Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken lehiaketa

Larrun, Txindoki, Toubkal

BERRIA-k iaz antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken lehiaketari esker, Toubkalen izan dira Pantxika Irigarai eta Xumai Murua. Aurtengo lehiaketa martxan da jada; irabazleak Cervino itzulia egin ahal izango du.

Toubkal mendiko gailurretik, inguruko mendi elurtuei begira. P. IRIGARAI - X. MURUA BERRA.
Pantxika Irigarai - Xumai Murua Berra
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Joan den udan hasi genuen bidaia, Azkaine eta Zaldibia zaldikletaz lotuz. Bidean zehar idatzitako lerroak BERRIA-rako kontakizun egin genituen udazkenean, Bidaia eta Mendi Kroniken lehiaketan parte hartzeko. Neguan jakin genuen emaitza: Mendiak eta Herriak mendi elkarteak Marokoko Atlas mendilerroko gailurrak igotzera ginderamatzala. Udaberrian izan gara Toubkalen, eta hemendik harakoa kontatuz gatoz, zuek ere aurtengo lehiaketan idaztera animatu asmoz.

Bizikleta zintzilikatu

Zaldiari agur esan diogu abiatu baino lehen. Ez genuen bidaia hau haiek gabe irabazterik, baina ez da haientzako lekurik hegazkinean. Har dezatela deskantsu, uda honetan izango baitute zeregina.

Makila eskuan eta zakua lepoan utzi gaituzte Donostian. Apirileko lehen beroaldiak baliatuz, armairuan egon diren jantzi arin txukunez dabilen jende artean erromesak dirudigu. Hainbestekoa da ematen duten perfumearen usaina, ez zaigula pintxoena topatzea hain erreza izan. Azkenean, Eibartarra ostatuan afari mokadua egin ahal izan dugu, zakuak garagardo upelen gainean aparkatuz. Korrika Trebiñutik abiatu eta Donostiaraino bide egiten ari izanak eragina duela pentsatu dugu, usaian baino euskara gehiago entzuten dugula. Gure entzumenean izanen du eragina beharbada Korrikak, usaian baino euskara gehiago entzuten genuela erran orduko Miarritzeren partida ikustera etorriak ziren errugbizale andana bat bildu da sentsazioak orekatzera, errugbia, ikurrina eta frantsesa nagusi emanaz. Hobe horiek utzi eta hegaldatu, ez euskara ez frantsesa, arabiarrarekin moldatu beharko baitugu. Gida turistikoko hiztegi txikiarekin borrokan aritu da Pantxika autobusaren beha; gero ohartu da ondoko orrian ematen zutela hitz bakoitzaren ahoskera. Goazen Marokora, hangoekin ikastea hobe izanen da.

'Bizmillah'

Bitxia zen Donostian erromes piurarekin ibiltzea, bitxia Madrilgo aireportuan urritz makilak lurrari ateratzen zion talka eta bitxiago handik bi oren gabe Marrakexeko aire bero idorra arnastea. Beharrik Lahcen Bouredda—mendi gidetako bat— zain genuen, Mendiak eta Herriak pankartatxoa eskuan. Soinu eta idazkera ezezaguneko gune hartan euskara izpi bat ikusteak lasaitasuna dakar.

Bizmillah izan da lehen hitza. Autora sartu eta Lahcenek uhala lotu eta motorra piztu baino lehen erraten duen lehena, jainkoari benedikazio eske. Izan ere, Alaren eta beste sinesmen guzien beharra bada oihaneko legeek agintzen duten errepideetan istripu gabe ibiltzeko. Bere Marrakexeko etxera eraman gaitu mendi aldera abiatu baino lehen; te bat hartuz, hobeki lurreratu gara pareta zabalen arteko epeltasunean. Luzatu gabe, autora igo, bizmillah eta abian. Arazo gabe heldu gara Imlilera, Atlasen atarira.

