Larunbateko Sagardo Egunean, 40 sagardo dastatzeko aukera

Gaurtik hasita irailaren 11 arte iraungo dute Donostiako Euskal Jaiek; Sagardo Eguna eta estropadak dira ekitaldirik jendetsuenakTrontzalariek, dantzek eta erromeriak lagunduko diote Sagardo Egunari

Konstituzio plazan egingo duten Sagardo Egunera 10.000 botila eramango dituzte sagardogileek. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal kulturan oinarritutako ekitaldi asko egingo dira gaurtik hasi eta irailaren 11 arte Donostiako Euskal Jaietan. Sagardo Egunak eta, nola ez, estropadek erakarriko dute jenderik gehien; hala ere, horiez gain, gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua prestatu dute.

Trinitate plazako frontoian jokatuko den esku pilota txapelketak emango die hasiera Euskal Jaiei. Adin eta herri askotako pilotariak lehiatuko dira, gaur hasi eta sei egunez jokatuko den txapelketan.

Horrez gain, Kontxako banderaren gizonezkoen sailkapena jokatuko da, gaur, 18:00etan; bihar, berriz, emakumezkoen garaia iritsiko da, ordu berean.

Sagardo Eguna

Larunbatekoa izango da Euskal Jaien barnean egunik garrantzitsuenetako bat. Goiz osoan, Bulebarreko nekazaritza ekologikoaren azokaz gain, Konstituzio plazan Sagardo Eguna egingo da. Gipuzkoako sagardogile elkarteak antolatutako ekitaldia 11:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Hala ziurtatu du, behintzat, Arantxa Eguskiza Gipuzkoako Sagardogile elkarteko lehendakariak. «Lasai etor daitezela Sagardo Egunera; 10.000 botila ekarriko ditugu, eta 14:00ak arte eskainiko».

Konstituzio plazan biltzen direnek Gipuzkoako sagardotegi gehienetako sagardoa dastatzeko aukera izango dute; guztira, 40tik gora postu egongo dira. Aurten ere, neurrizko kontsumoaren aldeko apustua egingo du Sagardogile elkarteak. «Graduazio txikiko edaria da, freskagarria eta sagarraren ezaugarri asko berekin dituena. Neurriz edanez gero, osasungarria», adierazi du Eguskizak. Sagardoaren txinparta, neurrian aparta, lelopeko informazio buletinak banatuko dituzte basoarekin batera.

Sagardoren lagungarri izango dira bakailao tortilla, txorizoa, gazta eta taloak. Aurreko urteetako ohitura jarraituz, aurten ere bi sagardogile erretiratu omenduko dituzte: Astigarragako Petritegi sagardotegiko Joakin Otaño Goikoetxea eta Adunako Aburuza sagardotegiko Juan Joxe Aburuza Otegi.

Arratsaldean, trontza txapelketa eta euskal erromeria izango dira ikusgai Konstituzio plazan, eta, 22:00etan, Xabi Aburruzagaren folk kontzertua.

Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez, antzerki emanaldiak eta kaleko zinema izango dira aurtengo berritasunik esanguratsuenak.

Antzerkia eta kaleko zinema

Asteartean izango da lehen antzerki emanaldia ikusteko aukera. Saioa Royok eta Jon Martinezek Ispilua izeneko antzezlana interpretatuko dute San Telmo museoko aretoan, 19:00etan. Asteazkenean, berriz, ordu eta leku berean, Xentimorik gabe antzezlanean arituko dira Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak.

Kaleko zinemari dagokionez, Jon Maiaren espedizioaren dokumentala ikusi ahalko da, ostegunean, 21:30ean, Zuloaga plazan.

Beste ekitaldi garrantzitsu bat, larunbatean 22:30ean Trinitate plazan egingo den bertso saioa izango da. Momentuko bertsolari onenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.