ELB sindikatuko langilea da Joana Detxart (Baiona, 1996). Ttipitan, lehen urratsak Baionako bestetan egin zituen, gurasoekin, eta gaur egun laborarien txokoan ari da lanean. Kalitatezko platerak proposatzeaz gain, laborarien txokoak jateko eta edateko bertze manera bat eskaintzen du. Azken finean arnasgune bat dela kontatu du Detxartek, besten eredu «bortitza» bazter uzten dela hartan.
Zer desafio ekartzen du laborarien txokoaren muntatzeak?
Desafio handia da, eta kemena galdegiten du. Energia behar izaten dugu, goizetik arratsera dena martxan emateko prest utzi behar baitugu bestendako. Gure helburua da tokia martxan ezartzea eta ekoizleak eta kozinatzen ditugun ekoizpenak lehenestea.
Laborarien txokoan lortu irabaziek diruztatzen dute ELB.
Gure sindikatuan laborantza herrikoia eta duina defendatzen dugu. Azken finean, laborari ttipien biziaraztea da gure helburua. Gure lehentasuna hori denez, laborariei manaketak egiteko tenorean mozkinak prezio ahalik eta duinenean erosten ditugu, hori baita gure ardatza. Bestalde, irabazitakoaren bitartez gure lanpostuak diruztatzen dira, sindikatua biziarazteaz gain.
Janariaz mintzo bagara, zenbat mozkin ekartzen duzue?
Oro har, janari proposamena aski zabala denez, 50 ekoizle ingururen produktuak ekartzen ditugu, baita hamar kooperatibarenak ere. Haragi, barazki, esneki eta fruitu, denetarik bada ontsa jateko: behar den guzia atzematen da laborarien txokoan.
«Gure sindikatuan laborantza herrikoia eta duina defendatzen dugu. Azken finean, laborari ttipien biziaraztea da gure helburua»
Nola egiten duzue hainbertze manaketa koordinatzeko?
Laborarien txokoak funtzionamendu propioa du. Kasik bakarrik ari da, laborariak baitira antolatzaileak azken finean. Gunea sortu ondotik sartu ginen sindikatuan; orduan, gu baino hobeki dakite nola antolatu gunea. Azken bi urteetan, funtsean, guk lagundu diegu horretan. Guk urte batetik bestera ikusten dugu zer kontsumitzen den, jakinik oro har urte guziz kontsumoa handitzen dela.
Ondorioz, nola bizitzen dituzu Baionako bestak laborarien txokotik?
Laborarien txokoa arnasgune bat da, jateko toki hoberena baita besten denboran. Langile izan baino lehen, kontsumitzaile gisa jiten nintzen, ongi jateko eta pausatzeko. Betidanik ikusi dut txoko hau alternatiba gisa, eta zentzuzkoa atzematen dut hala izan dadin. Betidanik lan egin izan dut Baionako bestetan, eta, urtetik urtera, gehiago ikusten dut nihauren burua lanean bestan baino.
Turistentzat egiten direlako besta hauek?
Ttipitik ibili izan naiz bestetan. Oroitzen naiz gurasoek aitatxiren eta amatxiren etxean uzten gintuztela bestaz profitatzeko. Heldu gisa, berriz, aski fite lanean hasi nintzen besten denboran. Ohartzen naiz bestetan bertakoek proposamena sortzen dutela beste batzuentzat, hots, kanpokoentzat.
Bertakoentzat dirua lortzeko parada izan daiteke?
Hori da. Bestak diru iturri dira bertakoentzat, edo, bestela, erbestea. Baionar anitz ihesi joaten dira, baina, hala ere, batzuek bestez gozatzen dute; ez da dena zaku berean sartu behar. Nihaur ere, baldin banu gaualdi bat libre, Patxa plazara joanen nintzateke besta egitera. Badira toki alternatibo batzuk, baina geroz eta gutiago dira. Ikusten dugu norentzat eginak diren besta hauek. Begiak ireki ahala, geroz eta gogo gutiago dut bestetara joateko.
Geroz eta bortitzagoak direlako?
Ez dakit. Besta hauek betidanik izan dira bortitzak, neurri batean. Alkoholaren gainean eraikitzen dira, eta, ene ikuspuntutik, bortizkeria hori garatu da, jende gehiago baita gaur egun. Bortizkeria jende kopuruaren arabera handitu da.
MOTZEAN
Laborarien txokoko plater gustukoena?
Etxeko burgerra.Zure momentu gustukoena Baionako bestetan?
Laborarien txokoa irekitzea, eguerdiro.Eta gorroto duzun momentua?
Igandean jendeak kanporatu behar izatea karpa azpitik.