Hegazkin pilotua

Ibai Lazkanotegi: «Lasaitasuna ezinbestekoa da hegazkinean edozein egoera gogor gainditzeko»

Hamalau urterekin igo zen lehen aldiz hegazkin batera, eta ordutik argi eduki zuen pilotua izan nahi zuela. Orain, ametsa egia bilakatu du.

Ibai Lazkanotegi, hegazkin baten kabinan, lanean. BERRIA
Ibai Lazkanotegi, hegazkin baten kabinan, lanean. BERRIA
urko iridoy alzelai
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hegan dabil, baina ez da superheroia. Txikitako ametsari eutsi, eta betetzea lortu du: hegazkin pilotua da Ibai Lazkanotegi (Hondarribia, Gipuzkoa, 1999). Haren familiako kide askok itsasoan eman zuten bizitza, baina berak airea aukeratu zuen, eta orain, pilotu kabinan dagoenean, bere lanaz «asko disfrutatzen» du. Txikitatik izan du Hondarribiko aireportua gertu, eta bertako hegazkinak ikusten hazi da, baina, lana dela eta, beste hainbat aireportu ezagutzeko aukera izan du.

Bada beldurrik lurretik 10.000 metrora zaudenean?

Beldurra baino gehiago, presioa sentitzen dugu. Eguraldi txarreko egun batean arazoak sortu eta dena konpontzen denean konturatzen zara benetan zer ardura duzun zeure gain. 200 pertsona inguru garraiatzen ditugu hegaldi bakoitzean, eta, arazoak izan ondoren, badugu denbora lasai pentsatzeko.

Nondik dator pilotu izateko ametsa?

Hegazkinekin ditudan nire lehenengo oroitzapenak Hondarribiko aireportuan dira. Aita eta aitona Dakarren egoten ziren, arrantzan, eta itzultzean Hondarribiko aireportuan hartzen zuten lurra. Ni han egoten nintzen, haiek itxoiten. Esango nuke garai hartan miresmenez begiratzen niela pilotuei; azken batean, haiek ekartzen zituzten aita eta aitona etxera. 

«Beldurra baino gehiago, presioa sentitzen dugu»

Beraz, garai hartatik izan duzu argi hegazkin batean lan egin nahi zenuela?

Ez. Hamalau urterekin igo nintzen lehen aldiz hegazkin batera, gurasoekin oporretara joateko, eta bidaia hartan esan nien pilotua izan nahi nuela. 

Nola bilakatu zara pilotu?

Batxilergoa bukatu nuenean hasi nintzen begiratzen nola egin nezakeen pilotu izateko. Euskal Herrian ez dago aukerarik, eta Espainian bi eskola bisitatu nituen. Azkenean, Bartzelonara mugitu behar izan nuen pilotu ikasketak hasteko. Euskal Herrian ez da ohikoa ikasketa horiek egitea, baina, Katalunian normalagoa da, eta jende askok aukeratzen du bide hori. Halere, eskola guztiak pribatuak dira, eta, normalki, ikasketak hasteko oztoporik handiena ekonomikoa izaten da.

Zein ezaugarri behar ditu pilotu batek?

Ikasketen hasieran behin eta berriz esaten ziguten oso garrantzitsua zela erresilientzia handia edukitzea. Lasaitasuna ezinbestekoa da hegazkinean edozein egoera gogor gainditzeko. Horrez gain, nabarmentzen ziguten gai izan behar genuela gure inguruko egoera aztertu eta kontrolpean edukitzeko. Gure hegazkina ulertu behar dugu, baina kontuan eduki behar ditugu faktore meteorologikoak, beste hegazkinen ibilbideak eta aurrera egiteko bete beharreko pauso guztiak. Gizarte harremanetan iaioa izatea ere funtsezkoa da; azken finean, bi pilotuk elkarlanean kudeatzen dute-eta hegazkina.

