Korrikalari ugari dabiltza Donostiako kaleetan barna Behobia-Donostia lasterketa prestatzen. Batzuk ordulariari begira etengabean, bihotz taupadak noiz jaitsiko zain. Beste asko musika irakurgailua eskumuturrean eta entzungailuak belarrietan, indarrak biltzeko inspirazio iturri bila edo.
Azken hilabeteetatik aitzina, kirol jantziak soinean ipini, eta korrika egitera gero eta jende gehiago ateratzen da. Lasterketako hogei kilometroak txukun betetzeko premiak atera ditu kirolariak lozorrotik. Izan ere, festa giroa izango da nagusi egun hartan, eta festa horretaz behar bezala gozatzeko ezinbestekoa da lasterketa ahal den ondoen bukatzea.
Astebete besterik ez baita falta lasterketarako; eta nabaria da korrikalarien joan-etorria Euskal Herriko herri eta hiri askotan. Lasterketaren eguna hurbildu ahala, bide gorri eta espaloiak lasterkariz betetzen joan dira.
Korrikalari bakan batzuk igarotzen dira egunotan Mirakruztik, Pasaiatik Donostiako Gros auzora doan gainetik. Datorren asteko igandean, ordea, lasterkariak besterik ez da ikusiko. Eurak izango dira Behobiatik Donostiarako bidea egiten duen errepidearen jabeak.
Orain inor gutxiren animoak jasotzen badituzte ere, datorren igandean milaka eta milaka lagunen oihuen babesa izango dute. 23.000 korrikalariko tropelak eta haren jarraitzaileek hartuko dute Donostia.
Askotariko jendea dabil korrika egunotan. Gazteak, adinekoak, eskarmentu handikoak, hasiberriak... Batzuk taldeka ateratzen dira, besteak bakarka; erritmo biziz batzuk, besteak motel; kamiseta izerdiz blai ibiltzen dira gehienak, hurrengo iturriarekin topo egiteko irrikaz.
Jon Arese eta Asier Arzelus elkarrekin atera ohi dira entrenatzera.Lasterketa ere elkarrekin egingo dute. Kontua ondo pasatzea dela diote, eta jai giroaz gozatzea.
Agustin Oñatibia, berriz, bakarrik atera ohi da. Eskarmentu handiko korrikalaria da; 25. Behobia-Donostia du aurtengoa.
Bide gorriak bere egin dituzte lasterkariek; txirrindulari eta patinatzaileak gutxiengo dira orain. Oinezkoek ere argi ibili beharra daukate,edozein izkinatan topo egin baitezakete korrikalari izerditsu horiekin.
Gisa horretako lasterketa baterakoentrenamendu bikaina eskaintzen du hiri batean korri egiteak. Erresistentzia lantzeaz gain, jendea saihesten trebatzen dira. Garrantzitsua oso 23.000 mila parte hartzaile dituen lasterketa batean aurrera egiteko.
Plaza giro
Lasterketara bidean
Datorren igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa. Probaren hurbil dagoenez, korrikalariz bete dira Euskal Herriko kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu