Oihane Yustos. Euskadi Irratiko 'Faktoria'- ko udako aurkezlea

«Lanerako garai polita da uda informatiboki»

Arduraz eta ilusioz hartu du Yustosek aurten ere 'Faktoria'-ko udako aurkezleetako bat izatea. Lehen zatia gidatuko du: albistegia eta solasaldia. Uda izanda, gai eta ahots berriei lekua egiten saiatuko dira.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2015eko uztailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kaleko kazetaritzat du bere burua Oihane Yustosek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). Hori dela eta, «aldaketa handia» da harentzat estudioan gidari lana egitea. Baina biak egiten ditu gustura. «Tartekatzea da onena, beste buelta bat ematen baitiozu eguneko jardunari».

Bigarren urtez 'Udako Faktoria' saioaren gidarietako bat zara. Nola hartu duzu erronka?

Iaz bezala, ardura handiarekin. Gainera, aurten desberdina da. Izan ere, iaz ez nuen albistegia egiten. Baina aurten solasaldiaz gain, albistegia ere gidatzen dut. Erronka handia da, uda izan arren, informatiboki gauza asko gertatzen ari direlako: Greziakoa dago, gurean ere egoera politikoa dagoen bezala dago... Interes handia dut informazio aldetik udak zer emango duen ikusteko, hasiera interesgarria eta bizia izaten ari baita.

Azken udak biziak eta interesgarriak izan dira informatiboki. Aukera polita kazetari moduan lan egiteko, ezta?

Bai, halaxe da. Iaz, adibidez, sasoi honetan egin zuen Israelek Gazaren aurkako erasoaldia. Aurten ere gauza bera gertatzen ari da Greziakoarekin. Aukera polita da, beraz, lan egiteko.

Dena den, udak ere ematen du bestelako gai batzuk lantzeko aukera. Hori ere egingo duzue?

Ahaleginduko gara beste gai horiei leku bat egiten, udak gaiak beste modu batera aztertu eta bestelako iritzi batzuk entzuteko aukera ematen baitu. Jendeari beste gai eta iritzi horiek entzutea gustatzen zaio, eta hori ere kontuan hartu nahiko genuke.

Negukoaren aldean zein aldaketa daude lehen zati horretan?

Eduki eta egitura aldetik antzekoa izango da, albistegia, elkarrizketa eta solasaldia ditu, eta albistea gertatzen den lekuan egongo gara, protagonisten ahotsak jasoz. Protagonistek konta diezagutela zer gertatzen den Euskal Herrian. Baina zertxobait laburrago da, 10:00 arte izan beharrean 09:30 arte irauten baitu.

Aldaketa handiak daude solaskideen artean?

Nahasketa bat dago neguan aritzen direnekin. Baina aukera eman nahi diegu ahots berriei irratia zer den probatzeko. Akaso, horietako batzuk neguan izan daitezke solaskide. Kasu batzuetan, solaskide horiek izaten dira neguan lan kontuengatik ezin dutenak eta udan parte hartzera animatzen direnak, edo horretarako modua dutenak.

Zu batez ere kalean aritzen zara kazetari urte osoan. Aldaketa handia da zuretzat estudioan egon beharra?

Bai, oso diferentea da. Gidari ari naizenean, lankideei kanpotik entzuten diet albistea kontatzen, eta batzuetan pentsatzen dut: «Zein gustura egongo nintzatekeen bertan, gertatzen ari dena kontatzen'. Mikrofonoaren alde honetan zaudenean, jartzen zara berriemailearen lekuan, eta horrek errazten dizu jakitea haiek nola dauden. Izan ere, kanpoan lan egitea ez da erraza. Baina estudioan zaudenean konturatzen zara hemen lan egitea ere ez dela erraza, asko kontrolatu behar duzu guztia, eta oso ordenatua izan behar duzu.

Zuk zein nahiago duzu?

Aita edo ama nor maite duzun gehiago galdetzea bezala da hori. Egokiena biak tartekatzea da. Bat egiten ari zarenean bestearen falta sentitu, eta alderantziz. Ni kaleko kazetari bat izan naiz beti. Nire profila da hori. Baina hau ere ezagutu behar da. Ikasturte hasierarako hala freskoagoa itzultzen zara kalera, eta beste buelta bat ematen diozu zure jardunari. Gainera, estudioan ere jende asko ezagutzen da, eta aukera ematen dizu protagonistak lasai elkarrizketatzeko.

Zeintzuk dira zuk irratian dituzun erreferenteak?

Lankide ditudanetatik asko ikasten dut egunero, eta izenetan baino gehiago, kazetarien estiloan fijatzen naiz: zuzentasuna, egia, iritzi aniztasuna, beti kontrastea... Estilo hori da nire erreferentea.

Euskadi Irratiak oso emaitza onak ditu azken audientzia neurketetan. Zein da, zure ustez, horretarako gakoa?

Nik uste egindako lanaren emaitza dela. Jendeak entzuten gaitu sinesten duelako egiten dugun lanean, eta gustura entzuten gaituelako. Irratian ari garenon profesionaltasunaren onarpen moduan hartzen ditut datuak, eta espero dut udan ere onarpen hori edukitzen jarraitzea entzuleen aldetik. Euskararengatik ere asko pozten naiz, emaitzek erakusten baitute gure gizartea gero eta euskaldunagoa dela eta euskarazko komunikabideen kontsumoa gora doala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.