Habanara etorrarazi nauzu, zure heriotza zio. 2010ean mintzatu ginen lehendabiziko, eta, geroztik, bizpalautan ere gertatu gara elkarrekin berriketan. Azken hizketaldi bat nahi nuke, tonban zaren honetan. Ez da une gozoa, baina bizian beti izan zen gozo zurekin hitz egitea.
[Barre algaraka] ¡Dulzón! esango lizukete hemen, hainbeste gozo eta feria! Argi ibili, gero! Ezagutu nindutenek badakite momentu txiki bat besterik ez nuela behar gozotik mikatzera egiteko. Halaxe esan zidan behin adiskide lagun batek, istant batean pasatzen naizela bihotz nare eta baretik trumoi eta tximistara. Eta hori, inondik ere, aitagandik datorkit.
Aitaren bideak markatu du zuen familiarena. Gerrak, oroz gain.
Ez da gaizki esana. Aita nuen Daniel Aranguren Mendizabal, Legazpiko [Gipuzkoa] alkate izana 1931tik 1933ra. 26 urte zituen, eta, nik dakidala, orduko alkaterik gazteena izan zen. Eta, esate baterako, 1932an Euskal Herriko udalak Lizarran [Nafarroa] bildu zirenean autonomia-estatutua onartzeko, hantxe egon zen, Legazpiko herriaren ordezkari goren. Ez dakit esan beharra dagoen, abertzalea zen, EAJkoa. Sasoi hartan ezagutu zuen Agirre lehendakaria —Getxoko [Bizkaia] alkate zen denboran, seguruenera—, eta badakit Agirre Habanara etorri zen guztietan gure gurasoek ez zutela aukera urri hura galdu nahi izaten, eta nola edo hala moldatzen zirela Santa Claratik hiriburura joateko.
Hiru aldiz ere izan zen Agirre lehendakaria Kuban.
Nik dakidala, 1942, 1946 eta 1954an, eta gurasoek kontatuta, inoiz ez zuten hura ikustetik huts egin. Lehendakaria irlan zenero, Santa Claratik Habanara gurasoak, Agirre saludatzera. Haren bisitaren aitzakian, euskaldunek ohiko ekitaldiak asmatzen zituzten, eta badakit aitarentzat Agirrerekin hitzaspertua egitea gauza handia zela, guztiz.
«Osaba Juan espioitzaz akusatu zuten, mapa zahar batzuk hartu, eta Kuba ekialdeko landa esploratzeari ekin zionean»
Espainiako gerra 1936an. Zuen aitak atzerrira bidea hartu behar izan zuen.
Ihes egin behar, akabatuko zuten bestela! Abertzalea, alkate izana, eta bila zihoazkion! Legazpin utzi zituen andrea —gure ama—, eta gure arreba gehien edo zaharrena: Libe. Gure aita zen Telleriartekoa [Legazpi], Erreizabal baserrikoa. Artzaintzaren ekomuseoa egina dute orain. Ama zen Emilia Etxeberria Murgiondo, Mutiloako [Gipuzkoa] Barkaiztegi baserrikoa. Aita 1905ean jaioa zen, ama 1912koa. Gerra baino bi urte lehenago ezkondu ziren, eta Legazpin bertan jaio zen Libe, ondoko seme-alabok ez bezala, gu Kuban jaio baikinen, Santa Claran.
Zer dela-eta egin zuen aitak Kubara?
Nik dakidala, Santiagon [Kuba] ohorezko euskal kontsulatu bat zegoen, eta, bestalde, gure aitak bi anaia ere bazituen irlan, frantziskotarrak biak, Juan eta Pedro. Juan, esaterako, parroko zen La Salud eta Quivican herrietan, eta kapilau, berriz, Luyanoko Jesusen Mirabeetan. Osaba Juanek anekdota bitxia du, espioitzaz akusatu baitzuten, mapa zahar batzuk hartu, eta Kuba ekialdeko landa esploratzeari ekin zionean. Bigarren Mundu Gerra garaia izan, eta nazientzako lanean ari zela uste izan zuten. Garaiko prentsan kontatu zuten suzedidoa. Etxeko beste frantziskotarra, Pedro, Placetasen zen fraide...
Santa Claratik ez urruti, ez aparte, alegia.
