Tanttaka konpainiak Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa Elurretan) antzerki eta musika ikuskizuna antzeztuko du gaur eta bihar Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Mikel Laboa gogoratzeko asmoz sortu dute ikuskizun hori. Laboari buruz ez dakizkigun gauza askotaz era intimo batean hitz egingo dute. Edo, nahiz eta askotan entzun izan, gustuko ditugunak gogoratzeko. Hiru aktore eta bi musikari elkartu dituzte Laboaren barne unibertsoaz mintzatzeko: Iñaki Salvador (pianoa), Angel Unzu (gitarra), Maria Berasarte (ahotsa), Mireia Gabilondo (zuzendaria eta aktorea), Iñaki Rikarte (aktorea). Bernardo Atxagak ere parte hartu du lan horretan, gidoilari gisa.
Lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da ikuskizuna: Neguko gau elurtsu batean bizi izandako pasadizoak kontatzen dituzte. Argi txiki bat piztuko dute, eta norbaitek istorio bat kontatuko du. Beste batek akorde batzuk joko ditu, eta ondoren, Mikel Laboaren abestiren bat kantatzen hasiko dira. Laboaren nahiak, bizipozak, gauza intimoak, pertsonalak eta ezezagunak kontatuko dituzte. Eta nola ez, ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatzen, jolasten, hitz egiten eta isiltzen arituko dira hainbat eszenatan, «aske sentitu eta aske sentiarazteko».
IKUSKIZUNA
Noiz. Gaur eta bihar, 20:00etan.
Non. DonostiakoAntzoki Zaharrean.
Lagun arteko bilgunea
Mikel Laboa oroitzeko 'Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa Elurretan' obra emango dute Donostian gaur eta bihar

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu