzailearen esanetan erreplika indarra hartuz doa. Hamar urte bete ditu Ekainberrik. Urte «emankorrak», dio, eta dagoeneko «kontsolidatutako errealitate bat» da. Pozik dago museoaren atzeko lan taldea: «Ondarearen kulturaren sentsibilizazioa zabaltzeko egitasmo bat da, eta bisitariek eta hartzaileek hala erantzun digute». Urteurrena ospatzeko, urte osorako egitaraua prestatu dute, eta asteburuan hasiko da, Kobaz Koba Trail mendi lasterketarekin.

Hamar urtean, Ekainberrik 280.000 bisitaritik gora bildu ditu. Lehen urteetako «nobedadearen tartea» igarota ere, erakarpenari eustea lortu du. «Hamar urtean oso ibilbide sostengarria eta erregularra izan dugu. Oso konstantea da, bisitari tipologiari dagokionez; hori da bereizten gaituen ezaugarri bat». Ekainberriko bisitariaren profila askotarikoa izan arren, batik bat seme-alaba gazteak dituzten familiak eta eskolak nabarmentzen dira.

Duela hamar urte, bazituzten zenbait kezka egin behar zuten horrekin: «Geneukan zalantzetako bat zen nola zahartuko ginen. Ezin ditugu aldi bateko erakusketak egin museo baten moduan. Gure funtsa Ekain da, eta bere margolanak. Baina osasuntsu zahartu da».

Ondarearen oraina

Ekaineko labar margolanak 1969an aurkitu zituzten Sastarrain haranean. Madeleine aldiko 70 animalia irudi dira, eta zaldia da ugariena. Ekainberrik margolan horien erreplika zehatza berreraikitzen du, baita jatorrizko atmosfera ere. «Ekaineko sentsazioak erreplikatzen ditugu; tenperatura, hezetasuna, isiltasuna, soinuak... Ireki genuenean, errepliken alorrean berrikuntza izan zen hori. Ordura arte, kobaren erreplika areto batean sartu eta horretan geratzen zen», azaldu du Aranburuk. Ekainberrik jarduera programa oparo batekin osatu du sentsazioen esperientzia horretara hurbiltzeko eskaintza hori: «Udan animaliak izaten ditugu, astronomia esperimentaleko jarduerak, sua nola egin, margotu, ehizatu... gure programaren ardatz nagusiak bihurtu dira. Eta hori, batik bat, bisitariei begira erabaki da. Hurrengo hamar urtetan ere bisitariek eta gure gizarteak esango digute zer egin behar dugun».

Aranburuk aitortu du duela 14.000 urteko gizarteak asko duela gaur egungoari kontatzeko eta erakusteko, eta, alde horretatik, gaurko erronken «soluzioaren parte» izatearen premiaz dihardu. «Zer-nolako Europa eraiki nahi dugun, adibidez. Historiaurrean ere gertatu ziren hegotik iparrerako giza migrazioak, eta, onerako zein txarrerako, ondare honek gogoetan laguntzen du. Kulturalki nola azaldu zaizkigun gauzak gaurko kritikotasunetik aztertu behar dugu». Zientzialarien interesa etengabe berritzen dela adierazi du Aranburuk, eta, horregatik, besteak beste, azken boladan lekua irabazi dutela genero ikuspegitik egindako interpretazioek. «Ezin gara fosildu duela 14.000 urtekoa kontatzen. Ondareak balio bat izan behar du gaurko gizartearentzat, eta baliagarria izan behar zaigu; hori da erronka».

Horregatik, urteurreneko ospakizunei lotuta, uztailaren 20an egingo dituzten jardunaldiak azpimarratu ditu Aranburuk. Europako errepliken lau proiektuak elkartuko dituzte: Chauvet (Okzitania), Lascaux (Okzitania), Altamira (Espainia) eta Ekainberri. Aurretik, martxoan Donostiara helduko den #IceAgeEuropaNow erakusketa nabarmendu du. Europako hamabost herrialdetako ondarea erakutsiko du, eta testuen bitartez hizkuntza ugari, tartean, euskara. «Horrekin, gure kultura Europara zabaltzen ari da. Handia da hori halako zientzia mundu batean, eta hori instituzioak tartean daudenean baino ez da lortzen; Ekainberri egon ez balitz, ez genukeen hor tarterik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.