Telesailak

Langile klaseko queer gazte baten bidaia

Paris Lees kazetariaren memorien egokitzapena da telesaila. 'Vogue' aldizkariko lehen zutabegile transexuala izan zen, eta Erresuma Batuko LGTBI+ komunitateko pertsonaia ezaguna da. Telesailak Byronen (Ellis Howard) bizitza azalduko du.

'What It Feels Like For a Girl' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'What It Feels Like For a Girl' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021ean, Paris Leesek, Erresuma Batuko idazle, kazetari eta ekintzaile transak, bere bizitza eta emozioak bildu zituen liburu batean: What It Feels Like for a Girl (Neska batek sentitzen duena). Orrialdeetan, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko igarotzea islatzen du, desberdin sentitzen den Byron gaztearen istorioaren bidez. Liburua ez da soilik identitateaz mintzatzen; protagonistaren minak, zalantzak eta gatazkak jasotzen ditu.

Izen bereko telesaila liburuaren egokitzapena da. Byron gaztea aita homofobo eta gogor baten itzalpean haziko da, eta amak, abandonatu zuenak, orain bere bizitzara itzuli nahiko du. Eskolan, egunero jasaten ditu erasoak eta jipoiak.

Gau batean Byron festa batean murgilduko da, eta, han, Fallen Divas izeneko talde bat ezagutuko du. Une horretatik aurrera, hedonismoz beteriko errusiar mendi batean barrena, esperimentatu, errebelatu eta bere bidea aurkitzeko aukera izango du. Pertsona trans eta queer-ez osatutako lagun talde berri horrek gai garrantzitsu bat azaleratuko du: aukeratutako familiaren eta huts egiten duen familia biologikoaren arteko kontrastea. Komunitate horrek balidazioa, umorea, ahalduntzea eta elkar-zaintza eskainiko dizkio Byroni, baina baita arriskuak ere: sexua, drogak eta harreman arriskutsuak.

Protagonistaren azalean Ellis Howard arituko da; pertsonaia sakonki emozionala da, gordina eta zaurgarria, baina bere kontraesanak edertzen edo leuntzen saiatzen ez dena. Harroa eta desafiatzailea da, baina baita mingarriki hauskorra ere. Pertsonaia gehienek konplexutasun moralak erakutsiko dituzte: ez dago heroi perfekturik, ezta gaizkile laurik ere.

Istorioa 2000ko hamarkadaren erdialdean kokatuko da, eta telesailak garai hartako pop kulturaren kolore eta soinuen bidez elikatuko du bere estetika eta narrazioa. Biziki interesgarria da istorioa, transexualitateari buruzko elkarrizketa ia existitzen ez zen testuinguru batean kokatua dagoelako.

Telesailak, hasiera-hasieratik, kutsu gordin eta esplizitua darabil, pedofilia, prostituzioa, abusua eta halako gai gogorrak jorratuz. Baina, gogortasunaren eta samurtasunaren arteko orekari esker, erraz ikusten da: minari ez dio ihes egiten, baina ez du guztia tragediaren kolore ilunez bustitzen. Istorioak pozaren, aurkikuntzaren eta gizatasunaren ukituak ere eskaintzen ditu.

What It Feels Like for a Girl indartsua da, ausarta, emozionalki exijentea, pertsonala eta politikoa. Byronena ez da genero trantsizioari buruzko istorio hutsa; langile klaseko queer gazte baten bidaia da, non maitasuna, aitortza, plazera, segurtasuna eta identitatea bilatzen dituen, munduak behin eta berriz ezetz esaten dion bitartean.

Gaurkotasun mingarriari lotua

Telesailaren estreinaldiak pisu handiagoa hartu du Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren azken epaiaren argitan; izan ere, herrialde horretako Auzitegi Gorenak ebatzi du emakume transak ez direla legez «emakumeak», nahiz eta genero-aitortzaren ziurtagiria izan. Legearen arabera, emakume hitzaren definizioa sexu biologikoan oinarritzen da soilik. «Sexuaren kontzeptua binarioa da: pertsona bat emakumea edo gizona da», adierazi du epaimahaiak.

fitxa

  • Sortzaileak. Brian Welsh, Ng Choon Ping, Marie Kleivdal Kristiansen eta Paris Lees. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Ellis Howard, Hannah Jones, Laquarn Lewis eta Michael Socha.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.