Irantzu Barrondo (Ondarroa, 1976) Ermuko Txindurri dantza taldeko zuzendaritzako kidea da2004az geroztik. Ondarroan jaio zen, baina bizitza osoa Ermuanigaro du.
Txindurri dantza taldeak, gaur, 20:00etan, larrain dantza dantzatuko du, Ermuko Orbe Kardinalaren plazan, Ermuko Santiago jaiak amaitzeko egun bat falta direla.
Nola sortu zenuten Txindurri dantza taldea?
Taldea 1975. urtean sortu zen, baina orduan Ikastolako Dantza Taldea izena zuen. Ermuko ikastolako gurasoek euskal tradizioarekin jarraitu nahi zuten, eta hori dela eta, taldea sortu zuten. Urte gutxira, Txindurri izena hartu zuen. Txindurri Ermuko gizon dantzazale baten ezizena da, eta haren omenez jarri zitzaion izena.
Zer da larrain dantza?
Bikoteka dantzatzen den Nafarroako dantza bat da, oso zaharra, aspaldikoa, noizkoa den ere ez dakigu. Nafarroako erdialdean eta behe mendietan errotua dago, eta, itxuraz, Lizarran du sorlekua, nahiz eta garai batean galdua egon. Baile de la era esaten diote gaztelaniaz. Nahi beste jendek parte har dezake, eta, normalean, neska eta mutilek bikoteka dantzatzen dute. Oso dantza alaia da, doinu bizia du, eta pauso asko ditu. Euskal Herriarennortasunaren erakusle garrantzitsu bat da. Jendeak oso gustura parte hartzen du, eta herrian arrakasta handia du. Urtetik urtea gero eta jende gehiagok hartzen du parte.
Nola hartu zenuten larrain dantza dantzatzeko ohitura?
Duela 25 urte hasi ginen dantza hori egiten, eta jadanik herriko dantza modura geratu da. Guk antolatzen ditugun jai guztiak larrain dantzarekin amaitzen ditugu, eta jaietan hilaren 25, 26 eta 27an dantzatzen da. Oso giro ona eta euskalduna sortzen du, eta Ermuan oso zaila den arren, larrain dantzarekin plaza betetzea lortzen dugu.
Zer arropa erabiltzen duzue dantzarako?
Ez dago eredu zehatzik, baina Txindurriko dantza taldeak honako arropa hau erabiltzen du: emakumeek gona beltz luzea erabiltzen dute, eta alkandora zuria korapilo beltz batekin. Gizonezkoek, berriz, galtza eta alkandora zuria erabiltzen dute, gerriko gorria, zapi handi bat sorbaldan, eta txapel beltza. Hala ere, jaietan egiten denean, bakoitza bere arroparekin ateratzen da, eta oso polita izaten da.
Edonork dantza al dezake?
Larrain dantzak, lurraldearen arabera, bereizgarri batzuk izaten ditu, nahiz eta ezaugarri komunak nagusitzen diren. Oro har, pausoak nahiko errazak dira, nahiz eta dantza guztian aldaketa asko eduki. Edonork ikas dezake, edonork dantza dezake. Dantza ez dakien jende asko ere plazara ateratzen da, eta guri jarraitzen saiatzen da.Umeek ere parte hartzen dute. Hala ere, Txindurri dantza taldeko monitoreek urtero egiten dute nahi dutenentzat herri dantzak ikasteko ikastaroa. Ez dira oso luzeak, eta oso ongi pasatzen da, jendea animatzea ongi legoke, horrela, jaietan parte hartu ahal izateko.
Irantzu Barrondo. Txindurri dantza taldeko zuzendaritzako kidea
«Larrain dantzak oso giro ona eta euskalduna sortzen du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu