Lan asko eta irabazi urriko urtea

Bihar hasi eta otsailaren 15era arte Udaberriko Jaialdia egingo da Txinan. Hau da, urte berria ospatuko dute. Euskal Herrian ere egingo dituzte ospakizunak, eta hemen bizi diren txinatarrek gogotik helduko diote jaiari.

Joan den urtean bezala, aurten ere Bilboko Arriaga plazan urte berri txinatarra ospatzeko ekitaldia egingo dute igandean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko zazpi biztanletik batek baino gehiagok urte berria ospatuko du bihartik aurrera. Txinatarrentzat Udaberriko Jaialdia hasiko da orduan, eta hiru aste iraungo du ospakizun horrek. 4.712 urtean sartuko dira bihar txinatarrak, eta egun horren harira munduan gertatzen den aldibereko migraziorik handiena izango da. Dagoeneko hasi dira hirietatik herrietarako migrazio horiek, eta Udaberriko Jaialdi horretan—hala deitzen diote ospakizunari— 3.620 milioi joan-etorri egingo direla espero dute, inoizko daturik handiena. Urte berria ospatzeko ekitaldiak otsailaren 15ean amaituko dira, Linternen jaiarekin batera. Kung-his fa-tsai izango da egun hauetan Txinan gehien entzungo den esaldia. Alegia, zoriona eta oparoaldia.

Egun hauetan izan diren milioika migrazio horiek Asiako herrialdean bertan izango dira batez ere. Euskal Herrian bizi diren txinatarrak hemen geratuko dira, «lan asko» daukatelako, Juan Chu Euskadiko txinatarren elkarteko idazkariak azaldu duenez. «Familian elkartuko gara, eta igaro den urtea zelakoa izan den aipatuko dugu, alde positiboak eta negatiboak. Horrez gain, datorrena nolakoa izango den ere aipatuko dugu». Txinako ospakizuna gogoan izango dutela ere azaldu du, eta han dauzkaten familiako kideekin ere hitz egiteko aprobetxatuko dute eguna. Telefonoz deitu ohi dietela adierazi du.

Patxi Martak ere gogoko du ospakizun hori. Marta ez da txinatarra, Gasteizen jaioa baizik. Baina betitik izan du Txinarekiko halako begirunea. «Euren idazkera, borroka arteak, margolanak eta abar. Dena gustatzen zait», dio. Halako ikusmina dauka duela 25 urte EH Wushu Txinako Lagunen Elkartea sortu zuela. Ordutik txinatar kultura zertan den erakusten die euskal herritarrei, eta txinatarrei, euskal kulturaren nondik norakoak. Eta urte berria ere ospatzen dute. Era horretan, Gasteizen bizi diren txinatarrekin batera kalejira bat egingo dute lehenbiziko, eta jatetxe batean afaria egingo dute ondoren. Afari hori, ordea, larunbatean egingo dute. «Txinatarrentzat familian elkartzeko egunik garrantzitsuena izaten da, beraz, hemengo familia elkartzen gara». Edonola ere, nahi baino jende gutxiagok parte hartzen duela aitortu du: «Hemen dauden txinatar gehienek euren negozioan egiten dute lan, eta egun hauetan ere buru-belarri dihardute».

Baina urte berriaren ospakizunak ez du Euskal Herriko txinatarren artean hiru asteko iraupena izango, ezta gutxiago ere. «Hemengo ohiturak gure egin ditugu», azaldu du Chuk. Eta ez da gutxiagorako, 30 urtetik gora baitaramatza Bilbon bizitzen. Urte berri ospakizunetako tradizioak ez ditu betetzen dagoeneko, eta horren partez, Eguberri eguna edo hemengo Urtezahar gaua ere ospatzen duela dio. Hala ere, bere kulturari tartea egiten dio, baina ez hiru astean. «Nahi baino gehiago ohitu naiz hemengo kulturara», dio irri artean. Horren adibide jarri du petardo eta pirotekniaren erabilera. Izan ere, beste modu batean ezin, eta Txinan urte berriaren ospakizunetan sekulako harrabotsa sortzen dute. «Ohitura hori guk hemengo Urtezahar gauean egiten dugu, baimenak eskatu behar baititugu bestela. Hori egin ezean Polizia etorriko litzateke guregana...», jarraitu du umoretsu.

