Ni hemen nago Venezian eta, oro har, Italian ez dagoelako zurgintza tradizionaleko eskolarik. Pasaiara etorri behar izan dut Veneziako ontzi tradizional bat egiteko». Saul Hoffmann italiarraren hitzak dira. Albaolako Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskolako ikaslea da, eta berak proposatuta ari dira Itsas Kultur Faktorian Sando s'ciopon deituriko ontzi veneziarra eraikitzen, hango modu tradizionalean.
Sakonera txikiko uretan nabigatzeko ontziak ziren sandoloak, eta ehizarako erabiltzen zituzten. 1970eko hamarkadan, ordea, ehiza debekatzearekin batera, desagertzen hasi ziren. «Hemengo gabarren antzekoak dira», dio Hoffmannek, olaturik gabeko uretarako eginak baitaude.
Haritza eta alertzea erabiltzen ari dira ontzia egiteko, eta dagoeneko egitura orokorra, arraunak, eta arraunen oinarri diren forkola-k egin dituzte. Mimo handiz, irribarre batekin erakusten ditu italiarrak forkola-k: Venezian artisauek egin ohi zituzten, eta «erronka» izan da horiek eraikitzea. Zutik jarrita, oreinen adarren itxura daukate.
Aprendiztegi eskola
Aprendiztegi nazioarteko ikasleen topalekua da, eta hiru urteko formakuntza eskaintzen dute, ontzigintza tradizionalean trebatzeko: «Eraikitzen duzun heinean ikasten duzu, lehen egunetik egurrarekin lan eginez: hori da gakoa», nabarmendu du Hoffmannek. Ontzien atal guztiak egiten ikasten dute, ikasle beteranoek berriei lagunduz. Hoffmannek alboan dauka Ioanna Mutosidi ikasle greziarra, eta biak dira sandoloaren proiektuaren gidari.
Nazioarteko eskola izanik, eguneroko harremanak «multi-kulti» gisa definitu ditu, barrez, Mutosidik. «Eskuz eginiko gauzekiko maitasuna konpartitzen dugu, eta hori igartzen da, oso harreman ona daukagulako», dio Hoffmannek. Mutosidik, atzera,«familia handi bat» direla gaineratu du.
Langileen ondarea
Sandoloak pertsona bakar batek altxatzeko moduko ontziak dira, eta langileek erabiltzen zituzten egunerokoan. «Gondolak sandoloen lehengusu nagusiak ziren, garai hartako limusinak», dio Hoffmannek.
Langileek egunerokoan erabiltzen zituzten ontziak, ordea, ez dira Titanic bezain ezagunak bihurtzen: «Ondare gisa historia handiak izan dituzten barkuak gordetzen dituzte. Gutxitan kontserbatzen dira langile barkuak», esan du Hoffmannek. Autoekin adibide bera jarri du: «Inork ez du museo batean Panda bat ikusi nahi, Ferrari bat baizik».
Bi ikasleek azken urtea dute Albaolan, eta maiatzerako amaitu nahi dute ontzia. Laguna izena jarriko diote, italieraz urmaelei, Veneziako ingurune naturalari erreferentzia eginez, eta euskaraz, berriz, Aprendiztegin sortutako adiskidetasunari keinu eginez.
Langile ontzien memoriaren ehizan
Ontzi veneziar bat ari dira eraikitzen Albaola Itsas Kultur Faktoriako Aprendiztegi ontzigintza eskolan. Ikasle italiar batek bultzatuta, langileen ontzi bat egiten ari dira, Veneziako metodologia tradizionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu