ATZEKOZ AURRERA. Juancar Bilbao. Muga tabernaren jabea

«Last Tour iritsi zenerako hazi denak ereinda zeuden»

30 urte eman ditu Juancar Bilbaok Muga taberna gidatzen eta ehunka kontzertu antolatzen. BBK Live jaialdia egiten denetik, arlo hori utzi zuen, eta Ekhi txanpon lokala sustatzen ari da.

L.M.G.I.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticek bere azken liga titulua lortu eta hurrengo egunean zabaldu zuen Juancar Bilbaok (Portugalete, 1961) Muga taberna, Bilbon, Unamuno plaza inguruan. 1984. urteko maiatzaren 4a zen, eta egun osoan Athleticen ereserkia eduki zuen jarrita. Baina hurrengo30 urteetan rock musika izan da nagusi tabernan, eta baita Bilboren bizitzan bertan ere. Hainbeste, non, joan den maiatzaren 4an tabernaren eta haren ibilbidea omentzeko, omenaldi bat egin zioten Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan Bilboko hamabost taldek jo zuten. Gau hura erregistratu zuen Monstruito elkarteak, eta joan den igandean aurkeztu zuten, leku berean.

Hogeita hamar urte bete ditu Mugak; Bilbon rockaren ikonoetako bat da oraindik taberna.

Bai, hori esan daiteke. Duela30 urtetik antzeko musika jartzen dugu, eta nik neuk bi mila kontzertu inguru antolatu ditut beste hainbat pertsonaren laguntzarekin.

Ez dira kontzertu gutxi 30 urterako...

Ez. Bilbon maila altuko kontzertuak antolatu ezin zirela uste zenean egiten genuen guk hori. Last Tour [International] iritsi zenerako hazi denak ereinda zeuden. Haiek beste batzuen ideia hartu besterik ez zuten egin. Alde bakarra dago, haiek dirua eta erakundeen babesa jaso zutela.

Last Tourrekin minduta zaude orduan?

Ez, ez. Horrelakorik ez. Oso ondo iruditzen zait jaialdi handi horietako bat egotea. Baina guk beste era bateko kontzertuak antolatzen genituen. Behin jaialdia [Bilbao BBK Live] antolatzen hasi zirenean, kontzertuak antolatzeari utzi nion, galdu behar nuen diru guztia galdu bainuen. Orain beste gauza batzuetan ari naiz buru-belarri.

Esaterako?

Besteak beste, tabernan. Hemen gabiltza oraindik, noizbehinka txarkeria batzuk egiten saiatzen. Ekhi txanpon lokala bultzatzen ari gara, eta nahiago dut nire energia horretara bideratu. Edo musika taldeak beste era batean bultzatu. Nahiko kontzertu antolatu ditut urte hauetan guztietan.

Nolakoa izan da urteurrena zuretzat?

Sekulakoa. Kafe Antzokiko jaialdia batetik, eta Monstruito elkarteak egindako dokumentala bestetik; opari bat izan da hori guztia. Maitasun handiarekin egindako oparia izan da, eta horrek asko betetzen zaitu. Balio izan dit egindako guztia baloratu eta gozatu ahal izateko. Pentsatzen jartzen zara, eta 30 urte igaro dira! Are gehiago, nire itxaropena 30 urtera iristea zen, generamen erritmoagatik batez ere. Eta, begira, orain 53 urte ditut. Eta 30 urte tabernarekin. Urte horietan guztietan badago lotura bat.

Zergatik?

Taberna lehengoa da; sartu ditugu gauza berriak; eskaintza beganoa, adibidez. Musika bera ere, ildo beretik joan da; lerro jarraiki bat izan da. Pozgarria egiten zait kanpora joan den jendeak, etxera itzuli, eta esatea: «Denbora luzez kanpoan egon arren, badirudi atzo egon nintzela hemen».

Bilbo asko aldatu da?

Bai, eta gauza batzuk ez dira zertan aldatu, gainera. Berritasunak sartu behar dira, baina ukitua ematen dien gauzak ez dira aldatu behar. Taberna berriak zabaldu dira, eta modako taberna bihur daitezke. Baina klasiko bihurtzea oso zaila da. Hemen ez da, gainera, tribu zehatzik egon. Punkak, rockerrak, rockabillyak, modak, skinheadak… Denak batera egon dira, eta ez da arazorik egon sekula.

Hori ere ikus daiteke antolatu zenuten jaialdian ere. Denetariko taldeak egon ziren: Gari, Porco Bravo, Luber Jack, Distorsion...

Bai, eta sekulako sorpresa hartu nuen. Nik ez nuen jakin nahi zein taldek joko zuten; lagun batzuk aritu ziren horretan. Nik nekien bakarra zen Garik joko zuela, eta nire koinatua ere bertan izango zela. Hortik aurrera ez nuen ezer jakin nahi izan. Eta sorpresa izan zen, pentsatzen nuelako Bilbon ez dagoela talderik, eta, ikusitakoa ikusita, maila handia dagoela ikusi nuen.

Bada etorkizuna, orduan?

Bai, maila oso ona dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.