Lapurtarren aldarri umoretsua

«Gora ta gora beti, bai gora Lapurdi!» dio kantuak; lapurtarrak, ordea, ez egitekotan, bertan behera uztekotan ziren Lapurtarren Biltzarra; baina jaiki dira azkenean. Bizkorturik dator 35.biltzarra bihar Uztaritzera, Bertrand Lapurdikoaren armada irudimentsua buru.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Errezeta prest dute. Orain ikusi behar bixkotxa altxatuko ote den labean. Legamiak hartuko ote duen. Tradizio berri baten atarian ote lapurtarrak? Irria ezpainetan, ironiari jarraiki, baina zintzotasun puntu batekin. Hala espero dutela dio Antton Lannes uztariztarrak. Aspaldian ari da Lannes Lapurtarren Biltzarraren antolatzaileen artean. Baina bihar iraganen den 35. aldiak badu zerbait berezi. Desafioa ez zuten tipia, gainera. Hitzordua bertan behera gelditzekotan baitzen.

Hasiera batean, 1979an Bai Euskarari kanpaina bururatzeko gertakaria izan zen lehen Lapurtarren Biltzarra. Lehengo Lapurdiko Biltzar historikoei nolabaiteko omenaldia eginez, biltzar satiriko bat asmatu zuten orduan; Lapurdiko eskualdeak orga baten egitera gonbidatuz, Baztandarren Biltzarrari oihartzun eginez nolabait. Lehena, Uztaritzen egin zuten, Lapurdiko hiriburu historikoan, eta hor segitu zuten gero, urtez urte, ideiak funtzionatu zuela oharturik.

Baina azkenaldian higatzen ari zen afera. Autokritikarako unea iritsi zitzaiela iruditu zitzaien, eta oinarriak berriz galdekatzen hasi ziren. Antolatzaileak ohartu ziren lapurtar nortasunik ez zela gehiago eta hori zela bestaren arazo nagusia. «Zenbait arrazoirengatik, baina batez ere ez zelako gehiago loturak egiteko oinarririk belaunaldi gazteen artean. Mozkortzeko besta bat bilakatzen ari zen», azaldu du Lannesek.

Baina bestaz harago, lapurtar izatearen zentzuaren bila ere hasi ziren: «Nehor ez da gehiago lapurtar sentitzen. Edo, izatekotan, lapurtar izatea biziki azaletik sentitzen da. Ez da nehor harrotzen bere burua lapurtar gisa aurkeztuz gaur egun. Salbu «Gora ta gora beti, bai gora Lapurdi!» kantatzean, eta oraino...», segitu du Lannesek erdi ironikoki. Jakinez, gainera, Gabriel Arestiren kantuan, Lapurdiren ordez Euskadi zela jatorrian; baina frankismo garaian idatzia zenez, zentsuragatik Lapurdi atxikia.

Irudimena askatu

Gehiago dena, administratiboki eta gizarte antolaketan, «dena egina da Lapurdirekiko lotura hori ez elikatzeko». Lapurtarren Biltzarrak, beraz, zentzu bat izatekotan, «lotura horiek elikatzea» luke, horretaz konbentzituak dira antolatzaileak. Lotura horiek berriz aurkitzeko, iraganari begira jarri dira. Historia liburuetan sudurra sartuz: «Lapurdi ez da bakarrik probintzia bat Euskal Herriko mapan. Gertatu dira gauza batzuk. Izan dira garai batzuk non errealitate bat zen lapurtar izatea. Eta hori nahi dugu birsortu sinbolo batzuen bitartez, geroan justuki nortasun hori elika dadin», azaldu Lannesek.

Baina nostalgiarik ez. Umorea eta delirioa nahiago. Horra non agertzen den Bertrand Lapurdikoa. Egiazki existitu da Bertrand Lapurdikoa. Lapurdiko bizkondea izan zen Erdi Aroan. Baina badu misterio puntu bat. Ez da zehazki jakina nor izan zen xuxen. «Wikipedian bost lerroko iruzkin txiki bat du», argitu du Lannesek. Haren eginkizun zehatzik ez da jakinik. 1124an sortu zela eta Arberoako neska batekin ezkondu zela idatzia da hor. Baina sei urte berantago hara non Baionan zitekeela. Aragoi eta Iruñeko Alfontso I.a erregeak Baiona setiatu zuenean, 1130ean, Bertrandek bertako ateak zabaldu zizkion. Hor jada bada bitxikeria bat, sei urte baizik ez zituzkeelako.