'Ixua'

Kantuan esnatu gaitu lehen egunak. Gailurren artetik eguzki izpiak haran xoko guzietara heltzen ez diren momentu hauetan, trikota soinean ukaiteko giroa da Imlilen. Freskotasun horrek emanak izanen ditu kantuan oilar, txepetx, papogorri eta nik dakit zein txori mota, asto eta mandoek arrantzaka erantzuten dietelarik. Haien artetik, harri xehezko bidean gora, mendiko motoaren harrabotsa ere ederra da.

Ixua, ixua — oso-oso ongi, guk horrela ahoskatu dugu egonaldi guzian zehar — irakatsi digute Lepiney aterpetxean. Ongi baino hobeto egon baikara han hiru egunez. Toubkalera abiatu aitzin motorrak berotzeko beharra baitugu, haranean barna, mandobideak soilik dituzten herrixkaz herrixka ibili gara, trekking guzian zehar gurekin izan dugun Brahimekin. Gida ona bezain sukaldari bikaina. Zaila zaigu lerro hauetan egin diguten harrera merezi bezala eskertzea, lotsa ere ematen zigun denak gure zerbitzura izateak. Zenbat aldiz galdetu digute nola geunden eta guk «ixua, ixua». Zenbat aldiz esan digute «Lasai, arazorik ez», edo «ez kexa, zuek etxera itzuli eta kontaiezue». Ba badakizue, Marokok eta Atlasak interesatzen bazaituzte jo Lepineyra, ez zarete damutuko eta!

'Toubkalakari'

Imliletik (1.700m), Neltznergo aterpetxera (3.400m) igo gara lehenik. Hastapena ongi, mandoa lagun baikenuen. Azken aldapak, aldiz, zakuak bizkarrean egin ditugu, neguko elurrak ez baitira urtuak. Aterpetxera heltzearekin batera zer entzungo eta euskara! Hiru lasartear, trabesiako eskia egitera etorriak. Nabari da ohitura dutela, Errioxako arno ta guzi etorriak baitira. Ezta tragotxo bat bezalakorik indarberritzeko. Gaupasarik ez halere, biharkoa baita handiena.

Aterpetxetik Toubkalerako bidea ez da bilatzen zaila: pendizik makurrena hartu, eta ekin! Mendiko botei hortzak erantsi dizkiegun arren, hortz postizoak brazo gitanoan bezala desagertzen dira. Pausoz pauso poliki igo gara, presarik gabe, hiru pausoko esprintak lau minutuko arnasestua baitakar hemen. Eta azkenean, Toubkal! Gainen gaina gainditu dugu. Korrika Azkainetik egun honetan pasatzen dela oroituz, zakutik banderolatxoa atera eta argazkian hartu dugu. Korrika egiteko ez da lekurik egokiena, baina banderola elurretan pausatu, gainean jarri eta ipurlerra egin dugu! Eskirik gabe, igotzea hainbeste kosta zaizkigun aldapak nolako ziztuan jauts daitezkeen!

Neltznerren bertze gau bat egin dugu, biharamunean Ras igo eta herrixkara itzultzeko. Tramit izan da hemen ikasi dugun hitza, nekatuak garela alegia. Izan ere, ez da halako esperientzia ederrik bizitzerik izerditu gabe! Abiatu aitzin ez genuen guretzako zenik uste, baina ingurune eta jendarte zoragarriak dira. Azken afaria lasartearrak alde batean eta bestean alsaziarrak genituela egin dugu, batzuk Errioxako arnoa eta txorizoa, besteek Alsaziako arnoa eta ttotta, saucisson eta guzi; trikitia falta genuen denak dantzan emateko!

'Zaldikleta'

Ras Ouanukrimdik behera hartu abiadurak ziztuan eraman gaitu Euskal Herriraino, Marrakex eta hango nahasmenaz bi egunez gozatuz bidean. Esperientzia bikaina izan da, eskaini izan ez bazenigute gure kabuz eginen ez genukeena. Oroitzapen ezin hobeekin itzuli gara etxera, uda honetarako Euskal Herriaren itzulia prestatzeko indarberrituak. Milesker zuei, beraz, BERRIA eta Mendiak eta Herriak. Besteek, badakizue, bizi eta kontatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.