Ezaugarri fisikoak garrantzitsuak dira?

Osasuntsu egotea oinarrizkoa da. Beti uste izan da pilotuek ikusmen bikaina izan behar dugula, eta ez da horrela. Noski, muga batzuk badaude, baina tartea ere badago. Bestalde, pilotu bat ezin da daltonikoa izan.

Autoaren gidabaimenaren antzeko zerbait da?

Esan genezake modu batean baietz. Azken finean, baimen bat lortu behar duzu, eta, horretarako, zati teorikoa eta zati praktikoa egin behar dituzu. Hiru baimen mota daude. Lehena, pilotu pribatuaren lizentzia da. Horrekin, hegazkin txikiak gidatu daitezke, baina ezin duzu etekin ekonomikorik atera. Bigarrena, pilotu komertzialen baimena da, eta, orduan, zerbitzua kobratu dezakezu jada. Azkenik, aireko garraio baimena dago, hiruretatik mailarik handiena duena. Hori lortzeko hainbat baldintza bete behar ditu pilotuak: hala nola 1.500 hegaldi ordu egin izana.

Zuk zer baimen duzu?

Oraintxe bigarren baimena daukat, baina espero dut urte bukaerarako azkenekoa lortzea: 100 hegaldi ordu inguru falta zaizkit.

Zer sentitzen duzu airean?

Lan egitea eta gozatzea, bien arteko oreka bat da, nire ustez. Askok uste dute dena pilotu automatikoarekin egiten dela, baina ez da horrela. Airean gaudenean, denbora izaten dugu gure artean hitz egiteko, geroago etorriko diren gauzak prestatzeko, lasaiago egoteko; baina horra iristeko lan egin behar da. Izan ere, gure ogibidean egun bakoitza desberdina da, eta hori oso gustuko dut.

«Oso argi daukagu ardura handia dugula, pertsona asko garraiatzen baititugu; baina presio horrek eragiten badigu, gure lana zailtzen du»

Zailtasunetan lortzen duzu lasai egotea?

Normalki, horrelakoetan hainbeste kontzentratzen gara gure lanean, ezen atzean dugun presioa alde batera uzten dugun. Oso argi daukagu ardura handia dugula, pertsona asko garraiatzen baititugu; baina presio horrek eragiten badigu, gure lana zailtzen du. Normalki, oso prestatuak egoten gara horrelako momentuetarako, urte osoan hegaldi simulazio asko egiten ditugu eta. Gaur egun dagoen teknologiarekin, badakigu hegazkinak ze arazo duen, eta nola konpondu behar dugun.

Hegazkina ibilgailurik seguruena dela diote.

Europan behintzat, dauden neurri guztiak kontuan hartzen baditugu, oso zaila da zerbait gaizki ateratzea. Hegazkineko elementu guztiak bikoiztuak edo hirukoiztuak daude, hau da, batek huts egiten badu, beste batek hartzen du bere lekua. Egunero aztertzen dituzte hegazkinak, dena ongi dagoela egiaztatzeko; motorrak maiz desarmatzen dira, pieza bakoitzak bere iraungitze data dauka, eta, ondo egon arren, aldatu egiten dira...

Ikusiko ditugu noizbait piloturik gabeko hegazkinak?

Nire ustez, guk ez. Asko falta da horretarako, eta oso zaila ikusten dut. Badira saiakerak, bi pilotuetako bat adimen artifizialarekin ordezkatzeko, baina Aire Segurtasuneko Europako Agentziak ebatzi du ez dela segurua. Gaur egun dugun teknologiarekin ez da bideragarria.

LOTSABAKO

Zer nahiago, lur hartzea ala aireratzea? Lurreratzea.

Gustukoen duzun aireportua? Etxekoa, Hondarribikoa. 

Eta lurreratzeko zailena? Istanbulgoa (Turkia).Euskal Herriko txoko bat? Hondarribiko Alde Zaharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.