Komunikabideen agenda informatiboak batik bat botere ekonomikoa duen gizon zuri heterosexualaren begiradari erantzuten dio. Ikuspegi feminista batetik, kazetariza egiteak aberastu egiten du, begiradak aldatzen dituelako». Pikara Magazine aldizkariko zuzendari June Fernandezek hainbat argudio eman zituen ostegunean Donostiako Filosofia fakultatean, Komunikazioa, botereak eta demokrazia mintegian. «Ikuspegi feminista batetik, ekonomia ez da bakarrik merkatuez eta bankariez hitz egitea, etxekoandreez ere aritzea baizik. Indarkeria matxista politika ere izan daiteke, ez soilik gizartea. Joera horiek auzitan jarri behar dira, ikuspegi androzentrikoa gailentzen baita».
Hala ere, Fernandez baikorra da euskal komunikabideekin. «Hainbat hedabidetan gaia lantzen ari da, neurri batean kazetari batek gurditik tiratzen duelako. Baina, apustu bat dagoenean, nabaritu egiten da». EITB Fernandezekin harremanetan jarri zen, eta prozesu bat abiarazi dute kazetari guztiak formazio prozesu batean murgiltzeko. Komunikazio ez-sexista lantzeko tresna praktikoak sortuko dituzte, eguneroko lanean erabiltzeko. Euskal Herrian prozesu aitzindariak egiten ari direlako gustura dago Fernandez, eta Argia eta BERRIA jarri ditu adibide ontzat.
Antxeta irratiak (Hendaia-Irun-Hondarribia) urteak daramatza proiektu feministetan lanean. Aitziber Zapirainek azaldu zuenez, barne mailan tailerrak eta prozesu formatiboak izan dituzte. Bozak elkartea ere sortu dute, generoaren inguruko proiektuak garatzeko. Entzuleentzat bi irratsaio egiten dituzte: Gonekin ero bero eta Amapola morea. Lehena albistegi feminista bat da —sei urte dira martxan jarri zutenetik—. Amapola morea-n bi astetik behin emakume bat elkarrizketatzen dute Zapirainek eta Mirari Martiarenak—Donostiako mintegian hizlariei galderak egiten aritu zen—. Hitza arnasbide proiektuarekin emakume etorkinei uhinetan ahotsa ematen diete.
Zapirainen iritziz, genero ikuspegian alde nabarmena dago Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. «Ipar Euskal Herrian kontzientzia txikiagoa da, gehienek uste baitute 1968an dena lortu zela, eta ordutik berdintasuna dagoela. Gaia gehiago lantzen da Hegoaldean, baina lan asko dago egiteko oraindik».
Info7ko programazio arduradun Maite Bidartek ere uste du alor askotan lan egin behar dela genero ikuspegia lantzeko. «Info7n ahalegin gero eta handiagoa egiten dugu. Baina irratia mundu maskulinoa da. Politikari garrantzi handia ematen diogu Info7n, eta politikaz arituko diren emakumeak aurkitzea zaila egiten zaigu». Info7k eliteko emakumeen kirol irratsaio bat estreinatu du berriki —Mikel Ibergoienek aurkezten du, astelehenero—.
Horrez gain, hizlariek nabarmendu zuten Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazar lantzen ari diren euskal emakume adituen biltoki digitala —abenduan aurkeztuko dute—. Tresna «oso erabilgarria» izango dela iragarri zuten.
«Lan asko dago egiteko»
Komunikazio eraldatzaile eta feministaren garrantziaz mintzatu dira Donostiako mintegi batean June Fernandez ('Pikara'), Aitziber Zapirain (Antxeta) eta Maite Bidarte (Info7).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu