Ezarian. Santa Luzia azoka

Landa mundu baten jiran

Jendetza bildu da Zumarraga eta Urretxuko Santa Luzia azokara; animaliak, lanabesak, jakiak… denetarik egon da salgaiAbere saltzaileek krisia nabaritu dute berriz, «iaz bezala», eta ez dira gustura geratu

Jendetza ibili zen gora eta behera Santa Luzia azokako postuetan. RAUL BOGAJO / ARP.
xabier martin
Zumarraga-Urretxu
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Landa gunearekin zerikusia duen edozein gauza gogora ekarri, eta hura Urretxun eta Zumarragan aurkituko du edonork Santa Luzia ferian. Baserriarekin edota nekazaritzarekin lotutako edozer, direla animaliak, direla landareak, jakiak edo lan tresnak, guztiak Santa Luzia azokan aurki zitezkeen atzo Zumarragan eta Urretxun (Gipuzkoa). Jende andana ibili zen kaleetan barna, postuz postuz, txosnaz txosna; azoka osatzen zuten gune guztiak goizetik bete ziren. Bisitariak, pozik, zer ikusirik bazen eta; mundu bat kolore, mundu bat zapore eta mundu bat soinu: behien marruak, astoen arrantzak, bozgorailuen trikitia… Ganadu saltzaileak ez ziren hain pozik; batzuk kopetilun ere bai. «Krisi ospetsuak ederki izorratzen gaitu». Nafarroako Sakanatik joandako ganadu saltzaile beterano batek jarduera horretantxe zebiltzan kide ororen bozeramaile bihurtu zen inondik ere. Tratuak gutxi ziren itxura batean, baina baziren. «Oraintxe saldu ditut hauek», zioen Zumaiko Bitarte baserriko Asier Manzisidor gazteak, bi ahuntz txikiri begira. «Ez dira gehiago hazten, nanoak dira». Bitxikeriak ere salgai Santa Luzian. «Gorritirenak dira», argitu zuen. Haien ondoan poney nano bat zuen. «Polita da gero!», zioen hamasei urteko gazteak. Hura saldu gabe zeukan, baina gustura zegoen mutila. «Pozik eramango dut bueltan etxera; kasik nahiago dut ez saltzea». Gaztetasunaren tolesgabetasuna akaso? Animaliekiko maitasuna seguruenik.

Taloak eta isunak

Landa gunea goratzen zuen paradisura heltzea ez zen erraza, ordea, autoz joanez gero behintzat. 09:30erako auto ilarak autobiara ateratzen ziren. Herrira heldu, eta aparkatzea zen bestea. Ez zen isun eguna atzokoa, espaloiak eta espaloiak ez zirenak autoz bete baitziren goizean goizetik. Udaltzainek eskuzabal jokatu zuten. Antolatzaileen garraio publikoan joateko egindako gomendioa ez zen guztiengana iritsi, antza. Haatik, autoa uztearekin bat, saria zeukan bisitariak: talo eta txorizo usaina iristen zen haize ufadak lagun. Lainoen mehatxua horretan geratu zen: mehatxuan alegia, eguzki ederrik izan ez bazen ere, ateri eutsi baitzion egun osoan.

Saski, lapiko, labana, zahato, kortxo, torloju eta beste hamaika gauza saltzen zituzten postuak lepo zeuden. Labanak zorrozteko tresna «miragarri» batekin erakustaldia egiten ari zen saltzaile xelebre bat. «Niri ez, labanari atera», zioen, argazki kamera ikusita.

Kale kantoi batean, Zamudiotik joandako beterano bat bere makila sorta zaintzen zegoen. «Saltzen dira, bai», zioen goiza zer moduz zihoan galdetuta. Sei euroan merkeena, eta hamarrean garestiena. «Ganadua gidatzeko edota mendian ibiltzeko aproposak dira». Zamudiokoak izanagatik, ez ziren muturreko teknologiaz eginak, baina egokiak zirenik ezin ukatu, praktikoak. Han eta hemen makilaz lagunduta ikusten ziren baserritarrak, orain animalia buru bati begira, orain traktore berriena aztertzen; erroskilak baino gehiago saldu ziren makilak.

Askotariko gauzen postuetatik behera eginda, La Salle ikastetxearen parean, txosna gunea beterik zegoen, musika alaiarekin bat; usain goxoak Hamelingo txirulariaren lana egiten zuen nonbait. Nafarroako 2009ko talo txapeldunak, Leitzakoak, plazako sarreran jo eta su ari ziren. Haientzat ez zegoen krisirik. «Bekatua da hau», zioen Tolosatik joandako gazte batek. Alaba txikia eta bikotekidea ere gorriz tindatutako taloekin ari ziren, txistorrari salda zerion eta.

Bertako jan tipikoen sukar horrekin kutsatu nahian edo, plazatik hurbil dagoen Donner Kebab batek Salda badago, Txorizo bokatak eta antzeko ohartxoak itsatsita zeuzkan leihoetan, Halal janaria ohartxoarekin batera. Durumak baino salda gehiago aterako zituzten atzo.

Kalearen erdian, forma eta kolore guztietako puxikak saltzen zituen gizona atzean utzita, La Salle ikastetxera sartzen ziren asko eta asko. Baserriko makinen erakusketa zegoen han, pilotalekuan eta jolastoki guztian. «Urtero etortzen gara hona», zioen Joxe Anjel Urruzolak, Irurako Egimendikoak. Lamborginni traktore moderno eta ikusgarriak erakusten zituen. Ia 28.000 eurotan saltzen zuen traktore baten azalpenak ematen ari zitzaizkion balizko erosle bati. «Jende asko ibiltzen da, eta gauzak mugitu egiten dira». Saltzea beste kontu bat da, ordea. «Erosi, igual, ez dute erosten, baina gero, aurrerago, guregana datoz».

Motozerrak, airezko hosto biltzaileak, neurri eta mota guztietako sega makinak… Baserriko lanetan aritzeko hamaika tresna ikus zitezkeen, baita beheko suak ere; ez garai batekoak, berri-berriak baizik. «Egurra duenak hura aprobetxatu nahi izaten du», zioen David Larraga lakuntzarrak. «Garraren beroa baino hoberik ez dago». Saldu ote zuen tximinia moderno horietako baten bat? «Gaur egun saltzen al da ba zerbait?». Krisia berriro ere.

Eztia eta idiak

Ikastolaren gaineko pasealekuan ere patrikak erdi beteta zebiltzan itxura batean. Abereek metro koadro ugari hartzen zituzten eurentzat. Behiak, poneyak, behorrak, ahuntzak, astoak, ardiak, idiak… Zerririk ez. Baserritarrek azalpenak ematen zituzten noizbehinka. Sasiak garbitzeko egokiak zirela, osasuntsuak zirela, hortzak primerakoak zituztela… Baina tratua ixtea ez zen erraza. «30 urtean etorri naiz hona, eta aurtengoa gertatzen ari da txarrena, iazkoarekin batera». Jose Luis Oronoz lesakarra etsi oneko zegoen. «Galdetu ere ez dute askorik galdetzen; saltzea, berriz, ia ezinezkoa da». Poney bikainak zituen salgai, baina eguerdirako bazekien denak etxera bueltan eramango zituela.

Postuetan, aldiz, mugimendu handiagoa egon zen. Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenak fruituak eman zituen, ez denak pozik uzteko, baina kopetilun egoteko ere inor gutxik zuen arrazoirik. Ezti saltzaileak kontent ziren, produktu horrek berezko lekua izan baitzuen 500 saltoki ingururen artean: Errezil sagarra, fruta eta barazkiak, oilaskoak, kapoiak, ardoa… Sosak xahutzeko tentazioa handia zen nonahi.

Eguna biribiltzeko, pilota partidak eta idi probak izan ziren arratsaldean. Santa Luzia astearte buruzurian egokitu izanagatik, milaka lagun ibili ziren azokan gora eta behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.