Gau horretako ohiturei ere eusten saiatzen dira Euskal Herrian egon arren. Horien artean, esaterako, afarian edukiko duten menua. Haragiz betetako ravioli tankerako pasteltxoak oso ohikoak dira egun hauetan, eta hemen jaten diren polboroien antzeko gozoak ere ez dira falta mahai gainean. «Guk egingo dugun afarian bi elementu horiek ez dira falta, baina hortik aparte norberak nahi duena jango du», azaldu du Martak. Txinan bertan afari horiek oparoagoak izaten direla azaldu du, hamabi plater ingurukoak izaten baitira. Tartean arrainik ez da falta izango. Afalondoan, azkenik, karaokeari eta umeentzat oso estimatua den hung-pao izenekoari segida emango zaie. Hau da, gutun-azal gorriak jasotzen dituzte etxeko haurrek, bertan dirua dutela. «Gaueko unerik politena izaten da eurentzat», Churen arabera.

Edonola ere, biharko afariaz gain, beste ospakizun bat ere izango dute Bilbon bertan. Igandean urte berri txinatarraren harira munduan horren ezaguna den lehoi dantza egingo baitute Arriaga plazan EH Wushu elkarteak, Qiao Zubia kultur elkarteak eta Euskadiko Txinatarren Elkarteak antolatuta. Horrez gain, euskal eta txinatar kantuen emanaldi bat eskainiko dute, eta borroka arteen emanaldia ere egingo dute. «Aurreko urteetan leku itxietan egin genituen ospakizunak, baina joan den urtean Arriagara joan ginen, eta jendetza bildu zen», azaldu du Chuk. Euskal herritarrek eta txinatarrek ikusi ahal izan zuten ospakizuna, eta uste du horrek euren kultura gerturatzeko balio izan zuela. Aurten ere jende ugari bilduko dela uste du.

Sendotzeko urtea

Mendeen parekoak diren 60 urteko aldiak dituzte txinatarrek. Ziklo bakoitzean ying eta yang-a, zeruko bost elementuak —ura, metala, egurra, sua eta lurra— eta hamabi animalia tartekatzen dira. Aurten, egurrezko zaldiaren urtea izango da, eta horrek bereizgarri zehatzak izango ditu urteari begira. Eta ezaugarri nagusiaren arabera, aurretik datorren egoera txarra bideratuko du zaldiaren urteak. Izan ere, atzean utzi dutena sugearena izan da, eta animalia horrek urte txarra izango dela aurreratzen du. Eta hala izan da, Churen esanetan: «Txinarentzat, munduko ekonomiarentzat edo egoera sozialarentzat urte txarra izan da». Martak ere hala uste du: «Sugearen urteak dragoiarenak konpondu ez zuena bideratzen du. Baina, edonola ere, urte mugituak, konbultsiodunak izan ohi dira», dio. Alegia, hasi aurretik amaitzea egokiagoak diren urteak izan ohi direla.

Eta zaldiak egoera zail hori konponduko duela uste dute Chuk eta Martak. Chuk Txinako usadioak dioena gogorarazi du: «Arazoekin amaitzen duen animalia izaten da». Edozein modutan, lan ugari egin beharko da, zalantzarik gabe. «Zaldiaren urteetan, idiarena bezalaxe, lan asko egin behar da, irabazi gutxirekin kasurik gehienetan», Martaren arabera. Urtea ez da txarra izango, baina «irabazi handirik ere ezin da espero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.