35 kilometrora, nahiko hurrean. Gogoan dut osaba Pedrori bisitan joaten gintzaizkiola igandero Placetasera, aitak euskaraz hitz egin nahi izaten baitzuen, eta, horretarako, Placetasen zituen anaia [Pedro] eta hango frantziskotar euskaldunak; aita Pertika-eta. Gogoan dut itzuleran aita Euskal Herriaz, euskaraz eta kulturaz mintzatzen zitzaigula. Gurasoak Santa Claran bizitu ziren beti, 1941ean han elkartu zirenetik hil ziren arte. Bost urte bata besteagandik aparte egon ziren, ama eta Libe Legazpin eta aita Kuban. Aita 1981ean hil zitzaigun, eta ama, berriz, 1991n.
«Osaba Pedrori bisitan joaten gintzaizkion igandero Placetasera, aitak euskaraz hitz egin nahi izaten baitzuen»
Zu, 2025ean. Oraindik orain joan zatzaizkigu...
Josefateko zelaitik barrena! Ez gara betiko. Inor ez da betiko. Eta besterik uste duena, edo bestela gabe bizi dena, okerrean dago. Hobeko du, oinak lurrean, gogoan hartu bizialdi hau efimeroa dela, fina duela.
Oinak lurrean saiatu zen aita lanean Santa Claran.
Kontablea-edo zen, eta, horrez gainera, nekazaritzan eta abeltzaintzan negozioak zituen. Iraultzarekin, 1959an Nekazaritza Erreformaren Legea eman zutenean, nahiko lan. Bankuko dirua ere galdu zuen aitak. Ez zen erraza izan. Haatik, gure aita egoerari egokitu zitzaion, eta aurrera egin genuen nortara edo hartara. Gurasoek bost seme-alabok hazi gintuzten, eskola ona ere eman ziguten —erlijiosoen kolegioetan ikasi genuen—, eta bizia egin dugu ez txarra.
Bizia ez txarra, baina batzuk Kuban zaretela, eta beste batzuk, aldiz, AEBetan.
Egia. Libe, Begoña eta Antonieta han dira, eta Emilio [Holguin probintziako gotzaina, garaian] eta biok hemen. Iraultzak ekarri zuen aldentzea. Libe Pedagogian doktorea da, eta 1961ean joan zen AEBetara. Begoña da Filosofia eta Letretan lizentziaduna; Libe joan eta lau urtera aldegin zuen. Toñi —halaxe esaten genion etxean Antonietari—, askoz geroago, 1998an. Matematikaria da Toñi, oso irakasle ona, berak lagunduta gainditu nuen Kalkulu asignatura unibertsitatean. Urte askoan bera izan genuen familiaren «kanpo-harremanetarako ministroa». Halako batean, neuk hartu nion lekukoa, baina ez dut haren neurria ematen, batere.

Bost senideok bata besteagandik urruti bizi zaretela esan nahi nuen.
Urruti, baina bat eginda. Anai-arrebok behin baino gehiagotan ikusi dugu elkar, Kuban nahiz Euskal Herrian, baita lehengusu-lehengusinak eta gainerako senideak bisitatu ere. Komunikazio estua dugu distantziak distantzia eta irlaren egoera gorabehera. Eta komunikazio hori gure gurasoek ereindako hazitik dator. Familia zuten behinen! Inoiz ez zuten hango senideen urtebetetzerik ahazten, eta, tarteka bazen ere, gutunak idazten zizkieten. Gehiago esango dizut, gure familia hiru taldek osatzen dute: batzuk daude Kuban, beste batzuk AEBetan eta Euskal Herrian. Denok senide gaituzu, familia handi bat gara! Gogoan dut 2010ean, lehen elkarrizketa hura egin genuen urte berean, Emilio ere elkarrizketatu zenuela Habanan. Hantxe nintzen, zuen ondoan, espia-potolo...
[Barrez] Gogoan dut, gogoan dudanez!
Orduko hartan, besteak beste, gure Emilito-k —etxeko txikiena izan zen eta, badakizu, Emilito—, etxean ikasia azpimarratu zuen: familia bat eginda egoteak duen balioa, mahaia elkarbanatzeak duen inportantzia, dibertsitatea bere horretan errespetatzea, diskriminaziorik ez onartzea. Horiek denak gurasoengandik jaso genituen. Eta, horretan, gogorragoa zen ama, aita baino, Emiliok esan zizunez. Amak ez zuen «bai, baina...»-rik onartzen. Ez zuen barkatzen: «Jaungoikoak bi esku eman dizkigu, eta aurrera egiteko gaitasuna. Hortaz, ekin!». Ama zen hura, gero!
