Lastur, olajaun eta zezenen pausaleku

Izarraitz mendigunearen magalean dagoen bailara honek balio handiko natura eta historiaz beteriko pasadizoak gordetzen ditu.

2007ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Andutz, Garmendi, Gaztelu, Gaintzipintza, Kalakuz, Arbil eta Lizarreta mendien altzoan sortutako bailara da Lastur. Muino horiek guztiak 500 metrotik gorakoak dira, eta Kantauri itsasoa gertu duenez, herri tradizioak beti uste izan du itsas mailaren azpitik dagoen herri gunea dela Lastur. Baina kontua besterik ez da hori. Sorburu karstikoa duen Izarraizpeko haran hori 150 metroko altueran dago, hiru kilometro eta erdiko luzera du, eta kilometro erdiko zabalera. Udalez Debari dagokio, eta parrokiaz, berriz, Itziarri.

Bailara itsua ere deitzen diote Lasturri. Lur eremu karstikoaren higaduraren ondorioz, dolina, leize-zulo, iturburu eta koba ugari sortu ziren. Nabarmena da hori Lasturko paisaian. Bertan sortzen diren ur korronte gehienak endokarstikoak dira --lurpetik doaz, eta oso gutxi dira azaleratzen diren errekastoak--. Gaztañaga erreka da argia ikusten duen bakarra, eta Lasturko auzunetik pasatzearekin bat, Abeletxe eta Ubitxako ur zuloetan ezkutatzen da.

Karaitza haitz gogorra izanagatik, lurpeko ur azido eta hotzekin higatzen da kimikoki, eta koba handiak sortzen dira mendi barrenean. Litekeena da garai batean leizez eta akuiferoz beteriko inguruak izatea Lasturkoak, eta lurpeko sabai horiek erortzearen ondorioz sortzea egun ezagutzen den Lastur. Bailararen bukaerako lurrak buztinezkoak dira, eta horrek iragazgaitz bihurtzen du ingurua. Izaera horrexek ematen dio bide Gaztañaga errekaren sorrerari.

Izarraitz mendigunearen bukaera denez, paraje horietan sumatzen den lautada da Lastur. Ordoki hori ezinbesteko pasabide bihurtu zen Erdi Aroan, eta horregatik, ez da harritzekoa Elgoibar aldera doan Errege Bidea bertatik igarotzea, Deba eta Urola bailararen gurutzebide bihurtuz. Geografia malkartsu hori dela eta, antzina-antzinatik baliatu du gizakiak lur-eremu hori. Burdin Aroan bertan inguruko makina bat kobatan bizia egon zen: Arbil, Aitzgaizto, Txominenkoba, Koba Zaharra, Gazteluko koba eta Goikola Berri. Ekaingo koba sonatua bera ere ingurumarian dago.



PLAZAOLAKO ERROTAK. Lasturko tabernako buru Bixente Zulaikak bailarari buruzko kontu asko dakizki. Lastur izena bera «zeharo arkaikoa» dela dio: «Zestoako Azkuneren arabera, Lastur izen zelta da. Latz hitzak errekaren bukaera esan nahi du, eta beraz, latz eta ur hitzak elkartuta, ura bukatzen den lekua da Lastur». 1335. urtean Alfonso XI. Espainiako erregeak Mendaro eta Lasturko burdinolei ikatza egiteko foru bat eman zien, baina ordurako, ziurrenik, ikatza egin egingo zuten bertako biztanleek. Foru horren arabera, bi herrigune horietako herritarrek basoetako zuhaitzak moztu zitzaketen egur ikatza egiteko.

Burdin minerala eta egur ikatza geruzetan jartzen zuten bata bestearen gainean, hauspoarekin haizea bota, gero ingudean mailuarekin jo, zepa eta burdina bereiztu, eta burdin hori Europako herrialde askora esportatzen zuten. Lasturko plazan egun dauden bi errotak garai haietan burdinolak zirela nabarmendu du Zulaikak: «Obra handiegia da hori errota soil bat egiteko. Ekonomia handiarekin egindako lana izan zen errotena. Mendiaren egitura baliatu zuten ahalik eta lur gutxien mugitzeko. Gaztañaga errekaren indarra erabili zuten goiko errota martxan jartzeko, eta beheko aldean dagoen presan pilatzen den uraren indarrak artoa txikitu eta arto irina egiteko erabiltzen den mekanismoak jartzen ditu martxan».

Hasierako burdinolak, beraz, artoa txikitzeko errota izatera pasatu ziren. XVI. mendean Europan gosete handia izan zen, eta Zulaikak azaldu duenez, Euskal Herrian errotak ugaritu egin ziren. «Herrialde bakoitzean 500 errota inguru egongo ziren orduan!». Egun Lasturko plazan dauden Plazaolako errotak orain dela 30 urte lehengoratu zituzten, eta asteburuetan martxan jartzen dituzte, bertara hurbiltzen diren bisitariak erroten funtzionamendua nolakoa den jakin, eta arto irina nola egiten den ikusteko.

Lehengo burdinolaren eta egungo erroten bueltan sortu zen Lastur. Ohiko ola herria zen Lastur, Zulaikaren esanetan. «Hemen zazpi etxe ziren, eta zazpi etxe horietatik inork ez dauka lurrik, ez zen nekazari girorik. Uraren erabilera zen nagusi, eta ofizioak liberalak ziren: hasieran basoan aritzen ziren, gero oletan, ondoren harrobian eta bi ile apaindegi ere baziren hemen». Errotek Plazaola izena edukitzea ere ez da kasualitatea. Lasturko plaza oletako eskoriekin egina da, eta hortik eratorri da Plazaola toponimoa.



EUSKAL ZEZENAREN EPIZENTROA. Plaza inguruan daude Lasturko eraikinak. Pare-parean Lasturko taberna dago, Naparranekua eraikinean Lasturko Aterpetxea egiten ari dira, eta ezker aldean, berriz, San Nikolas ermita dago. 1625. urteko zenbait agirik San Nikolas ermitari aipamena egiten diote. Oin laukizuzena du eta harriz egindako ataria dauka.

Orain gutxi, pilotalekua inauguratu zuten, eta lan hori egiten ari zirela probestuz, bolatoki berria egin zuten. Jolas hori «erabat olajaunena» zela dio Zulaikak: « Bola eta birlak egurrezkoak izaten dira. Ohol luze bat jartzen dute, eta inguru guztian buztina. Beraien esku zuten materialekin egiten zuten jolas olajaunek denbora librean». Urte gutxi arte horixe izan da Lasturko jolas ofiziala.

Baina jolasak jolas, zezenekin sesioan aritzea ere oso gustuko izan dute betidanik paraje hauetan. Bertan du jatorria euskal zezenak, larrebehixak izenez ezagunak. Gorrizta koloreko zezen bizkor eta txikiak dira, nabarrak, adarrak tenteak dituzte, eta morfologia berezia. Europako arraza autoktono zaharrena izaki, euskal zezena Uro mitikoaren ondorengoa dela uste da. «Neolito garaiko Uroa etxekotu egin genuen euskaldunok, zakurra eta astoa bezalaxe», zehaztu du Zulaikak.

Eta Lasturrek, eta bere plazak, zezenekin harreman zuzena edukitzeak badu bere azalpena. Ganadua larrean libre ibiltzen da Euskal Herrian, eta elurra eta hotza egiten duenean, behera jaisteko joera du, beheko larreetara. Lasturrek baldintza ezin hobeak ditu ganaduak harrapatzeko, bi mendixken artean dagoelako. « Bi arrazoi nagusi daude Lastur zezenen epizentroa dela esateko: mendien egitura da bata, eta bestea, inguru honetan burdinolak zeudela, eta burdinolak zeudenez, jendea zegoela». Hala, jendeak zezenekin jolas egiteko ohitura hartu zuen Lasturren.

Zulaikak baditu bere usteak euskaldunek zezenarekin duten harremanaz hitz egiterakoan. Espainiaren bi ikur nagusiak zezenak eta flamenkoa direla dio, eta ez bat eta ez bestea ez direla espainiarrenak. «Bi ikur horiek arrotzak dira. Zezenaren tradizioa euskaldunena da, eta flamenkoa, berriz, ijitoena». Zulaikak gogoan du zezenak menditik jaisterakoan sentitzen zuen emozioa. Entzierroa zezenak menditik jaistea da, zezenaren aurretik korrika egin, eta zezenak plazan preso sartzea. «Euskaldunon kultura zezenekin jolastea da. Zezenak hiltzea greziarren, arabiarren eta andaluziarren ohitura da».

Lasturko plaza horixe da azken batean, zezenak biltzeko lekua. Eta egun, ohitura horri eusten diote Zulaikak eta enparauek. Larunbat arratsaldero zezenak plazan askatu, eta txuliaketak egiten dituzte. Gehienetan, bazkari baten ondoren zezenekin jolasera ateratzen diren gazteek hartzen dute parte festan. Arriola-Saka baserriko ganadua izaten da normalean, Saka markesarena. Urte askoan beste behi arraza batzuekin nahastu izan da euskal zezena, batez ere produktibitateari begira, eta horrek arrazaren galera ekarri du. Hala ere, azken urteetan, euskal arraza berreskuratze aldera ari dira lanean.

Bailara osoa kontuan hartuta, berrehun lagun eskas bizi dira Lasturren. 45 etxe inguru daude. Taberna eta San Nikolas ermita --igandero meza nagusia izaten da-- dira gunearen erreferentzia, eta gabezia horien aurrean, Lasturri nortasuna ematen diotenak festak direla zehaztu du Zulaikak. «Lasturrek badauka aparteko afana festak antolatzeko, eta jende asko etorri ohi da festara». Irailaren 10ean ospatzen dute San Nikolas, eta Talo Eguna ere antolatzen dute. Bada, beraz, zer ikusi eta ikasi.

 

LasTurKo GiDa



Nola iritsi: Lau lekutatik irits daiteke bisitaria Lasturrera. Bilbotik zein Donostiatik A-8 autopistatik Itziarrera joan, handik GI-3210 errepidea hartu, eta gero Lasturrera jo GI-3292 errepidetik. Itziartik bost kilometro eskasera dago. Mendarotik, Elgoibartik eta Zestoatik ere ailega daiteke.

Lasturko taberna: Plazaren erdi-erdian dago. Jangela handia du, koadrilak hartzeko aproposa. Telefonoa: 943199033 (Bixente)

Plazaolako Errotak: Erdi Aroko errota hauek asteburuetan jartzen dituzte martxan. Arto irina egiten dute bertan.

Txuliaketak: Larturko plazan askatzen dituzte zezenak larunbat eta igandeetan. Tratua egiteko tabernara deitu beharra dago.

Lotarako: Dozena bat landetxe daude inguruan. Aittola Zar (943815253), Atxuri (943150441), Goikola (943199082), Eleizondo (943199333), Arrasketa (943194071), Donibane (943191554), Errota Berri (943192315) eta Santuaran (943191281), besteen artean.

Aterpetxea: Martxoko azken asteburuan zabalduko dute. 60 lagunentzako lotarako lekua izango du. Lasturko plazan bertan dago. Telefonoa: 943199090 (Maitane).

Ibilaldiak: PR GI-44 ibilaldia da denetan ezagunena. Deba-Lastur-Itziar-Deba bidea egiten du.

Paint-Ball'-a: Lasturko basoetan joka daiteke Paint-ball-ean. Informazioa: www.debaventura.com



 

Lasturko Miliaren kopla zaharretatik, Uztapideren bertso sehaskara



XV. mendearen hasieran dute oinarri Lasturko Miliaren bertsoek, historialariek diotenez. Lasturko Milia anderea Leizaola dorretxean bizi izan zen, baina Arrasatera ezkondu zen beste ola bateko gizon batekin. Milia, ordea, gazterik hil zen. Gaubelean zeudela, Miliaren ahizpak bertsoak kantatu zizkion. Eta ez nolanahikoak. Miliaren ahizparen ustez, alargunak ez zuen ondo zaindu eta maitatu Milia, eta gainera, beste andre batekin ezkontzeko asmoa zuela egotzi zion gizonari.

Koinatuaren jarrerarekin suminduta, lau kopla kantatu zizkion ahizpa bertsolariak Miliari. Honakoa bigarrena da: Lastur-era bear doçu, Milia/Ayta jaunac eresten dau elia/Ama andreac apaynquetan obia/Ara bear doçu, Milia. Beste hau berriz, hirugarrena: Iausi da cerurean arria/Aurquitu dau Lastur-en torre barria/edegui dio almeneari erdia/Lastur-era bear doçu, Milia. Ahizpak, nahi edo ez nahi, Milia Lasturrera eraman nahi zuen, bertan lurperatua izan zedin. Kopla horiek euskarazko bertsorik zaharrenetarikoak direla uste dute adituek.

Bost gizaldi salto egin arren, bertsoak bere lekua izan du Lasturren. Manuel Olaizola Uztapidek ordu asko pasatu zituen Lasturren kantari. Uztapide Endoia auzoan jaio zen 1909. urtean, Zestoan, baina taberna eta bilgunerik gertuena Lasturren zuen. Makina bat aldiz jaisten zen Endoiako muinotik Lasturrera. «Hauxe izan da Uztapideren kultura hiriburua, hau eta Madarixa», azaldu du Zulaikak. 1982. urteko San Nikolas egunean omenaldia egin zioten, eta zortzi bertso idatzi zituen, ordurako kantuan aritzeko gaitasunik ez zuelako. Hona horietako bat: Ezagutzen dut ongi Lasturko zulua/Xoxote inguruko hontzaren ulua/aurrez aurre mendi bat dauka urkulua/gauean jaten bazan nahikua talua/seguratuko zenduan gau guztiko lua. Hurrengo urtean hil zen Manuel Olaizola Uztapide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.