Bitxikeriaz bitxikeria, hasteko, doi bat lausoa den bizi horregatik ditu erakarri Lapurtarren Biltzarrekoak. «Ez genuen nahi historia aferetan sobera sartu eta historialari batzuekin borrokan hasi, gauza ez zuzenak daudelakoan. Ez zen hori helburua. Zorroztasun bat baino gehiago, sinbolo bat genuen nahi. Eta sinbolo horien bitartez, aldiz, pedagogia pixka bat egin, garai inportanteak aipatuz», azaldu du Lannesek. Horra nonbait Bertrand Lapurdikoaren gorteko lagunen zentzua. Bakoitzak nolabait Lapurdiko datu garrantzitsu bat du irudikatzen. Liburuxka bat ere badute prestatua. Guztiek iraultzarako deia dute egiten, iraultza irudimentsuarena, «beti umorearekin».

Horretan sartzen da kantua ere. Kantu bat asmatua dute, lapurtarrei zuzendua, zinez. Bestaren izpiritua azaltzeko balio dezakeena: «Jeiki, jeiki lapurtar guziak / Mehe, lodi, tipi ta handiak / Jeiki, jeiki lapurtar guziak / Atxik ditzaun gure lurraldiak».

Kantua denen artean dute asmatu, eta kantatu eta musikatu ere bai. Gainerateko guztia bezala. Besta «parte hartzailea» izan nahi dute. Delako «loturak» josten aritzeko. Egunean bertan baino harago, prestaketetan ere. Eta alde horretatik, hasteko, parioa irabazten ari direla dirudi. Lantaldea indarturik dabil azken hilabete hauetan: «Ez nekike esplikatzen zergatik gertatu den aurten; Uztaritzetik berri batzuk etorri dira, baita anitz kanpotik ere». Multzo finkoenean 30 bat, eta sare guztian 80 bat. Hilabeteak hasiak direla lanean.

Kantua grabatzeaz gain, orgak lantzen ari dira, gaiak eztabaidatzen, «protokolo» zehatz bat abian jartzen. Azken urteetan gertatzen baitzen azken uneko karro antolaketekin, karro batetik bestera, gaiak errepikatzea: «Izan da urte bat, adibidez, non bost karrokok DNA fitxatzeez bost karro baitziren. Ez zen beti interesgarria publikoarentzat».

Aurten, ordea, horren saihesteko «koherentzia» bilatu nahi izan dute. Ideia liteke karroek garraiatu aldarrikapenak Bertrandi zuzenduak izatea, hark irudikatzen duelako «lapurtarren iraultzaren buruzagia». Lapurtarren bozeramaile, lapurtar nortasunaren sinbolo, eta anakronismoak anakronismo, iraultza garaikide baten abian jartzeko inpultsoa eman lezakeena.

Aldarrikatua dira historian zeharreko jauziak. Adibide bat emateko, Bertrand Lapurdikoak komunikazio arduradun bat badu. Eta komunikazioan preseski, lan berezi bat eginik dator Lapurtarren Biltzarra. Teasing moduan, azken aste hauetan zenbait bideo bidaltzen aritu da sare sozialetan gaindi, ikusmina gero eta handiago sortu nahian. Hasiera batean Bertrand Lapurdikoa hori nor zen zehazki azaldu gabe. Gero, Western baten itxura emanez aferari, pertsonaiaren bilaketa lanak hasiak zituztela edo. Baina marketin hutsa baino, hor ere autokritika batetik abiatu da ideia.

Lapurtarren Biltzarren azken edizioetan ez zutela arreta sortzea lortzen zehaztu du Lannesek. Eta pertsonaia berria asmatzearekin hasi, eta ideia berriak agertzen hasi ziren delirioa zabaltzeko hainbat aukera sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.