Ezarian. Kalamuaren legeztatzea

Landare bat, hamaika lege

Uruguai albiste izan da azken boladan kalamua legeztatu duelako. AEBetako Colorado eta Washingtonen ere berdin gertatu da, baina Euskal Herria oraindik urrun dago halako egoera batetik.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Marihuana legeztatzea ez da polita, baina okerragoa da narkotrafikatzaileen esku uztea». Abenduaren 10ean Jose Mujica Uruguaiko presidenteak egindako adierazpenak dira horiek. Egun horretan bozkatu zuen herrialde horretako Senatuak kalamua legeztatzeko legea, eta tarte txikiagatik izan bazen ere, aurrera egin zuen proposamenak aldeko boto gehiago lortuta. Laster indarrean jarriko den legeak kalamuaren kontsumoa, ekoizpena eta salmenta arautuko du, eta urrats hori eginda, halako erabaki bat hartzen duen munduko lehen estatua bihurtu da Uruguai. Baina horiez gain, 2013. urtean munduko beste bi esparrutan marihuana legeztatzeko pausoak eman dituzte. AEBetako Colorado eta Washington estatuetan, hain zuzen ere. Atzera bueltarik izango ez duen prozesu baten hasiera dela uste du Martin Barriuso FAC kalamu kontsumitzaileen federazioko ordezkariak.

Duela gutxira arte kalamua modu librean kontsumitu nahi zuten erabiltzaileek munduan bi txoko zituzten: Herbehereak eta Ipar Korea. Europako herrialdean, salmentarako egokitutako dendetan —coffee shop deritzenak— soilik eros daiteke kalamua, eta kontsumoa ere gune horietara mugatzen da. Hori dela eta, erretzaileentzako erromesaldi gune bat izan da luzaroan. 2012. urtean, ordea, eskuineko gobernu berria iritsi zen agintera, eta legea aldatu zuen. Lokal horietan kalamua erosteko bertako sozio izan beharra jarri zuten baldintza gisa, Herbehereetako herritar izateaz gain. Gobernua aldatzearekin batera, legea berriz aldatu zen iaz, eta bazkide izateko baldintza kendu zuten. Ez, ordea, bertako herritar izatearena. Halere, Amsterdamgo Udalak legearen zirrikitu bat baliatu du eta turistek aukera dute coffee shop-etan sartzeko.

Ipar Koreako kasua bestelakoa da. Drogak eduki eta kontsumitzea legez kanpokoa da erabat, eta baldintza zorrotzak dauzkate. Hainbeste, non gobernuak kaleetan honako idatzi hau zuen agiriak jartzen hasi baitzen 2010. urtean: «Kalean drogen erabiltzaileren bat harrapatuz gero, fusilamendu talde bati aurre egin beharko dio». Halako baieztapen gogorrarekin, beraz, nola liteke kalamuaren kontsumoa legezkoa izatea herrialde horretan? Produktu hori drogatzat ez delako hartzen. Are gehiago, kalamuaren kontsumoa oso ohikoa da bertako herritarren artean.

Orain, bi herrialde horiei Uruguai eta AEBetako bi estatuen adibideak gehituko zaizkie. Baina zein da bakoitzak eramango duen legeztatze prozesua? Bien artean alde nabarmenak daude, marihuanaren salmenta, kontsumoa eta merkaturatzea baimenduta baldin badago ere.

Bi eredu kontrajarri

Uruguaiko ereduan estatuak kalamuaren ekoizpenean esku hartzearekin batera, norbanakoen eta elkarteen eskutik ere landatu ahal izango dira marihuanak. Kontsumo klubetan saldu eta ekoiztu ahal izango da, 15 eta 45 bazkide artekoak izango direnak, eta ezingo dute 99 landaretik gora landatu. Neurri hori oligopolioak saihesteko hartu du Uruguaiko Gobernuak, negozioa ez dadin esku gutxitan geratu. Horrez gain, norbanakoek ere ekoiztu ahal izango dute euren kalamu propioa, bakoitzak sei landarerekin eta urteko 480 gramoko ekoizpenarekin. Azkenik, farmazietan ere erosteko aukera ere egongo da. Horretarako, zerrenda batean erregistratuta egon beharko du erabiltzaileak, eta hilean 40 gramo kontsumitzeko eskubidea izango luke bakoitzak.

Neurri horiek guztiak arrazoi garbi bategatik egin dituela adierazi zion irailean Julio Calzada Uruguaiko Drogen Idazkaritza Nazionaleko buruak BERRIA egunkariari Irunen (Gipuzkoa) egin zen Expogrow kalamuaren azokan. «Gure herrialdeko kriminalitatearen eta indarkeriaren gorakada erakunde kriminalek drogen kontsumoa bultzatzearen ondorioz etorri da. Gaur egun, narkotrafikatzaileen artean eskualdeak kontrolatzeko borrokak daude, eta pertsonak hiltzen hasi dira. Narkotrafikoaren aurka ezin da gerrarik irabazi. Irtenbideak politikoa izan behar du, eta drogek ematen dizkieten irabaziak kentzea izan liteke hasiera». Uruguaiko herritarren artean kontrako iritzia bildu du kalamua legeztatzeko erabaki horrek, herritarren %63 lege berriaren aurka baitaude.

Bestelako kasua da AEBetakoa. 2012ko azaroan egin ziren presidentetzarako azken hauteskundeen bueltan onartu zen Colorado eta Washingtonen kalamua legeztatzea, eta garai hartan, estatubatuarren %48 erabaki horren alde zeuden. Urtebete geroago, eta erabakia indarrean jarri denetik, ehuneko hori %58raino igo da, eta zenbait politikari mintzatzen hasi da droga bigun hori legeztatzeko neurriak hartzeko beharraz. John McCain presidentegai ohiaren kasua da hori: «Beharbada legeztatu beharko genuke. Ez dago zalantzarik bide horretan mugitzen ari garela, eta nik gehiengoaren esana errespetatzen dut».

Baina Uruguaiko ereduarekin zerikusi gutxi dauka Colorado eta Washingtonekoak. Eredu komertzialean oinarritzen baita, batez ere. Etxeko ekoizpena onartuta dago, baina kopuru txikietan, eta hemendik aurrera kalamua dendetan ere erosi ahal izango da. Dagoeneko 130 lizentzia eman dituzte Coloradon, eta beste 300 emateko prozesuan daude. Kalamua erregulatutako mintegietan landatuko da, baina kalitate kontrolik ez dute izango bertan. Estatu federalak kontrolatuko du ekoizpena, baina kalitatea ez. Eta hori da, besteak beste, Barriusok salatu duena: «Negozio moduan hartu dute legeztatzearen prozesu hau, eta ez erabiltzaileen eskubide gisa».

Hori dela eta, legeztatzearen inguruan hitz egiten denean, zein ereduri buruz ari den zehaztu behar dela dio FACeko ordezkariak. Nolanahi ere, kalamuaren eta gainerako drogen debekuen legeak 100 urte dituela gogoratu du. «1912an opioaren aurkako nazioarteko hitzarmena sinatu zen, eta orduz geroztik, drogen aurkako borrokan sistema konplexu bat sortu da, eta zaila da horri aurre egin ahal izatea», dio. Baina, edozein moduz, baikorra da Barriuso. Uruguai eta AEBetan egin diren azken prozesuak ez direlako azkenak izango, haren esanetan. «Parlamentu askotan daude proposamenak eztabaidatzen hasteko zain, eta uste dut aurretiko prozesu horiek lege proiektu horiek bultzatzeko balioko dutela».

Euskal Herrian beste bidetik

Baina ez da hori Espainiako Gobernuak daukan asmoa. Orain arte zigorgabetuta zegoen kalamua eduki eta kontsumitzea. «Hala ere, isun bidez zigortu egiten da, oraindik». Baina Herritarren Segurtasunerako Legeak egoera hori okertu egingo luke. Kontsumoarengatik ordaindu beharreko gutxieneko isuna hirukoiztu egingo da —300 eta 1.001 euroen artean—, etxeko ekoizpena debekatu egingo du eta isunak ordaindu beharrean desintoxikazio tratamendua jasotzeko aukera kenduko dute.

«Merkatu beltza alternatiba moduan uzten dute, eta, gainera, Poliziaren esku geratuko da nor salatu eta nor ez erabakitzea. PPk egoera ustel honetan hobeto funtzionatzen du», dio Barriusok. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakokasuan, lege aldaketa honek zuzenean eragingo dio. Izan ere, joan den urritik kalamuaren kontsumo elkarteen legeztatzea aztertzen ari dira Eusko Legebiltzarrean. «Baina Espainiako Gobernuaren proposamenak aurrera egiten baldin badu, eztabaida hori ezerezean geratuko da».Eta mingarria zaio hori. Are gehiago, alderdi politiko guztiak proposamen horrekin bat egin dutenean.Alde horretatik, PP joko bikoitza jokatzen ari dela deritzo. «Polizia zintzo eta gaiztoaren rola jokatzen ari da, legebiltzarrean kontsumo elkarteak babestuz eta Madrilen aurkako erabakiak hartuz». Hori dela eta, legebiltzarrak emandako aurrerapausoak ezerezean geratu daitezkeela dio.

Nafarroan bezalaxe. Baina kasu horretan parlamentuan ez dago adostasunik kontsumo elkarteak legeztatzeko. Antzeko proposamen bat eraman izan dute zenbait eragilek, baina ez dute aurrera egin. Eta horren erantzule PSN dela dio Barriusok. Beraz, egungo legearen barruan, edo etor litekeenaren arabera egongo da kalamua Nafarroan.

Azkenik, Ipar Euskal Herrikoegoera ere hor dago. Frantziako Gobernuak ez du baimentzen kalamua eduki eta kontsumitzea, alegia, debekatuta dago. Horren arabera, kartzelarekin zigortuta beharko luke, baina «ia inoiz ez da hala gertatzen». Beraz, Hegoaldean gertatzen den bezala, Iparraldean ere kalamuaren kontsumoa isun bidez zigortuta dago. «Zigortuta edo zigorgabetuta egon, legearen aplikazioan sortzen dira aldaketak». Eta baita berdintasunak ere. Hori dela eta, Euskal Herriko egoera nazioartekotik ezberdina dela esan daiteke. Legeztatzearen inguruan hartu diren nazioarteko erabakiek oihartzun txikia izan dute oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.