Ehko identifikatzailearen barruan bere lana eta bizi-filosofiarekin bat egiten duen bide bat aurkitu du Sebastien Jaudek. Duela pare bat urte hasi zen baratzezain Ahatsan (Baxenabarre), tokiko batek urririk prestatzen dion 8.000 metro koadroko lursail batean. Bordelen sortua da. Bada 17 urte iritsi zela Lapurdira. Luzaz Getariako (Lapurdi) zahar etxe batean sukaldari lanetan aritua da.
Bizi-proiektuz aldatu badu geroztik, argi izan du hatsarretik baratzezain egitekotan ez zuela nolanahiko baratzezaina izan nahi. Eta alde horretatik, AB laborantza biologikoaren ezaugarri den logotipoa ez zaio batere egokia: «Ez da aski biologikoa, nire iduriko». Bereziki 2009an araudiak malgutu zituztenetik Bruselan. Supermerkatuko ekoizpen biologikoak ditu gogoan. Horiek ere ziurtagiri bera dute, eta, alta, «ez dugu lan bera egiten».
Hektarea bat baino gutxiago izatea eremu ttipia izatea da, gaineratekoei konparatuz. Eta hor, 70 bat barazki mota ekoizten ditu Jaudek. Ez du kimikarekin lan egiten, eta zerbait ekartzen badio lurrari, auzoan duen abeltzain biologiko baten ongarria da. AB ziurtagiriak, ordea, bere uzta galtzekotan denari kimika erabiltzeko salbuespen bideak eskaintzen dizkio. Hori du beste ezadostasun bat. Baina funtsezkoa hauxe: bere 8.000 metro koadroetan «etikarik ez banu, porruak baizik ekoitz nitzake». AB ziurtagiriak baimentzen du ekoizpen bakarra. «Baina zentzuz kontra doa. Ekosistemak sortzen dira espezieak biderkatzen direlarik. Biologikoan lan egiteak hori erran nahi du oinarrian. Landareak ez artatzea. Natura uzteko bere bidea hartzen. Naturak ez du gure beharrik hazteko».
ABk ez bezala, Ehko identifikatzaileak horrelakoak ez ditu baimentzen. Ehkok etxaldea bere osotasunean hartzen du. Proiektua osotasunean zaintzen du, ekoizpenetik harago, lan kontratuak eta baita laborariaren bizimoldea ere. Jaudek berak ez du gaizki ikusten, adibidez, identifikatzailea lortzeko egin bisitetan laborariaren hozkailua irekitzea ikusteko ea zer jaten duen laborariak, ea biologikoa jaten duen, ea «koherentzia» baduen laborariak. Edo beste muturreko adibide bat hartuz, biologikoan aritzea eta 4x4 bat ukaitea hori ez zaio logikoa Jaudi.
Ehkoren kasuan, kontsumitzaileei begira, zuzenki ezagut dezaketen ekoizleen sare bat proposatzea ideia ederra zaio baita Jaudi. «Supermerkatuko tomatearen ekoizlea ikustea ezinezkoa da. Hori garrantzitsua da». Baina kontsumitzailea bezainbat, laborariari ere ezagutarazi behar zaio Ehko identifikatzailea, Jauden arabera. Ipar Euskal Herrian bertan gutxiegi direla deritzo.
Alde horretatik, zorroztasun horiek kontsumitzailearen konfiantza zintzoa lortzeko balio badute, horiek dakarten lana etxaldeentzat «oztopo» bat ere izan daitekeen beldurra ere badauka Jaudek: «Konplikatuegia izatea». Jaudek berak jatorritik duenez Ehkoren filosofiarekin bat egiten, ez du deus moldatzerik. Bere kasuan, ezagupen bat du Ehko. Baina gerta daiteke moldatze lanak egin behar izatea. «Baina araudi aldetik eskasegiak bagara, ez dugu lan ona egiten. Laborantza ahal bezain biologikoa egitera motibatzea da helburua. Laborantza biologiko duina. Eta, gainera, horri esker, zinez beren lanaren ispilu izanen den ezaugarri bat ukan dezakete laborariek».
Jauden beste esperantzaEhkok sortuko duen sarean datza. Gaur egun erosten dituen hazi biologikoak urrundik ekartzen ditu. Hego Euskal Herrian hazi biologikoak eskuratzeko aukerak badaudela badaki, baina oraindik kontaktu gutxi dauzka alde horretan. Ehkoren bidez, berriz, hurbiltasun hori eta aukera zuzen horiek errazteko bideak ikusten ditu. Haatik, ez daki euskaraz. Alde horretatik bere ahulezia aitortzen du. Ehkoren hizkuntza nagusia euskara baita. Bilkuretan norbait ondoan jartzen zaio itzulpenak egiteko.
Horiek guztiak aipatzerakoan, gogotsu dago Jaud Ehkoekin abian jartzen ari den bideari begira. Bere kezka nagusia ez du horretan. Bere kezka du ea segitzen ahalko duen geroan ere baratzezaintzan. Ahatsako lurrak bost urterako dauzka bakarrik. Abiatzeko dizkiote utziak. Hainbat ate jo ditu beste lur batzuen bila, baina mementoko, deus ez.
Sebastien Jaud. Baratzezaina
«Laborantza ahal bezain biologikoa egitera motibatzea da helburua»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu