Uztaritzek (Lapurdi) munta handiko lekua du Euskal Herriko historian: Lapurdiko hiriburu historikoa baita.
Eliza aitzineko parkingak eroso aparkatzeko parada ematen du, beti egoten baita tokirik.
San Bixintxo elizatik abiatuko da hiriaren bisita: «Eliza berria herritarren eta amerikarren diruarekin eraiki zen. Lehen aldiz zen burdina urtua erabiltzen zutela barneko zutabeak egiteko», erran du Beñat Castorene uztariztarrak.
Elizaren atarian 1914-1918ko Mundu Gerlan hildako herritarren zerrenda luzea ageri da, zeinak 82 deitura baititu: «Horra zer dugun irabazi Lapurdiko foruen suntsiketari esker!», gehitu du Castorenek.
Elizaren bertze alderdian, Txileko amerikar aberats batek XIX. mendean eraiki Lota jauregia atzemanen da. Izena hango herri batena da. Oraingo egunean, Euskal Kultur Erakundearen egoitza da.
Eliza ezkerraldean utzirik, Mailarenea etxeraino segitzen du ibilbideak, bidegurutzean: «Iraultza denboran Garat familiaren etxondoa zen», azpimarratu du gidak.
Bidegurutzetik ezker hartuz, 50 metroan, Hiribehereko plaza ikusiko da, zeinean «iraultza garaian besta zibiko bortxatuak, kirola eta miliziaren ariketa militarrak egiten baitziren». Erantsi du Hiribehere dela auzo zaharrena, eta Purguko auzotik elizak duela bereizten.
Frontoi gibeleko Soroeta etxekoa zen Duhalde auzapeza: «Kaskagogor eta erresistentea zen. Mundutegi eta Marithurri iraultzaileen etsai pertsonala».
Hortik, Auzitegi zahar gisa ezaguna den Mota gaztelura segitu behar da: Lapurdiko kondeak XII. mendean eraiki zuena, gero, Lapurdiko auzitegia bilakatu zen: «1789ko iraultza arte justizia euskaraz ematen zen, lapurtar eskubide baten arabera».
Ezkerrerat igaiten den karrika hertsiak Magistratuen karrika zuen izena lehen; orain, ordea, Ferrondoa. Izenak salatzen duen gisan, epaile, abokatu eta funtzionarioak ziren bertan bizi: «Hor ere bizi izan zen Marithurri auzapez iraultzaile errabiatua, denek hastiatua». Ez dira huts egitekoak bertako lapurtar estiloko etxe zaharrak.
Plaza ttipi batera ailegatzean, har ezkerrerat karrika nagusira berriz joateko. Hortik 80 metrotan Purguko frontoiarekin topo eginen da. Karrika utzi gabe, ehun bat metroan, Mokokopeita etxe «barroko bitxia» ikusgarria da.
Parean If Matxikoten galeriak bururatuko du ibilbidea, erakusketa eta guzti.
PROPOSAMENAK
Lapurdiko hiriburua
Uztaritze Lapurdiko hiriburu historikoak baditu barne ederrak: lapurtar estiloko etxe zaharrak. Iraultza frantsesak kausitu zauriek hor diraute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu