Lan bila, itsas hondoan

Itsasoan sortzen ari diren lan aukera berrien inguruko informazioa emateko, erakusketa bat jarri dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan datorren ekainera arte.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan jarrita dagoen erakusketan, itsasoan dauden lan aukeren berri ematen dute. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren ondorioz, langabezia etengabe ari da gora egiten, eta kaltetu nagusiak gazteak dira. Hori ikusita, irtenbidea eman nahi izan diete hainbeste langaberi Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak eta Bajoelagua Factory enpresak: Zu eta itsasoa. Lan aukeren ozeanoa izenburupean erakusketa bat antolatu dute, eta itsasoak eskaintzen dituen hainbat lanposturen berri ematen dute hor. «Itsasoak ahalmen handia dauka lanpostuak sortzeko», azaldu du Borja Saratxo Bajoelagua Factory enpresako zuzendariak. Horrenbeste, ezen itsasoarekin zerikusia duten lanpostuak gora egiten ari baitira orain. Beraz, krisi garaian beste aukera batzuk bilatzen laguntzeko, erakusketa egokia izan daiteke. Ekainaren 10era arte egongo da zabalik erakusketa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.

Jon Ruigomez museoko zuzendariak Ernest Hemingwayren Agurea eta itsasoa eleberria ekarri du gogora erakusketarien asmoa azaltzeko. «Istorio horretan agureak itsasoan barrura egin behar du arrantzatu ahal izateko. Gaur egungo gazteek horrelako erronkak behar dituzte. Alegia, aurrera egin ahal izateko ekinbide berriak bilatu behar dituzte». Horregatik, uste du erakusketak lehen pauso hori ematen lagunduko diela, eta oraintxe jende asko ezezaguna zaien sektore batera erakartzeko baliagarria izango da.

Iraunkortasun eta berrikuntzen leku

Itsasoan gero eta lanpostu gehiago behar dira, baina zein eratakoak dira? Itsasoko ikerketak, merkataritzak, itsas bidaiak, petrolioa lortzeko zulaketak, olatu eta mareen bidez energia lortzeko baliabide berriak, itsaspeko lanak, arkeologia, geologia, telekomunikazioa, industria biofarmazeutikoa, turismoa, eta abar. Horien berri izateko, erakusketan zehar jarrita dauden hainbat paneletan dago informazioa.

Lanpostu horiek guztiak goranzko joeran daude. Horregatik, orain langabezian daudenentzat prestatu dute erakusketa. Ondorioz, haientzat sarrera doakoa izango da.

Baina, lanpostu berrien eskaintza goranzko bidean dagoen heinean, iraunkortasuna ezinbestekoa da. «Klima aldaketak, kutsadurak eta arrantzak itsasoko faunari eta bioaniztasunari eragiten baitiete», Saratxoren esanetan. Horregatik, iraunkortasunaren inguruan kontzientzia hartzeko, eta lanbide berriak jasangarri izateko bidean, hainbat hitzaldi ere emango dituzte erakusketa zabalik dagoen bitartean, maiatzean batez ere. Hala ere, hitzaldi horien egunak eta kopurua zehaztu gabe dauzkate oraindik. Iraunkortasunaz gain, aholkularitza ere eskainiko dute hitzaldi horietan.

Berrikuntzarako eta ekintzaileentzako gune bat ere egongo da erakusketan. «Ideia berriren bat daukan orok panel batean idatzi ahal izango du», Ruigomezen esanetan. Horiek ondoren gauzagarriak diren edo ez profesionalen esku geratuko da. Erakusketa atzo bertan zabaldu zuten, eta dagoeneko bildu dute lehen ideia.

Zu eta itsasoa. Lan aukeren ozeanoa erakusketa, beraz, lanpostu azoka bat bezalakoa da. Baina badu berezitasunik, historian zehar gizakiak itsasoarekin izan duen loturaren inguruko gogoeta egiteko ere balio baitu.

Ekainean, kentzen dutenean, Espainiako hainbat hiritan jarriko dute erakusketa. Oraingoz, Zaragoza eta Sevillan jartzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.