Euskarabentura

Laranjaz jantzi dute Iruñea

Euskarabentura espedizioa Nafarroako hiriburura iritsi da, sanferminetara. Zubirin, aurreko aldietako Nafarroako gazteekin bat egin dute aurtengo parte hartzaileek.

Atzo goizean Zubiritik abiatu, eta Iruñean bazkaldu zuten espedizioko gazteek. JON URBE / FOKU.
Iruñea
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iruñeko sanferminetara iritsi zen atzo eguerdian Euskarabentura espedizioa. Goizean goiz Zubiritik atera ondoren, etapa osatu eta pixkanaka festa giroan murgildu zen gazte olatua, hiriko kaleetan euskararen arnasgunea zabalduz. Hainbat auzo zeharkatu ondoren, Nafarroa Oinez-eko txosnagunera iritsi, eta bertan bokatak bazkaldu zituzten. Arratsaldea Gauargi taldearen erromerian igaro zuten, hiru orduz kantatuz eta dantzatuz. Giro onak oihartzuna izan zuen gazteengan, eta lotsa albo batera utzi zuten, saltoz eta algaraz beteriko arratsaldean.

Eguraldi ona bidelagun, emozioz eta adrenalinaz beteriko eguna izan zen. «Izugarria izan zen denok batera dantzan eta ongi pasatzen ikustea», azaldu zuen Paule Azpitarte jzioquitarrak. Txosnagunea astindu, eta denek mugitu eta urratu zituzten gerri eta eztarriak, egun luze baina polit batean.

Ondoren, Zizur Txikiko San Fermin ikastolan hartu zuten atseden, etapa txiki bat osatuz. Indarberritu, eta, atzoko bizipenak oraindik pil-pilean, Garesera doan etapari ekingo diote gaur goizean goiz.

Belaunaldien topaketa

Iruñera joan aurretik, Zubiriko pilotalekuan berriz elkartu ziren Euskarabenturaren aurreko aldietako gazte nafarrak, eta bertako egoerari buruz solasaldi bat izan zuten, aurtengo gazteak kontzientziatzeko asmoz. Nafarroako hainbat txokotatik etorri ziren beren egoera azaltzera. Euskara zaintzea denen esku dagoela nabarmendu zuten, balioak bultzatuz eta euskarari eusteko eskatuz. Aurtengo partaideak kontzientziatuta atera ziren solasalditik, Nafarroako gazteen bizipenak beren eginez. Espedizioarekin bat egin, eta Zubirin lo egin zuten aurreko aldietako partaideek, aurretik bizitakoaren nostalgiak hartuta, eta haien aldiko bizipenak partekatuz, belaunaldien arteko topaketa batean.

Aurreko aldietako gazteetako bat da Etxarri Aranazko (Nafarroa) Maialen Biain. Haren hitzetan, espediziora berriz itzultzea «sentimendu olatu bat» izan zen. Azaldu zuen «harro» dagoela Euskarabenturak aurrera jarraitzeaz eta parte hartu izanaz, eta gazte berriak ilusioz ikusteak sekulako poztasuna ematen dio. COVID-19aren pandemiak baldintzatutako aldi bateko parte hartzailea izan zen, baina betirako lagunak egin zituela esan zien aurtengo gazteei. Esperientzia berriz bizi ahal izateko gogoz dago.

Zubirin zen Corellako (Nafarroa) Alvaro Lopez ere. Espedizioan euskararekiko zuen harremana guztiz aldatu zela esan zuen, eta esperientziak «euskaraz bizitzeko gogoa» sortu ziola. Orain, lehenengo harremana beti euskaraz izan dadin saiatzen da, nahiz eta eremu erdaldun batean bizi. Espedizioan belarria landu zuela kontatu zuen, eta baita euskara maila hobetu zuela ere. Betirako memorian gelditu zaizkion bizipenak eta kontzientzia sendotzea ere aipatu zituen. Gazteek adi-adi entzun zituzten haren hitzak.

Diasporatik etorri da espediziora Maja Etxebeste suediarra. Soilik aitona-amonekin eta aitarekin du aukera euskaraz egiteko, baina orain espedizioan egin dituen lagunak ere gehitu zaizkio. Lehenengo astea oso zaila egin zitzaiola gaineratu du, baina, asteak pasatu ahala, belarria egokituz joan zaio. Gainera, Euskal Herria ongi ezagutzeko eta ikusteko aukera izatea eskertu du.

Nafarroa Garaia ortzi mugan

Bost herri eta hainbat bidezidor zeharkatu dituzte dagoeneko gazte euskaldunek. Hileko lehen egunak luzeak eta intentsoak izan dira laranjentzat eta antolakuntzako urdinentzat, baina emeki-emeki egokituz doaz espedizioko errutinara.

Urruti gelditu dira Mauleko hasierako lotsak eta beldurrak. Pixkanaka geroz eta herri gehiago ezagutzen ari dira, esperientzia berriak eta egoera berriak barneratuz eta zangoak mugituz. Bidean euskara erabiliz pausoz pauso, atzean utzi zuten Iparraldea, eta dagoeneko Hegoaldean murgildurik dabiltza gazteak, Nafarroa Garaia ortzi mugan dutela eta Gares eta Lizarra bidean topatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.