«Gure familia hiru taldek osatzen dute: batzuk daude Kuban, beste batzuk AEBetan eta Euskal Herrian»
Emilia Etxeberria Murgiondo, Mutiloako Barkaiztegikoa.
Huraxe bera!
Eta zuk, zer bizimodu egin zenuen? Santa Claran jaio zinen, baina Habanan bizi zarela ezagutu zaitut.
Bai. Ikasketak egin nituen, etxeko denok bezala. Baina, haiek ez bezala, kirola ere gogotik praktikatu nuen. Kubako saskibaloi ekipokoa izan nintzen, eta 1965ean hainbat herrialde sozialistatan ibili ginen, jiran. Ureztatze eta Drainatze Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, baina hura utzi egin nuen.
Utzi egin behar izan zenuen.
Baina ez dugu hemen dena esan beharrik!
«Kubatarra naiz, euskaldunak nituen guraso, eta ez diot ondare horri inoiz uko egin»
Egia beti ez, gezurra behin ere ez.
Zuk eutsi horri. Gezurrik ez dizut esan oraindik [barrez]! Topografo lanean hasi nintzen Nekazaritza Erreformarako Institutu Nazionalean, baina handik hamaika urtera ingeniaritza ikasketak berrartu, eta 1981ean Habanako Unibertsitatean lizentziatu nintzen. Tituluaren jabe, Santa Clarara joan, etxera, eta aitak whiskia atera zuen. Denboretan eduki zuen ondo gordeta okasiorako! Topa egin genuen. Handik hilabeteetara hil zen, aneurisma batek jota. Harrezkero, Nekazaritza Ministerioan jardun nuen lanean, proiektu departamenduko zuzendari tekniko, ureztatze eta drainatzeetan beti, ura eta lurra kontserbatzen, ur-biltegiak egiten eta halakoetan. Berrogei urte baino gehiago egin nituen lan horretan, eta, besteak beste, hainbat misio egin nituen Afrikan eta Euskal Herrian. Betikoa, zer egiten dugu, bada, mundura etorriz gero han eta hemen?
Hil arte bizi?
Bai, bada! Horixe egin nuen neuk ere: lan, ezkondu, familia hazi... Betikoa! Eta beti Kuban. Ni kubatarra naiz, euskaldunak nituen guraso, eta ez diot ondare horri inoiz uko egin. Hargatik jardun dut lanean hemengo euskaldunetan, Euskal Etxeko lanean eta gainerakoetan. Nik, gainera, Habanako Centro Vasco hura, lehena, ezagutu nuen! Pradoko iskina eta Malecon artean zegoena. Munduko euskal etxerik inportanteenetakoa, garaian, Juanito Saizarbitoria buru. Haraxe jotzen zuten denek, enpresaburuek, pilotariek, migratuek, horien oinordeek. Eta haraxe joan izan ginen gure etxekoak ere. Euskal zentrotik irten, malekoira arrimatu, itsasoari begiratua egin, eta Santa Clarara berriz! Ezin ahaztu dut hori dena.
GOGOETA
«Naturalista naiz, ingeniari naturalista, nahi bada, eta zoragarria iruditzen zait Euskal Herriko naturak duen indarra: bailara txikiak estu, mendi tarteetan sartuak. Nik halaxe ikusten dut Legazpi, eta modu berean Mutiloa. Eta uste dut paisaiarekin batera datorrela jendearen izaera jakin hori: langileak, gogorrak, saiatuak. Horixe izan zen gure aitaita-amamen kasua, eta horixe transmititu ziguten etxean gurasoek.
Orain, Kuban, eta XXI. mendean, gauzak kanbiatuta daude. Eta, hortaz, uste dut Kubako euskaldunek ere oraingo egunera egokitu behar dutela, gure aurrekoek utzi ziguten ondarea baztertu gabe, munduko euskaldun guztien alde lanean gogotik saiatuz, eta, oroz gain, Kubakoen alde»